XVII. Eskolarteko Osoko Bilkura
Saioak dibulgaziozko izaera izan du eta Foru Komunitateko sei ikastetxetako 2. eta 3. DBHko 60 ikasleek parte hartu dute
Nafarroako Parlamentuko Lehendakari den Alberto Catalánek Mahaiko gainontzeko kideekin batera, XVII. Eskolarteko Osoko Bilkuraren ospakizuna buru izan du gaur. Saioak dibulgaziozko izaera izan du eta Foru Komunitateko sei ikastetxetako 2. eta 3. DBHko ikasleek parte hartu dute.
Ganberaren lehendakari den Alberto Catalán-ek saioa mintzaldi labur batekin hasi du. Gaur Osoko bilkuren Aretoa hartu duten 60 ikasle baino gehiagori zuzenduta, Alberto Catalán-ek baieztatu du “gazteentzat eta herritar guztientzat interesgarriak diren bi gairen inguruan zuen iradokizun eta ideiak eskain diezazkiguzuen deitu zaituztegu”.
Halaber, ekimen honen bidez “hitz egitera, eztabaidatzera, ezagutzera, besteen iritziak errespetatzera, eragiten diguten gaietan parte hartzera eta gehiengoaren adostasuna piztu duena erabakitzera” ohitzera bultzatu ditu, “gure gizartean beharrezko diren trebetasunak baitira”.
Jarraian, eztabaidari eta gai-zerrendako bi gaien inguruan planteatutako ebazpen-proposamenen bozketari ekin zaio: “Gazteen erantzukizuna eta dibertsioa” eta “Langabezia eta krisia”.
Gazteen aisialdiari dagokionez, Ainhoa Zabalzak, B.H.I. Eunateren bozeramaileak, “autogestioaren” alde egin du gazteentzako erakargarriak diren jarduera gabeziari aurre egiteko modu gisa, izan ere, gazteek ez dituzte “udal lokalak haien aisialdirako beharrak betetzeko leku gisa ikusten”. Programazio publikoaren determinismo eta gabezien aurrean, “euskararen presentzia posiblea den gaztetxeetako kooperatibismoaren, borondatezko lanaren eta talde lanaren alde egiten dugu”. Horregatik guztiagatik, gazteei “lokal publikoak eta haiek kudeatzeko laguntzak ematea” eskatzen dute.
María Garcíak (Ibaialde B.H.I.) onartu du “gure gurasoek baino askatasun eta disfrutatzeko aukera gehiago ditugu, baina horrek ez du esan nahi ongi baliatzen ditugunik. Denbora izan badugu, baina biltzeko egokiak diren espazioak eta gure gustuetara egokitutako programazio eskuragarria falta ditugu. Dibertsio osasungarri baten aldeko apustua egiten dugu, alegia, alkoholaren eta drogen kontsumo arduragabetik urrun dagoena, bai eta teknologia berrien erabilera kaltegarritik urrun ere, cyber-jazarpena dagoeneko arazo larria baita eta, aurrekoak bezala, informazioa eta prebentzioa behar baititu”.
Pablo Baquedanok (Santa Luisa de Marillac) “atseden aktibora eta garapen pertsonalera” bideratutako aisialdia eskatu du, hau da, “teknologien gehiegizko erabileratik eta sustantzia estupefazientetatik urrun dagoen aisialdira; izan ere, horiek, internetak eta alkoholak bezala, helduak ere salbu ez dauden errealitate suntsitzaile bat osatzen dute. Horregatik, aisialdirako dugun denbora era sortzaile eta osasungarrian erabiltzeko, biltzeko espazioak, diru-laguntzak eta elkarlana saritzen duen boluntario txartel bat eskatzen dugu”.
Leyre Jiménezek (Hijas de Jesús) “eskolako etxerako lanak pilatzeak denbora libre falta eta estresa eragitea” deitoratu du eta “drogak maiz kontsumitzeak eta sare sozialei denbora gehiegi eskaintzeak sortutako jarduera arriskutsu eta bandalikoak” gaitzetsi ditu. Joera horiei aurre egiteko eta aisialdirako ohitura txarrak zuzentze aldera, “kirol eta kultur ekintza gehiago antolatzeaz gain, kontzientziazio kanpainak egitea” proposatu du.
