Publicada el Thursday, 26 de June de 2014

Generoko indarkeriari buruzko azterlan bat egin dadin eskatzen duten bi ebazpenak onetsi dira

PPNk eta SNk hala eskatuta eta 2014rako Gizarte Politiken arloaren helburu nagusien esparruan, horien artean alor horri buruzko plan estrategiko bat eta lege berri bat

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “diziplina anitzeko azterlan bat egitera, aztertze aldera zer arrazoi zehatz egon litezkeen Nafarroan erretiratutako salaketen kopurua hain handia izateko”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “azterlanaren ondorioak jasotzera generoko indarkeriari buruzko foru lege berria eta arloari buruzko plan estrategikoa taxutzeko prozesuan”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “azterlanaren ondorioak ikusita, generoko indarkeriaren biktimei laguntze aldera Nafarroan aplikatzen den jarduketa koordinatuaren protokoloa berrikustera, kasua bada”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen ebazpenak Generoko eta etxeko indarkeriaren aurkako Behatokiak eman zituen datuak aipatzen ditu, non baieztatzen den, Nafarroa salaketa gutxien aurkezten diren erkidegoa den arren, generoko indarkeria dela-eta aurkeztutako salaketa gehien erretiratzen den erkidegoa dela. Joera hori 2008 eta 2013 artean mantentzen da.

Horregatik, Nafarroako Probintzia Auzitegiko lehendakari eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren Generoko eta etxeko indarkeriaren aurkako Behatokiko adituen taldeko kide den Esther Ericek egindako proposamenarekin bat etorriz, diziplina anitzeko azterlan bat egitea eskatzen da, aztertze aldera zer arrazoi egon litekeen erretiratutako salaketen kopurua hain handia izateko.

Proposatu duen taldearen ustez, Ericeren proposamena, Parlamentuaren lan bilera batean sortu zena, Gizarte Politiketako kontseilariak proposatutakoarekin bat dator, izan ere, haren departamentuaren helburu nagusi gisa eman baitzituen generoko indarkeriari buruzko plan estrategikoa taxutzea eta foru lege berri bat idaztea.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 57. zk., 2014-04-22koa)

Nafarroako Gobernua generoko indarkeriari buruzko azterlan bat egitera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Eragiten duten faktoreak ezagutze aldera, eta dauden egiturazko arrazoiak ezagutzeko eta horiei aurre egiteko behar diren baliabide publikoak berma ditzan

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “azterlan enpiriko bat egin dezan, zehaztasun handiagorekin ezagutu ahal izateko generoko indarkeriarekin zerikusia duten faktoreak; besteak beste, zer arrazoi egon daitekeen aurkeztutako salaketak erretiratzearen atzean, zer jarrera eduki ohi den nerabezaroan, zer eragin izan dezaketen gizarte-sareek, eta diagnosi hobea egiten lagun dezakeen beste edozein faktore, generoko indarkeria arian-arian desagerrarazteko neurririk egokienak taxutzeko”.

Horretarako, premiatzen da “gaitz horren egiturazko arrazoiak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko beharrezkoak diren baliabide publikoak berma ditzan, generoko indarkeriaren aurka borrokatzeko eta prebenitzeko baliabide eta zerbitzu espezializatuak eta legegintza arloko neurriak ezartzea ahalbidetuko duten aurrekontu-zuzkidura bermatuz”.

Testuinguru horretan, premiatzen da “ezartzen ahal diren neurriak azter eta har ditzan, laguntza eta babes sarea baliatu ahal izateko ez dadin beharrezkoa izan salaketa bat paratzea; generoko indarkeriaren aurkako borrokaren eta berdintasunaren arloko prestakuntza sustatzea egoera hori bizi duten emakumeak artatu behar dituzten profesionalen artean; eta generoko indarkeriaren aurkako borrokaren eta berdintasunaren arloko hezkuntza-programak sendotu ditzan”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenak EBko Oinarrizko Eskubideen Agentziak egin duen inkestaren datuak aipatzen ditu., zeinak Espainia genero indarkeriak eragin gutxien duen herrialdeen artean kokatzen duen; Esther Ericek arrazoi anitzeko fenomeno honen konplexutasuna bilduko duen azterlan bat egiteko proposamena jasotzen du; eta generoko indarkeriaren aurkako foru lege berria taxutu aurretiko lehen urratsak egiteko testuinguruan, “era arriskutsuan errotutako errealitatea” dela irizten duten gai honetan garrantzitsuak diren kontu guztiei erantzuna ematera dei egiten du.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 57. zk., 2014-04-22koa)