Publicada el Thursday, 16 de October de 2014

Socialistek, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek Nafarroak gizartearen ezberdintasunak desagerrarazteko eta autogobernua ziurtatzeko aldaketak behar dituela esan dute

PPNk ekonomiaren bultzada ahulaz hitz egin du eta García Adanerok (UPN) errepikatu du gehiengoa duen talderik gabe ez dagoela alternatibarik

Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak egin duen ordu eta erdiko parte-hartza bukatutakoan, hura aztertze aldera, ordu erdiko etenaldia egon da. Jarraian, parlamentu-taldeen bozeramaileen txanda hasi da, ordezkaritza handienetik txikienerako ordenan; UPN salbu, saioa ixtearen arduraduna izan baita. Alderdi bakoitzak 30 minutu izan ditu; atxiki gabekoek denbora erdia.


Beranduago, arratsaldean, Barcinak bozeramaile guztiei batera erantzungo die, denbora mugarik gabe, eta gero haiek hamar minutu izango dituzte ihardesteko (atxiki gabekoek bost), lehendakariak eztabaida itxi baino lehen, hori ere denbora mugarik gabe.


Jarraian, ordu laurdeneko epea emango da parlamentu-talde bakoitzak ebazpen proposamenak aurkeztu ahal izan ditzan; talde bakoitzak bost gehienez ere (atxiki gabekoek bi). Proposamen guztiak bihar eztabaidatu eta bozkatuko dira, 09:30etik aurrera.


PSNk “politikak eta pertsonak aldatzea beharrezkoa” dela uste du


PSNk parlamentuan duen bozeramaileak, Roberto Jiménezek, esan duenez, “Nafarroak gizartearen barneko ezberdintasunak aldatzeko, deuseztatzeko aldaketak behar ditu, guztiak duintasunez eta bizi ahal izan gaitezen”. Halaber, “borondate politikoak aldatzea beharrezkoa da, ahaleginak batzeko, bai eta pertsonak aldatzea ere, izan ere, garai berriak, egile berriak”.


"Gizarteak erreformak, ez erreformatxoak, egiteko aldaketak behar ditu” esan du Jiménezek legegintzaldiko Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan Yolanda Barcina Gobernuko lehendakariari erantzuteko izan duen txandan.


Jiménezek Barcinak oposizioari egin dizkion kritikak gaitzetsi ditu eta gutxiengoan dagoen Gobernu batean badago, berak bilatu duelako dela esan dio, era horretan legegintzaldiaren hasieran eman zen UPN-PSN gobernu hitzarmenaren haustura aipatuz.


Nafarroak onetsitako aurrekonturik gabe bi urte jarraian daramatzala oroitarazi ondoren, esan du gobernu bat gutxiengoan dagoenean herritarrak deitzen dituela gobernu egonkorrak egon daitezen.


“Ekonomiaren suspertzen ari denaren seinale txikiak” ikusten baditu ere, Europaren, Espainiaren eta Nafarroaren garapen ekonomikoa oztopatuko duen “ekaitza dator”, esan du Jiménezek.


Bozeramaile sozialistak berak ere Nafarroako ekonomiak lehiakortasuna bilatu behar duela uste duela adierazi du, baina langileen lan kostuak murriztuta egitea gaitzetsi du, zertarako eta ondasunak eta zerbitzuak lehiakortasunak izateko, horretan bihurtu baita lan erreforma.


Lehendakariaren arabera adostasunak iristea ezinezkoa da eta horren harira, Nafarroako Ubidearen edo Abiadura Handiko Trenaren gisako azpiegituretan PSN “betiko lekuan” dagoela oroitarazi dio.


Jiménez nekazal produktuen sektorea garrantzitsuarekin eta Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin sinatu duen hitzarmenarekin ados agertu da.


Erreforma fiskalari dagokionez, berri bat egitea beharrezkoa dela esan du, baina ez Gobernuak aurkeztu zuena, Mariano Rajoy-renaren “berdina” baitzen. Erreforma fiskal bat “jarraikortasunean, berdintasunean eta baliabideak sortzean oinarritu behar da, hala ongizatearen estatua bermatzeko, baina horrek ez zuen bermatzen”, gaineratu du.