Carmen Díezek (Miravalles-El Redín) batzuentzat gazte izate hutsak “errebeldia” eta “oharkabetasuna” dakarrela esan du eta, ildo horretan, kontsumismotik, mugarik gabeko alkoholetik eta komunikabideek eta iragarkiek inposatutako modetatik urrun” dagoen aisialdi baten alde agertu da. “Gaztea izatea ez da jarritako mugak gainditzea, ideal handien eta etorkizunerako proiektuen garaia da, horregatik, komenigarria da gazteentzako jarduera solidarioak eta borondatezko jarduerak bultzatzea, kirol eta kultur ohiturak bultzatzea eta horretarako lokal berezituak egotea”.
Maite Escobések (Elortzibar B.H.I.) dibertsioaren esparruan aplikatutako “joera suntsitzaileak” irrigarri jarri ditu. Izan ere, badirudi “dirurik gabe ongi pasatzeko aukerarik ez dagoela. Ohikotasunetik ihes egiteko espazio publikoak, teknologia berriekiko menpekotasun gutxiago, betebehar akademiko gutxiago eta prezio eskuragarriagoak behar dira. Hau da, errespetuzko aisialdi osasungarriari dagokionez, kirol eta entretenimendu gehiago; hori, baina, gazteen beraien konpromisorik gabe lortzeko zaila da”.
Parte-hartzeak bukatutakoan, ebazpen-proposamenak bozkatzeari ekin zaio. Bozketaren emaitza, dibertsio osasungarriaren aldekoa (53 boto alde, 4 kontra eta 8 abstentzio), Parlamentuko Mahaiaren idazkarietako batek adierazi du.
Bigarren eztabaida gaiari dagokionez, alegia, langabezia eta krisiaren eragina, Maider Orozek (Eunate B.H.I.) “krisiak, langabeziak eta murrizketek” haien bizitzan duten eragina azpimarratu du, izan ere, “etxeko eta ikastetxeetako giroa ez da ona, azken horietan hezkuntzaren kalitatea jaitsi baita. % 27,2ko langabezia tasa dago, egoera oso larria da, gauzak okerragora doaz. Diru-laguntza gehiago behar dira,bai eta kalitateko janaria ziurtatzeko laguntzak ere. Gainera, diru-sarrerarik ez dutelako prestakuntza nahikorik jaso ezin duten ikasleei eskolaz kanpoko laguntza ematea beharrezkoa da”.
Salvador Errok (Ibaialde B.H.I.) bere klasean hamaika nazionalitatetako gelakideak daudela esan du eta aitortu du “krisiak zuzenean eragiten diela, bai hezkuntzaren kalitatearen jaitsierarengatik eta baliabide faltagatik, bai gure gurasoak pairatzen ari diren langabeziagatik. Denboran atzera egin dugu, orain familia dirudunetako ikasleek soilik ordaindu ahal izango dituzte goi-mailako ikasketak. Krisiak gutxiengo ahaldunaren eta geroz eta txiroagoa den gehiengoaren arteko aldeak nabarmenagoak egiten ditu. Ongizatearen estatua eskaini ordez, negozioak ixten dira, osasuna eta menpekotasuna pribatizatzen dira, hipoteka ordaintzeko modurik ez duen jendea kaleratzen da … Zein da gure etorkizuna? Hau guztia bidegabea da. Erakutsi erakundeetan konfiantza izan daitekeela”.
Estíbaliz Nuinek (Santa Luisa de Marillac) “baliabide ekonomikorik gabeko pertsona eta familien tragedia leunduko duten epe laburrerako neurriak eta historian zehar zailtasun handiz sortutako enplegua suntsitzen duen lan-sistema berregituratuko duten epe luzerako neurriak” eskatu ditu. Neurri irudimentsuen bidez inbertsio publikoa sustatu beharko litzateke, bai eta ikerkuntza eta garapenarekin, eta are Espainia barruan eta nazioartean merkatu berriak bilatu ere”.
