Publicada el Thursday, 21 de March de 2013

Nafarroako Gobernua III. Plan Teknologikoaren emaitzak berrikustera eta IV.a ekainaren 15a baino lehen onestera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako III. Plan Teknologikoaren berrikusketa sakona egin dezan eta azter ditzan Nafarroak zer ahulezia dituen berrikuntzari eta hura ehundura sozioekonomikoan sartzeari dagokionez, eta ateratako ondorioak IV. Plan Teknologikoan isla ditzan”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “I+G+B delakoan egiten den aurrekontu-ahalegina areagotzea, III. Plan Teknologikoan aurreikusitako mailatik abiatuta, eta maila hori pixkanaka areagotzea, termino errealetan, IV. Plana amaitu bitartean”.

Zehazki, premiatzen da “berrikuntza-politiken ikuspegi soziala eta ingurumenekoa indartzera, bereziki kontuan hartuta bilakaera sozioekonomikoak ziurrenik ekarriko dituen aukerak mendekotasunaren gisako alorretan”.

Era berean, eskatzen da “I+G+Baren arloan, enpresarteko elkarlana sustatzera eta indartzera bideraturiko neurri zehatzak” ezartzea.

Gainera, eskatzen da “unibertsitateko, eta bereziki Nafarroako Unibertsitate Publikoko I+G+Ba finantzatzeko aurrekontuetako kontusailak handitzea”. Halaber, eskatzen da “Lanbide Heziketa Zientzia-Teknologia-Industria sisteman egiazki integra dadin, bai eta diziplinarteko elkarlana bultzatzea, bereziki diziplina teknikoen eta giza- eta gizarte-diziplinen artekoa”.

Bestalde, premiatzen da “Nafarroako Foru Komunitatearen menpeko zentro teknologikoetan lehentasuna ematea masa kritikoa areagotzeari, ikertzeko aukerak eta horretarako ekipamenduak handituz, eta ez administrazio-kontzentrazioaren bidetik”.

Azkenik, PPNk hala eskatuta sartu den hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua Nafarroako IV. Plan Teknologikoa “ekainaren 15a baino lehenago” onestera premiatzen da, bai eta “aurretik Parlamentuari haren edukiaren berri ematera” ere.

Bigarren eta hirugarren idatz-zatiak SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek emandako babesarekin onetsi dira. UPNk ez du bozkatu.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatutako ebazpenean aipatzen da ezen Nafarroako III. Plan Teknologikoaren indarraldia 2011n amaitu zela, eta, IV. Plan Teknologikoa 2012ko apiriletik iragarri bazaigu ere, oraindik ez dela argitaratu, eta oroitzea komeni dela ez dela 2011rako aurreikusitako bi helburuetatik bakar bat bete. Izan ere, “ez da BPGdaren % 3ra iritsi ahalegin teknologikoaren arloan (% 2,05) eta Nafarroa ez da 50 eskualde berritzaileenen artean kokatu (73.a da)”.

Ildo horretan, krisiaren “eraginak” kontuan hartuta ere, deigarritzat jotzen da errenta zein berrikuntza mailari dagokionez Nafarroak Batasunean duen postua; izan ere, agerian uzten du antzeko parametroak dituzten Europako beste eskualde batzuek egindako esfortzuari dagokionez “aldea” dagoela.

Hori dela-eta, proposatu duen taldearen arabera, I+G+Bn egiten den ahalegina areagotu egin beharko litzateke. Asmo hori, baina, ez da IV. Plan Teknologikoan jasotzen, arlo horretan “anbizioa murriztu” baita. Izan ere, III. Planean aurreikusitako helburuak “murrizten” dira, bai BPGd-ari dagokionean (3tik 2,35era) bai berrikuntzari dagokionean (50. postutik 70.era). Hori guztia, aurrekontuetan “diru-kopuru gutxiago” esleituz, hain zuzen, IV. Planari 170 milioi bideratzea aurreikusten da, aurrekoari baino 58 gutxiago.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 30. zk., 2013-03-18koa)