Publicada el Thursday, 23 de May de 2013

Taxiari buruzko Foru Legea aldatzen duen Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Nafarroako zerbitzua hobetu nahi da, horretarako Foru Komunitateko araudia Bide Segurtasunari buruzko lege berrira egokituz eta legez kanpoko jarduera esetsiz

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta Aralar-Nabairen abstentzioarekin, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako Foru Lege proposamenaren xedea da Foru Komunitateko araudia 2010eko maiatzean indarrean sartu zen Bide Segurtasunari buruzko Lege berriaren “berariazko zehaztapenetara egokitzea eta Nafarroako taxi zerbitzua hobetzea”.

Arauak zenbait alderdi eguneratzen ditu, besteak beste, lizentzien baimenak, langile kontratatuekin zerbitzuak egitea, ibilbide-liburua, ibilgailuak berritzea eta zehapen-araubidea.

Baimenari dagokionez, lizentziaren baliozkotasun baldintzak urtero berrikusteari utzi nahi zaio, zertarako eta “zerbitzua ematen den lurralde-eremuan eskuduntza duten udal edo toki entitateen araudietan xedatutakora” egokitzeko.

Bestalde, bi urtean luzatu nahi da ibilgailuen bizitza baliagarria, halako moldez non zortzitik hamar urtera luzatuko den, baina beste bi urtez ere luzatu ahalko den, udaleko edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitateko kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera.

Era berean, testuak baimena ematen die ibilgailu egokitua duten titularrei gurpil-aulkien erabiltzaileak garraiatzeko taxi zerbitzuak egiteko jatorria edo helmuga dutenean ibilgailu egokituetarako lizentziarik ez duten udalerri edo baterako zerbitzurako eremuetan. Zerbitzu horiek, zehazten denez, ibilbide-liburuan jaso beharko dira.

9/2005 Legea aldatzearen beste xedeetako bat da zehapen-araubidea aldatuz taxi piraten jarduera esestea, alegia, bidaiariak garraiatzeko erabiltzen diren eta nahitaezko lizentzia edo baimenik ez duten eta normalean prezio baxuagoak eskaintzen ez dituzten ibilgailuak esestea.

Besteak beste, legez kanpoko jarduera hori egiten duen ibilgailua “berehala geraraziko” dela jasotzen da, isuna ordaindu arte, zeina 2.600 eurorainokoa izan litekeen.

Neurri horiekin guztiekin krisiaren eraginez % 35 inguru murriztu den sektore baten egoera leundu nahi da.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2013-04-09koa)