Juan Viscarret-en erakusketa antologikoaren inaugurazio ekitaldia
Erakusketak 35 margolan espresionista biltzen ditu. Haietan, oroitzapen nafarrek Venezuelako estetikarekin bat egite dute, hain zuzen, Juan Viscarret 36an erbesteratua izan zenetik hil zen arte Venezuelan bizi izan zelako
Parlamentu buruak, Alberto Catalánek, Juan Viscarret (Iruñea 1910 – Caracas 1990) margolari nafarraren erakusketa inauguratu du gaur. Erakusketa 35 ohitura margolanen bilduma da eta bi alditan banatzen da. Lehenengoan, 1936an erbesteratua izan zen arte artistak Nafarroan margotu zituen lanak jasotzen dira. Bigarrenean, aldiz, Venezuelako paisaiak jasotzen dira, bereziki Merida estatukoak (Venezuelako Bolibartar Errepublika).
Ekitaldia Ganberako Atarian egin da, eta Maite Esporrín eta Koldo Amezketa Mahaiko idazkariak, José María Muruzábal erakusketako komisarioa, Javier Viscarret artistaren semea eta Javier Morrás Lehendakaritza, Justizia eta Barne Kontseilaria bertaratu dira. Iruñeko Santa Teresa eskolako ikasleak ere bertan izan dira.
Nafarroako Parlamentuak antolatu duen erakusketa honen helburua margolaria ezagutzera ematea da, Gerra Zibilaren ondorioz Venezuelara alde egin behar izan baitzuen. Bertan oso margolari ospetsu bihurtu zen eta Merida Hiriko Artisten parkean monumentu bat eraiki zuten bere ohorean.
Hala adierazi du Alberto Catalánek inaugurazio ekitaldian eman duen hitzaldian. Juan Viscarreten ibilbide pertsonalari eta profesionalari buruz hitz egin du: “Milaka kilometroko distantziara bazegoen ere, sorlekuarekiko lotura guk bezainbeste edo gehiago sentitzen duten nafar askotarikoetako bat izan zen. Eta ekitaldi honetan, artista paregabea izan zen pertsona ospetsu honi esker, emigrante nafar guztiak gogora ekarri ditugu”.
Amaitzeko, Catalán Juan Viscarreten margolanen omenaldiari eta sustapenari buruz aritu da: “Gaur egun Nafarroan margolaritza garaikidean dugun egile garrantzitsuenetako bat da. Bere margolanetan paisaiak dira nagusi, eta bertan, Viscarret hartu zuen Venezuelako ezaugarriak eta artistaren sorlekuko ohiturak konbinatzen dira”.
José María Muruzábalek, Nafarroako margolaritzan eta eskulturan aditua eta erakusketako komisarioak, ekitaldira bertaratu direnak “ahaztuta dagoen margolari paregabe honen lana gogoratzera” bultzatu ditu: “Nafarroako artea eta margolaritza zorioneko daude Juan etxera itzuli baita. Nafarroan egin zuen azken erakusketa 1933an izan zen, duela 80 urte, eta Diputazioaren Jauregian egin zen. Gaur Parlamentura itzuli da, eta azkenean, Nafarroako arteak berarekin zuen zorra kitatu du”.
Javier Viscarretek, margolariaren semeak, Parlamentuari eskerrak eman dio agertutako interesagatik, eta bere aitaren lana eskaintzeaz “oso harro dagoela” onartu du: “Berari erakusketa hau bizitzea eta ikustea gustatu izango zitzaion. Hark sorlekua beti gogoan izan zuen, agian, Andeetako herrialdean bere aberriaren antza zuen paisaia aurkitu zuelako”.
‘Juan Viscarret 1910-1990’ erakusketak 35 margolan espresionista biltzen ditu. Bertan oroitzapen Nafarrek Atlantikoaren bestaldeko estetikarekin bat egiten dute. Jendeari irekia egongo da Ganberaren egoitzaren Atarian apirilaren 30era arte, 10etatik 20etara, astelehenetik ostiralera.