Barcinak zorra bikoiztu duela esan du, legegintzaldia hasi zuenean baino lanpostu gutxiago daudela eta sortzen direnak kaxkarrak direla.


Autogobernuaren arloan, “aurreikusten ziren zailtasunak ditu. Volkswagenen BEZarekin kezkatuta daude, baina zer gertatu behar zen ikusten zen” adierazi du Estatuak behin eta berriro Nafarroako arauei jarri aurkeztu dizkien helegiteen inguruan.


Bozeramaile sozialista autogobernua defendatzeko prest agertu da. Jarraian azpimarratu duenez, PSN “Nafarroako eta Espainiako erakundeei leial izango zaio” eta gaineratu du ez direla “Espainia etsaia dela eta lapurtzen duela” agertu nahi duten eztabaidetan sartuko, oraingo gobernuak “foraltasuna ez ulertzea” beste kontu bat da.


Jiménezen arabera, autogobernua arrakasta izan duen eredua izan da eta gaineratu du erreforma bat egiten bada beharrezkoa den adostasunarekin egin behar dela.


Estatuak Volkswagenen BEZa erreklamatzeari dagokionez, azken urteotan zer egin ote den eta nola den posible kontu hori dagoeneko konponduta ez egotea galdetu dio bere buruari. Ondoren, batzorde negoziatzailearen azkeneko bilera “zentzugabekeria bat” izan zela adierazi du.


Jiménezen arabera, osasuna, hezkuntza eta gizarte politikak “pertsonen ongizatea eta duintasuna bermatzeko oinarrizkoak dira”. Era berean, “osasunaren alorreko profesionalen lana bikaina” dela onartu du.

Jarraian, UPNk egiten duen kudeaketa zalantzan jarri du, izan ere, “hiru kudeatzaile” egon dira dagoeneko eta elikagaien kalitatearen gaian “porrot” egin dute.


Hezkuntzan, 0-3 urteetako finantzazioan egon den atzerapena eta ikastetxeetan egin den inbertsio eskasa aipatu ditu. Gainera, gizartearen ongizateari dagokionez, azpimarratu du ezberdintasunak gero eta nabarmenagoak direla, 10.800 familiak jasotzen dutela gizarteratze errenta. Hori “arazo nagusia” da, ziurtatu du.


UPNren “desgobernua absolutua” da, baina Bildu dagoeneko lanean ari da


Bildu-ren parlamentuko bozeramaileak, Bakartxo Ruizek, esan du “desgobernua absolutua” dela eta nafarren arazoei “konponbide bat emateko gai ez den Gobernua ahula” dela legegintzaldi honetan Yolanda Barcina gidari duena, baina alderdi abertzalea dagoeneko hori aldatzeko lanean ari da.


Gobernuko lehendakariak hasieran esan duenari erantzuterakoan, Ruizek Barcinak Nafarroa era irrealean deskribatu izana deitoratu du, “gai ez dela erakusten duen frogarik argiena”.


Foru Komunitatean politikari dagokionez azken urte honetan zer gertatu den aztertu du eta, azkenean Barcinaren aurkako zentsura mozioa bazter geratu zela deitoratu ondoren, “beste urte bat galdu” dela ondorioztatu du.


Ruizek legegintzaldi osoa aztertu du, ez azkeneko urtea bakarrik eta baieztatu du Gobernua saiatzen dela “desegiten ari den erregimen bat zutik mantentzen”, non osasunaren kudeaketa den “eredu paradigmatikoa”, baina alor sozioekonomikoan ere “murrizketa latzen” legegintzaldia izan da.


Bizikidetzari dagokionez, UPNren Gobernuak “politika toxiko” bat egin du, “diskurtso ustel” batekin, eta “konfliktoaren konponketan zerbait eskaintzeko zuten horiei ateak ixten”, esan du ETAk armak utzi zituenetik sortu zen egoera berriari buruz.


Euskararen, euskal kulturaren eta EITB hartzearen gisako alorretan ere “ez diote elkarbizitzari ekarpen handirik egin”, esan du Ruizek. Haren ustez, okerrena eta “tamalgarriena” da “gobernu honek 6 hilabete dituela aurretik, baina ez duela Nafarroako gizarteari eskaintzeko ezer”.


