Publicada el Thursday, 11 de April de 2013

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 130. artikulua aldatzea onetsi dute

PPNk hala eskatuta, Kontuen Ganberak emandako gomendioak errespetatzen dira eta Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko proiektua Parlamentura igortzeko epea uztailaren 1era aurreratzen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabeko parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk haren aurka emandako botoarekin, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 130. artikulua aldatzen duen Legea onetsi du gaur.
 

Legearen xedea Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko proiektua Parlamentura igortzeko aurreikusitako epea aldatzea da, halako moldez non “urtean urteko uztailaren 1a baino lehen” jasoko den eta ez irailaren 15a baino lehen, orain arte bezala.
 

Hori dela-eta, Kontuen Ganberak emandako gomendioak errespetatuz, zeina “kontuan hartuta eskueran dituen baliabide teknikoak eta itxitako ekitaldiaren finantza-informazioa ahalik eta lasterren lortzeko” beharrari dagokion, Gobernuak proiektu hori onesteko eta igortzeko duen epeak aurreratzea adostu da.
 

Honakoa dio Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 130. artikulua aldatzen duen Legearen artikulu bakarrak:
 

“130. artikulua


1. Nafarroako Parlamentuari dagokio Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onestea,foru lege baten bidez.


2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren ondorioetarako, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak proposaturik, kasuan kasuko foru lege proiektua onetsi eta urtean urteko uztailaren 1a baino lehen igorriko du Nafarroako Parlamentura”.
 

Legea, zuzenean eta irakurketa bakarrean irakurtzekoa, PPNk bultzatu du.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 27. zk., 2013-03-11koa)