Publicada el Thursday, 12 de June de 2014

Hiri garraioari buruzko legea aldatzea onetsi dute

Finantzazioaren %65a gobernuaren esku geratuko da; baina ez du Garraioari buruzko plana onetsiko, UPrS baten bidez hobetuko baita

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin, PPNren abstentzioarekin eta UPNk haren aurka eman duen botoarekin, Iruñerriko Bidaiari-garraio Erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 legea aldatzeari buruzko foru legea onetsi du gaur.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztu duen proposamenaren xedea tarifen diru-sarrerek edo zerbitzuari dagozkion beste irabazkinek asetzen ez duten finantzazioaren kostuen banaketa aldatzea da (iragarkiak, babes laguntzak edo bestelakoak), halako moldez non zenbateko horren % 65a Foru Administrazioak ordaindu beharko duen eta gainerako % 35a udalek.

Garraiorako Plana aldatzen edo eguneratzen ez bada, automatikoki luzatu dela joko da, Nafarroako KPIari dagokion igoerarekin. Eta luzatzetik eratortzen diren ekarpenak nahikoa ez badira, Administrazioaren eta udalerrien parte-hartzea proportzio berdinean egokituko dira, luzatzen den planaren azkeneko ekitaldirako ezartzen denari jarraiki.

Zuzeneko diru-sarrerei dagokienez eta garraiobide publikoen “erabilera masiboa” bultzatuz “diru-bilketa gaitasuna handitze” aldera, txartelaren kostua mugatzea adostu da, halako moldez non zerbitzuak era horretan izango duen finantzazioa “ez dadin inoiz % 50 baino handiagoa izango”.

Tarifaren politikak Gizarte Bono bat jasoko du, Gizarteratzearen errentaren taulak erreferentzia izango dituena, alegia, Nafarroako Gobernuak “gizarteratzearen eta gizarte bazterkeriaren arteko muga ezartzeko” egiten dituena. “Langabezia eta lan eskasia direla medio, egoera berri hori kontuan hartu beharra dago”.

Testuinguru horretan, “kostuak murrizte” aldera eta aldi berean zerbitzua “nabarmen hobetze” aldera, kudeaketa optimizatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak (trazadurak, ibilbideak, geltokiak, abiadura, berariazko errailak, etab.) jasoko dituen UPrS bat gauzatzea arauan sar dadin erabaki da.

UPrS hori legea indarrean sartzen denetik urtebeteko epean zerbitzua kudeatzen duen entitatearekin adostu beharko da eta onetsi ondorengo bi ekitaldietan aplikatu beharko da, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontu.

Gainera, berariaz Mankomunitateari esleitzen zaio zerbitzua “kudeatzeko eta ordenatzeko” konpetentzia, era horretan, Iruñerriko Hiri Garraioaren Plana onesteko Gobernuaren aginpidea kenduz, soilik Mankomunitatearen esku geratuz, beste eduki batekin.


Onetsi aurretik eta “ekarpenak” egin ahal izateko, Mankomunitateak plana Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari “jakinaraziko die, gehienez ere hilabeteko epean”. UPN eta PPN prozedura horren aurka agertu dira, haien ustez “ez baitu zentzurik zerbitzuaren zatirik handiena finantzatzen duen administrazioak plana diseinatzeko eta adosteko prozesuan parte-hartu ezin izateak”.


Baieztatzen denez, plan horrek garraiobide publikoarentzat lehenesten diren ibilbide eta bide-sareak egiaztatuko ditu eta zerbitzuaren etorkizuneko planifikazioari begira egoki irizten diren aldaketak proposatuko ditu.


Ildo horretan, udalek garraiobide publiko “eraginkor, efiziente eta eskuragarriak” sustatu eta bultzatu beharko dituzte espazio eta elementuen erreserba zein diseinu egokiak barne hartuko dituen hiri-planifikazio egoki baten bidez, 2015ean zehar egin beharreko UPrSan xedatzen den moduan.


Eskualdeko hiri garraioa (TUC) Iruñeko udalaren hiri garraiorako zerbitzua ematea, kudeatzea eta finantzatzea, COTUPek betetzen zuena, eta Foru Komunitateko Administrazioaren hiriarteko garraioaren zerbitzuak, gehien bat Montañesak betetzen zituena, bateratzetik sortu zen; 1999tik aurrera bi zerbitzuak batzen dituen 8/1998 Foru Legea promulgatu aurretik.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 132. zk., 2013-11-15ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 49. zk., 2014-04-04koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 69. zk., 2014-05-29koa)