Publicada el Thursday, 25 de April de 2013

Nafarroako Gobernua Espainiako Gobernuak onetsi nahi duen toki administrazioaren erreforma arbuiatzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Autogobernuan babesten da zerbitzuak prekarizatuz eta udalen eskumenak zentralizatuz aurreztu nahi izatearen aurka agertzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “errefusatu” egiten duen “toki administrazioaren erreforma, Espainiako Gobernuak onetsi nahi duena, toki entitateen arazoak konpondu beharrean areagotu egiten dituelako; izan ere, udal autonomia murrizten du, eskumen historikoak kentzen dizkie, subsidiariotasun printzipioa urratzen du eta eskumenak zentralizatzen ditu, toki entitateak kontrolatzeko asmo argiarekin”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “defenda dezan gure autogobernua eta, hortaz, toki administrazioaren arloan ditugun eskumenak, eta aurre egin diezaion erreforma honi, gure toki entitateen eskumenak mantenduz, eta bidezko finantzaketa bat eman diezaien, udal zerbitzuak ematen jarraitu ahal izan dezaten ahalik eta baldintza onenetan”.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatutako ebazpenak toki autonomiaren “murrizketa latza” gaitzesten du, izan ere, “finantza-jasangarritasunaren” aitzakian 20.000 biztanletik beherako udal eta kontzejuen eskumenak diputazioen esku edo autonomia erkidegoko gobernuaren esku jarri nahi baititu.

“Zerbitzuak prekarizatuz eta zentralizatuz eta toki entitateei eskumenak kenduz aurreztu nahi izate” horren aurrean, proposatu duen taldeak Nafarroak toki administrazioaren arloan dituen eskumenak babestearen alde egiten du.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 25. zk., 2013-03-01ekoa)