Nafarroako Kutxaren gisako tresna bat “eraistea”, kudeatzaile politikoen irregulartasunak agertzea edo aurreko gobernuen eragiketa “irregularren” “kudeaketa txarra”, Los Arcoseko zirkuitua kasu, dira Bildu-k kritikatu dituen beste puntu batzuk.


Egoera nolakoa den azaldu ondoren, Bakartxo Ruiz etorkizunaz mintzatu nahi izan da eta, ildo horretan, “pertsonentzako politikak” egitea oinarri izango duen aldaketa bat defendatu du, “justizian eta ez dirua xahutzean oinarrituko den gizarte politika bat” eta “zintzotasuna eta gardentasuna” ardatz izango dituena.


Bozeramaile abertzaleak “benetako autogobernu” bat eskatu du, “nafarrok aukeratu dezagun nola bizi nahi dugun, nolako bizikidetza nahi dugun eta zein esparru sozioekonomiko nahi dugun”.


“Horrek akordioetara iristea eta konplizitateak eraikitzea eskatzen du”. Aldaketa garaia maiatzako hauteskundeekin hasiko bada ere, Bildu dagoeneko “konplizitateak sortzeko” lanean ari da, “erronka historiko” baten aurrean baitaude.


Barcinak egin duen “erretratu ilunari buelta emateko aukera dugu”, “beste politika bat egin daitekeelako” eta horretarako “inor kanpoan utzi gabe gehiengo berriak sortzea” beharrezkoa dela onartu du.

Aralar-NaBairen ustez Nafarroa Estatuaren kontrolpean dago


Aralar-Nabairen parlamentuko bozeramaileak, Patxi Zabaletak, esan du “Nafarroa de facto Estatuaren kontrolpean” dagoela. “Egiazko” gobernu “aurrerakoi eta aditu” bat defendatu du, bakearekin, giza eskubideekin, bizikidetasunarekin eta berdintasunarekin konprometituko dena.


"Nafarroa de facto Estatuaren kontrolpean dago, izan ere, Estatuak kontuak eta plan ekonomikoak berrikusten ditu; horrek Yolanda Barcina foru erregimena defendatzeko gai ez dela erakusten du”, baieztatu du Zabaletak, zeinaren ustez “UPNren gobernua ez da errealitatean bizi, bere burbuila itxian baizik, ez du eguneroko arazoez hitz egiten”.


Barcinak bere bakardadea oposizioari leporatzearen kontura, Zabaletak berari egotzi dio errua, “bere akatsa” izan baita, eta kritikatu du Estatuak foru aginduari “era bortitz eta basatian eraso egin” dionean ez duela “Nafarroaren eskumenak defendatzeko” “estrategiarik eta ausardiarik” izan.


"UPNk eta EAJk ez dute Estatuaren erasoari erantzuteko asmorik”, gaineratu du Zabaletak. “Konstituzioaren laugarren xedapen iragangarria ezabatu nahi izatea, otsoa datorrenean etxea zaintzen duen txakurra jotzea bezala da”.


Aralar-Nabairen bozeramaileak nafarrek erabakitzeko eskubidea dutela defendatu du eta “Nafarroarekin bukatu nahi duena jendeari hitza ematea ukatzen duena da” esan du.


ETAri buruz esandakori dagokionez, Zabaletak Barcina gezurretan dabilela esan du, adierazi duenez, “ez ditu osorik” eman, agian haren “miseria morala” dela-eta.


"Barcina anderea, gezurti hutsa zara, gezur asko esan dituzu”, aurpegiratu dio. Ondoren, Donapea mantentzeak Nafarroan ikerketa zentroak ezin eraikitzea dakarrela dela-eta esan duena ere gezurra dela gaineratu du. “Zure hitzak ez du ezer balio”, esan du.


“Ustelkeriarekin ados” egoteaz gain, gainerako taldeekin harreman normalak izateko eta zentralismoari aurre egiteko gai ez den gobernu eta alderdi batean aurrean, Zabaletak beste Gobernu baten alde egin du.


Ildo horretan, Gobernu “zintzo, aurrerakoi bat” defendatu du, “aniztasuna errespetatuko duena, gai, aditua eta egiazkoa izango dena, hau da, bakearekin, giza eskubideekin, bizikidetasunarekin eta berdintasunarekin konprometituko dena, eta Nafarroa gizartearen ikuspegitik, pertsonen ikuspegitik ulertuko duena”.