María Mercedes Sagüések (Hijas de Jesús) “prestakuntza akademiko ona duten gazteen heren batek lanik ez duela edo gaizki ordaindutako lana duela” ikusten duen belaunaldi batek izango duen etorkizuna nolakoa izango den galdetu dio bere buruari. “Bekei dagokienez egindako murrizketak eta familien diru eskasiak dagoeneko mugan dagoen egoera are gehiago kaltetzen du. Hezkuntza sistema zaharkitua geratu da. Horrek guztiak, herritarren oinarrizko eskubideak ez betetzea dakar. Diru beltza eta ustelkeria kontrolatu, errentaren araberako murrizketak aplikatu eta energia berrietan inbertitu beharko litzateke, eta beharrezkoak ez diren eraikinak saihestu, adibidez, Navarra Arena pabilioia”.
Joaquín Díazek (Miravalles-El Redín) bere ustez krisia eragin duten arrazoiak aipatu ditu, besteak beste, “higiezinen burbuila, egituraren desoreka, ezkutuko ekonomia eta zergak saihestea. Eragile horiek guztiak ia % 57koa den gazteen langabezia tasa baten atzean daude. Hori dela-eta, joera hori zuzentzeko, hezkuntza sistema dual bat proposatzen dugu, alemanaren antzekoa, ikasketak lanarekin konbinatzen dituena, bereziki LHn.
Aurrekoen ildo berean, Ibon Armendárizek (Elortzibar B.H.I.) baieztatu duenez, “kasu askotan haien aukeren gainetik bizi zen pertsonaz osatutako gizarte aberats batetik gure kaleetan behartasun gorria ikustera igaro gara. Ekonomia geldirik dago. Pezetara bueltatzea, BEZa murriztea, politiko ustelak ordezkatzea, dirua zuritzeagatiko zigorrak handitzea, beharrezkoak ez diren proiektuetan ez inbertitzea eta lan egiteko ikasketak utzi zituzten horiei ikasgeletara bueltatzea erraztea proposatzen dugu”.
Mintzaldiak bukatutakoan, ebazpen-proposamenak bozkatzeari ekin zaio. Bozketaren emaitza, kasu guztietan krisiaren eta langabeziaren ondorioak leuntzera zuzenduriko neurriak hartzearen aldekoa (54 boto alde, 8 kontra eta 2 abstentzio), Parlamentuko Mahaiaren idazkarietako batek adierazi du.
Jarraian, lehendakariak “ikasleak eta irakasleak” saioaren emaitzarengatik zoriondu ditu, bai eta “egindako lan bikainagatik ere, izan ere, taldean esfortzuaren isla izateaz gain, ikastetxeen inplikazio eta konpromisoaren isla ere bada. Gainera, bozeramaileak berariaz zoriondu ditu oholtzan erakutsitako “trebetasunengatik, errespetuzko tonu eraikitzailea erakutsi baituzue”. Azkenik, saioa amaitu du.
“Ziur nago parlamentariek hemen esandakoa oso kontuan hartuko dutela, ez baitugu ahaztu behar erakunde honen xedeetako bat herritarren arazoak eta kezkak ezagutzea eta haiekin harremanetan egotea dela, bai eta, zuek bezala, oraindik bozkatu ezin duzuen arren, ukitzen zaituzteten horri buruz esateko asko duzuen horienak ezagutzea ere”, amaitu du lehendakariak.
Hona hemen XVII. Eskolarteko Osoko Bilkuran parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda (hamarna minutuz): B.H.I. Eunate (Iruña), B.H.I. Ibaialde (Burlata), B.H.I. Elortzibar (Noain), Santa Maria Luisa de Marillac ikastetxea (Barañain), Hijas de Jesús ikastetxea (Iruña) eta Miravalles-El Redin ikastetxea (Iruña).