Publicada el Thursday, 27 de June de 2013

Nafarroako Gobernua Hiesaren Batzorde Teknikoa berriro abian jar dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Prebentzio eta sentsibilizazio lanak bultzatzera premiatzen da, eremu horretan aritzen diren erakundeei beharrezko finantzazioa esleituz

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, PPNren abstentzioarekin eta UPNk haren aurka emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “HIESari buruzko Batzorde Teknikoa berriro abian jar dezan, arlo honetan lan egiten duten departamentu, unitate eta GKEen koordinazio gune gisa”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “prebentzio eta sentsibilizazioaren eremuan eragiteko kanpaina bat egin dezan, beharrezko baliabide ekonomiko eta materialak esleituz”. Idatz-zati horrek eta hurrengo biek UPNk haren aurka emandako botoarekin eta gainerakoak haren alde emandakoarekin egin dute aurrera.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen den “sexu-heziketa eta orientazioa susta dezan, modu integralean, dagokien departamentuen parte hartzearekin eta ekimen zehatzak abiatuz. Esaterako, hezkuntza eta osasun arloko profesionalendako formazio egokia eskainiz”.

Bestalde, Parlamentuak “HIESaren prebentzioan eta interbentzio zuzenean lanean ari diren GKEen lanaren garrantzia berresten du, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du erakunde hauek beren jarduna burutzeko beharrezko duten finantzazioa berehalakoan berma diezaien”.

Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpena orain dela gutxi egindako bisiten eta lan saioen edukiari dagokio eta, ildo horretan, Comisión Ciudadana Anti-Sida elkartea gidatzen zuen koordinazioa berreskuratzearen alde egiten du.

Horrez gain, eskatzen da prebentzio eta sentsibilizazio arloan kanpainak egitea, “1997. urtetik ez baitira egiten”, hartara, “arrisku-jardunez” ohartarazteko, gaixotasunaren “desestigmatizatzen” laguntzeko eta GKEen lana errazteko, “nahikoa finantzazio ez izateaz gain”, Gobernuak “ardura uzten duen” eremu batean aritzen baitira.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 46. zk., 2013-05-06koa)