Zabaletak UPNren Gobernuaren “inkonpetentzia” azpimarratu du, bai Estatuarekin dituen harremanei dagokionez, bai alor ekonomikoari dagokionez. Egoera “oso larria” izaten jarraitzen duela esan du.


Ez da inola ere lehendakariak aditzera eman duen “suspertzerik” egon, gaineratu du Aralar-Nabairen bozeramaileak. Halaber, azaldu du langabezia murriztu bada, biztanleria aktiboa murriztu delako izan dela eta ez enplegua sortu delako.


Aurrekontuak izozteak egoera ekonomikoa okertu besterik ez du egingo, oinarrizko zerbitzu publikoak eta laguntza sozialak okertzen ari diren testuinguru honetan. Zabaletak Parlamentuak sortu zuen lanerako batzordea “saboteatzea” eta gero Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin, UGTrekin eta CCOOrekin hitzarmenak sinatzea leporatu dio UPNri.


Gobernuaren zerga erreformari dagokionez, Zabaletak “atzerakoia” dela esan du. Era berean, Nafarroako Gobernuak Hitzarmen Ekonomikoaz egin duen defentsa “oso eskasa” izan dela adierazi du, izan ere, gobernuaren asimetria eta aldebikotasun faltsua agerian geratu dira, besteak beste, Konstituzioaren Auzitegiaren epaiekin edo Volkswagenen BEZa dela-eta Estatuak izan duen jarrerarekin.


Amaitzeko, EH Bildu-ren parlamenturako hautagai Adolfo Araizek ETAren atentatuak kondenatu ez zituela esan duenaren karietara, Barcinaren hitzak “zitalak” izan direla adierazi du Zabaletak. Aralar-Nabairen bozeramailearen ustez, Araizek “errespetua merezi du, haren ideiak defendatzeagatik bidegabe hemeretzi hilabete kartzelan eman baitzituen, preso politikoa da”.

PPNk “fruiturik gabeko” legegintzaldian ekonomiaren bultzada “laburra” izan dela deitoratu du


PPNk parlamentuak duen bozeramaileak, Ana Beltránek, UPNren Gobernuak legegintzaldi honetarako proposatu zuen ekonomia eta enplegua sustatzeko proiektua “oso motz geratu” dela deitoratu du.


Erkidegoaren Egoerari buruzko Eztabaidan Gobernuko lehendakariari erantzuteko izan duen txandan, Beltránek legegintzaldia era globalean aztertu nahi izan du, izan ere, haren ustetan, “etengabeko krisialdi instituzional bat izan da nagusi, hain zuzen ere Nafarroak inoiz baino gehiago Gobernu egonkor eta sendo bat behar zuenean”.


UPNren eta PSNren arteko koaliziozko Gobernu batekin hasi ziren lau urte hauetan “istiluak eta ezetza” nagusitu dira. PPN “baztertua izan zen”, “alternatibak eraikitzen” saiatu zen arren.


"Gaizki hasten dena, gaizki bukatu ohi da” ohartarazi du bozeramaile popularrak. Jarraian koalizioa “kudeaketan eta koordinazioan” egindako akatsarengatik bertan behera geratu zela argi utzi du eta adierazi du Gobernu erregionalista adostasunak bilatu ordez “gutxiengoari atxikita geratu dela”.


Hortaz, “etengabeko krisialdi instituzional bat jasan duen legegintzaldia izan da, hain zuzen, Nafarroak inoiz baino gehiago Gobernu egonkor eta sendo bat behar zuenean”.


Beltránek orain lau urte hauen ondoren Nafarroak “bere egoerara bueltatzeko eta berriro ere bere bidea hartzeko beharra” duela esan du, izan ere, “erabakiak berandu hartzeak” bizi izan ditugun arazo asko eragin ditu, nahiz eta gauza positiboak ere egon diren, esaterako gizarte eragileekin lortutako akordioak.


