Publicada el Thursday, 27 de June de 2013

7/2009 Foru Legea aldatzea onetsi dute, zeinak zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen % 0,7 arautzen duen

Deialdiak lehiaketa askeak izanen dira. Deialdiei eta haien ebazpenei epeak jartzen zaizkie, proiektuak datorren urteko urtarriletik aurrera burutu ahal izan daitezen

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen % 0,7 arautzen duen 7/2009 Foru Legea aldatzen duen Legea.

7/2009 Foru Legeak esleipen hori arautzea du helburu; hartara, “foru komunitatearen esparruan ‘bestelako gizarte xedeak’ kontzeptua definituz, 0,7an barne hartutako kopuruen azken helburuak zehazteko”. Lehen, kopuru horiek Foru Ogasunean zuzenean eragiten zuten beste diru-sarrera bat gehiago bailiran.

Talde guztiek eta atxiki gabekoek bultzatu duten aldaketaren xedea deialdiei (lehiaketa askeak) eta haien ebazpenei epea jartzea da, halako moldez non gizarte entitate onuradunek haien proiektuak hurrengo urteko urtarriletik aurrera burutu ahal izan ditzaten.

Horrez gain, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuak eta gizarte entitateek deialdi horien bidez diru-laguntzak jasoko dituzten esku-hartze ildo nagusiak zeintzuk izanen diren adostuko dute. Ondoren, Gizarte Ongizatearen Nafarroako Kontseiluari eta Ingurumenaren Nafarroako Kontseiluari helaraziko zaizkio haiek ezagutu eta onetsi ditzaten.

Bestalde, % 0,7 funtsa jasotzen dutenen interes taldeak urtero birdefinitzeko beharra jasotzen du, halako moldez non esleipena unean uneko egoerara egokitu ahal izanen den. Ildo horretan, xedatzen da ezen diru-laguntzarik ez duten langabetuen babesean eta Norberaren autonomia sustatzeari buruzko Legearen garapenean lan egiten duten esku-hartze taldeek 5 urteko indarraldia izanen dutela, lehenengo kasuan, egoeraren araberakoak izateagatik eta, bigarrenean, Norberaren autonomia sustatzeari buruzko Legea hasieran abian jartzeagatik.

Xede horrekin, 4. bis artikulu berri bat gehitzen da eta 7/2009 Foru Legearen 6. artikulua aldatzen da. Honela idatzita geratzen dira:

4. bis artikulu berria:

“a.- Hiru hilabeteko epean, urte bakoitzeko errenta kanpaina bukatu eta gero, gizarte entitateentzako diru-laguntzetarako deialdiak onetsiko dira. Aipatu deialdiak urtea bukatu baino lehen ebatziko dira, hurrengo urteko urtarriletik aurrera exekutatu ahal izan daitezen.

Aldez aurretik, Nafarroako Gobernuak eta gizarte entitateek deialdi horien bidez diru-laguntzak jasoko dituzten esku-hartze ildo nagusiak zeintzuk izanen diren adostuko dute. Ondoren, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluari helaraziko zaizkio haiek ezagutu eta onetsi ditzaten.

6. artikulua aldatua:

“1.- 3.artikuluko 2. esku-hartze taldea (diru-laguntzarik gabeko langabetuak) eta 4. esku-hartze taldea (Norberaren autonomia sustatzeari buruzko legearen garapenerako babesa) 5 urteko indarraldia izanen dute, egoeraren araberakoa izateagatik eta Norberaren autonomia sustatzeari buruzko legea hasieran abian jartzeagatik.

2.- 2014ko ekitalditik aurrera, Foru Lege honek arautzen duen funtsaren esku-hartze talde onuradunak berrikusiko dira. Talde berrien onespena foru agindu bidez eginen da, aldez aurretik Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak aldeko irizpena emanen du. Dekretua funtsaren zenbatekoa argitaratu den dataren aurretik onetsiko da”.

Araudian egin den aldaketa hori iragan maiatzaren 28an egindakoari batzen zaio, SNk hala eskatuta, 2. artikuluan idatzitakoa berreskuratu baitzen. Horrela bada, berriz ere zehaztu zen funts horren zenbatekoa “soilik erabiliko ahalko” dela Nafarroako GKEek eta elkarteek laguntza-xedeetara eta nazioarteko garapenerako lankidetzara –“estatuaren ekarpenaren bidez finantzatzen ez direnetara” – bideratutako lana finantzatzera.

Era horretan, idatz-zatiaren hasierako aginduzko izaera (“soilik erabili ahalko da”) berreskuratzen da. Izan ere, 2012ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 19/2011 Foru Legean gehitutako xedapenaren bidez borondatezkoa bihurtu zen (“erabili ahalko da”).

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 59. zk., 2013-06-03koa)