Publicada el Thursday, 18 de September de 2014

Europako Parlamentua otsailaren 1a Emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen Europako Egun deklara dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Emakumeen askatasunaren alde eta abortuaren legearen aurreproiektuaren aurka Madrilen egindako mobilizazio handiaren gomutan

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur, Europako Parlamentua premiatzen duena “otsailaren 1a Emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen Europako Egun deklara dezan, emakumeen askatasunaren alde eta PPren abortuaren legearen aurreproiektuaren aurka Madrilen egindako mobilizazio handiaren gomutan”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Europako Parlamentua premiatzen den “Europar Batasuneko estatu kide guztietan aukera berdintasunaren printzipioa eta gizarte justizia bermaturik egon daitezen, bai eta informazio inpartziala, neska-mutikoen sexu-hezkuntza, mediku-laguntza –abortua barne–, azpiegitura medikoak, prebentzio eta kontrazepzio metodoen sustapena, emakumeentzako preserbatiboak, emergentziazko kontrazepzioa eta aholku-tresnak eskuragarri edukitzea ere”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenak Emakume Haurdunaren Eskubideen Babeserako Lege Organikoaren aurreproiektua aipatzen du. Horren arabera, 2010az geroztik indarrean egondako legea indargabetuta geratuko da. Socialistas de Navarra parlamentu-taldearen arabera, testu berria “emakumeen ugalketa-eskubideen atzerakadarik handiena” da, eta “emakumeen askatasunari zuzeneko erasoa” egiten dio.

Horri dagokionez, proposatu duen taldea pozik agertu da “Europako gizarteak emakume espainiarrekiko bere elkartasuna erakutsi” duelako, bai eta hedabideek albisteari oihartzuna eman diotelako ere. “Oraingo honetan, Espainia bere atzerakadengatik da albiste munduan”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 81. zk., 2014-06-27koa)