Bere alderdiak Gobernu estatalaren arduradun gisa izan duen jokabideari dagokionez, Ana Beltránek ziurtatu du Nafarroa defendatu dela eta “etorkizunean ere defendatuko dela”. Era berean, foru eskumenak interpretatzerakoan sortu diren desadostasunei buruz mintzatu da eta azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak “Nafarroan sinesten du eta babesten du, foruak errespetatzen ditu”, eta beti “leialtasunez defendatu” direla.


PPNren bozeramailearen ustez, “berez autogobernua ez da xede bat, Nafarroa erkidego modernoagoa eta orekatuagoa izateko tresna boteretsu bat baizik”.


Ondorioen harira, Beltránek erakundeek eta taldeek “krisiarekin zerbait ikasi izanen dugula” espero du eta “jarrerak guztiz aldatzea” eskatu du.

I-Ek politikak aldatzea eskatu du, UPNren Gobernua “zama bat” baita


I-Ek parlamentuan duen bozeramaileak, José Miguel Nuinek, baieztatu duenez, “UPNren Gobernua zama izugarria izan da Nafarroarentzat” eta “politikak zein gehiengo politikoak aldatzeko” beharra dagoela azpimarratu du.


"Gehiengo berriak behar ditugu, akordio politiko berriak, orain arte egon ez direnak”, adierazi du Nuinek Foru Erkidegoaren Egoerari buruzko Eztabaidan. Halaber, Parlamentua desegin eta hauteskundeak deitzeko bost hilabete besterik geratzen ez direla nabarmendu du.


Nuinek ziurtatu du Nafarroak eskatzen duen aldaketa beharra emateko prest daudela, “politikoan agonikoa, ekonomikoan larria eta sozialean dramatikoa izan den legegintzaldiaren amaieran” gaude, “porrotez” betetakoa, “egonkortasuna emateko gai ez den” Gobernu “huts” batena.


Yolanda Barcina “egoera zail” honen erruduna izan dela esan du, 2012ko uztailan “hartu behar zuen erabaki koherentea” ez hartzeagatik, “hauteskundeak ez deitzeagatik”. Jarraian, PSNren jarreragatik zentsura mozioak porrot egin zuela oroitarazi du.


Nuinek “murrizketen eta austeritatearen” politikek porrot egin dutela nabarmendu du, enplegu kaxkarra sortzea, Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Hezkuntzan murrizketak egitea eta arlo horietako aurrekontuak % 14 eta 16ko murriztea (inflazioa kontuan hartuta % 20 ingurukoa izango ziratekeena) eragin baitute.


Horri mendekotasunerako laguntzak murriztea, etxegabetzeak areagotzea, Kulturari esleitzen zaion aurrekontu eskasa eta Sanferminetako Museoa “Iruñeko bereizgarria izan behar eta orain txakurren aisiarako gune bat dena,” gaineratu dizkio.


Halaber, Nuinek inbertsio publikoaren murrizketa gaitzetsi du, bai eta “geratzen den gutxi hori” Abiadura Handiko Trenarentzat izatea ere. Los Arcoseko Zirkuitua, Navarra Arena pabilioia edo Salestarren gisako jarduerak ere zalantzan jarri ditu.


UPNren zerga erreformaren karietara, I-Eren bozeramaileak adierazi du onetsi izan balitz ez zukeela ekonomia suspertzeko balio izanen. Halaber, I-Ek haren aurka bozkatu zuela esan du, baina horrez gain, aurkeztu dutenaren gisako proposamenak egin dituela kreditu entitateen gaineko zergak benetan dirua biltzeko balio dezan.


Nuinen ustez, Gobernuak Osasunari dagokionez zer irizpide duen jakitea beharrezkoa da, izan ere, Ogasuna da zerga zorrak kobratzeaz arduratu behar dena. “Osasuna lagundu nahi dugu, baina Gobernuaren iritzi legala eta teknikoa ezagutu behar dugu”, azpimarratu du.


Nuinek herritarrak demokrazia gehiago eta politika egiteko beste modu batzuk eskatzeko mugitzea baloratu du, eta aniztasunak gizartearen haustura eta liskarrak eragingo ez dituen Nafarroa bat eraikitzeko erronkaren aurrean daudela adierazi du.


“ETAren indarkeriaren garaia atzean geratu” dela onartu ondoren, baieztatu du “Nafarroaren identitateari buruzko liskarrekin amaitzeko” garaia dela. Euskarari buruzko Foru Legea aldatzeko egin duten proposamena ildo horretan egin dela komentatu du.


Nuinek Estatuak Nafarroako aginduei aurkeztu dizkien helegiteak kritikatu ditu. Gobernu zentrala hartzen ari den beste erabaki batzuk ere aztertu ditu, “eragin handikoak” baitira eta autogobernuaren esparrua ukitzen baitute, eta “are larriagoa dena”, Volkswagenen BEZa dela-eta Estatuak jarri duen helegitea, Nuinen ustez konponduko dena.


Azkenik, Hitzarmen Ekonomikoa leialtasunez negoziatzea defendatu du, Nafarroako Gobernuaren jarduketan “konfiantza gutxi” duela onartu duen arren. Oposizioko indar guztiak dei ditzan eskatu dio gobernuari.


Azkenik, I-Eren bozeramaileak Lokarrik ETAren indarkeriari amaiera jartzeko egin duen lana eta memoria historikoaren alde lan egiten dutenen lana aitortu du.

Geroa Bai-k Barcina autogobernuaren defentsan adostasunak bilatzera bultzatu du


Manu Aierdik, atxiki gabeko parlamentariak, Estatuak hasi duen “birzentralizazio” prozesuari aurre egiteko Nafarroaren autogobernua defendatzeko beste indar politikoekin “adostasun minimo eta iraunkorrak” bilatzera bultzatu du Yolanda Barcina lehendakaria.


Atxiki gabeko parlamentariak birzentzalizazio prozesu horren ondorioz, Nafarroaren autogobernua “asko murriztu” dela ziurtatu du, baina Barcina lehendakariak “etsai okerra aukeratu du”.


Ildo horretan, aipatu du Nafarroako Gobernuak, Nafarroaren autogobernua “bakarrik eta indarrik gabe defendatu ordez”, parlamentuko gainerako indarrekin adostasunetara iristea bilatu beharko lukeela.


Aierdik esan duenez, Erkidegoaren Egoerari buruzko Eztabaidan “ez zen gai hauei buruz” hitz egin behar, UPN eta PSNren arteko akordioa hautsi zenean UPNk Gobernuan jarraitzea “zentzugabekeria bat” izan baitzen.


Nafarroako Gobernua, esan du, “Nafarroa XXI. menderantz abiatzeko egin behar dituen aldaketa prozesuaren” gidari izan beharko luke, guztionak “diren ilusioak bana ditzagun beharrezkoa” baita, baina horren ordez, UPNk hartzen dituen erabakiekin “tentsioak eta hausturak” eragiten ditu, besteak beste, ETBren seinalea ez digitalizatuta edo dagoen eskariaren arabera euskal eremua ez zabalduta.


Parlamentariak Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoa gaitzetsi du, bereziki industriaren alorrari dagokionez, eta enplegua dela-eta ziurtatu du “oso gutxi egin” dutela eta egoera honetara iritsi bagara “hein handi batean ez” dela izan “haien gobernu jarduketengatik”.


Halaber, 500 milioi euroko ekonomia suspertzeko planak izango duen eraginkortasuna zalantzan jarri du, proiektu hori “plan bat besterik ez da eta, zuek bete ez dituzuen beste batzuk bezalakoa”.


Era berean, zerbitzu publikoetan egin diren murrizketak kritikatu ditu eta esan duenez, osasunean “okerrera egin duela oso nabarmena da” eta hezkuntzan “zerbitzuaren kalitateari eragin dio”.


Azken finean, azaldu du, honakoa UPNren “gauzak egiteko era eta printzipio politikoak” agerian geratu diren legegintzaldia izan da eta Barcinak “bere ekintzen ondorioak jasateaz gain”, iraganean bere alderdiko kideek hartu zituzten erabakien ondorioei aurre egin behar izan die.


Horren karietara, Aierdik Nafarroako Kutxa “galtzea” aipatu du, “saihetsi zitekeen”, baita Batzorde Iraunkorraren dieta “lotsagarriak”, Eguesibarko “gertaera guztiz tamalgarriak”, basogintzaren alorrean gertatutakoa, Osasunan eta Navarra Arena pabilioian gertatutakoa ere.


Legegintzaldiaren balantzea “oso kezkagarria da”, ondorioztatu du Aierdik. Era berean, Nafarroak “arnas berriak” behar dituela azpimarratu du eta “nafarren zati handi batek” maiatzeko hauteskundeetan hausnarketa hori bera egitea espero duela esan du.

UPNren ustez, oposizioak “ez du egoerak agintzen zuen moduan jardun”


UPNk parlamentuan duen bozeramaileak, Carlos García Adanerok, gaur baieztatu duenez, “oposizioak egoerak agintzen zuen moduan jardun ez badu ere” eta “ezetza koordinatu bada ere”, “enpleguaren sorkuntzaren eta ekonomiaren hazkundearen gisako datu objektiboek” Nafarroa “iaz baino hobe dagoela erakusten dute”.


García Adanero Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan parte hartu duen azkena izan da eta Yolanda Barcina lehendakariari “UPNren babesa” duela adierazi dio.


"Gure buruari gustua egin nahi izan gabe eta oraindik egiteke asko geratzen bada ere, datu objektiboak hor daude”, azpimarratu du García Adanerok. Halaber, hitzarmenak positiboak direla nabarmendu du eta hortaz ez duela ulertzen “zergatik hemendik 40 kilometrotara ontzat ematen dena Nafarroan ez den sinatzen, boikoteatzen saiatzen da, hemen maiz gertatzen den moduan”.


Legegintzaldi amaierako eztabaida guztietan “honakoa UPNren azken Gobernua izango da” esaten dela adierazi du, baina gero jendeak bozkatu eta hautestontziek bakoitza bere lekuan jartzen dute.


García Adanerok lehendakariak eman dituen datuekiko erakutsi den interes eskasa gaitzetsi du eta oposizioak Parlamentu honetan kritikatzen duena, haien alderdiek gobernuan erantzukizunak dituzten lekuetan kopiatzen dituztela komentatu du.


UPNren Gobernuak aurkeztu zuen zerga erreforma gaitzetsi izanaren karietara, García Adaneroren aburuz horrek nafarrak EAEko ogasunak eta araubide erkidean baino “egoera okerragoan” egotea eragingo du.


Oposizioari gobernuak botoekin, ez boikotarekin, aldatzen direla esan dio. Horren harira, Nafarroako Parlamentuak “lehenengo egunetik hauteskundeak aurreratzea nahi zuten taldeak” daudela adierazi du.


Are gehiago, García Adanerok UPNren gobernua gutxiengoan egonda ere, oposizioa gehiengoak adosteko gai ez dela esan du. Zehaztu duenez, “gaitzestean bakarrik jartzen dira ados, ezetzean”.


Bozeramaile erregionalistak Volkswagenen BEZari dagokionez Espainiako Gobernuaren “leialtasun eza” aipatu du. “Espainiako Gobernuak ez zuen Nafarroa auzitegira eraman behar, gure ustez ez dugu ezer zor eta ez dugu ordaindu behar, baina negoziatu beharra dago, PPk ordaindu behar dugula uste du eta”, zehaztu du.


PPri buruz, alderdi “birzentralizatzaileagoa” dela esan du, “Aznarren PP ez zen horrelakoa”. Ondoren, Barcinaren hitzak errepikatu ditu eta “kontu horretan gutxiago hitz egin eta gehiago egin” esan du.


PPNren bozeramaileari erantzun dio norbaitek gehiengo osoa duenean hauteskunde programa betetzen ez badu alderdi hori bozkatu duten pertsonei iruzur egiten diela, baina ez dela gauza bera gehiengorik ez duen alderdi batek programa ez betetzea. Gainera, esan du orain konturatzen dela zergatik agertu zen PP Barcinaren inbestiduraren kontra, “Nafarroarentzat UPN ez dagoen gobernu bat nahi du eta”.


I-Ek proposatu dituen aldaketen inguruan, alderdi horren buruari EH Bilduren hautagaiari, Adolfo Araizi, botoa emateko prest egonen litekeen galdetu dio, “dagoeneko bere burua eskaini” baitu UPNren aldaketa gidatzeko.


Ildo horretan, ohartarazi duenez, “ona litzateke guztiok, hauteskundeetara goazenean, norekin paktatzeko prest gauden esango bagenu, oso ona litzateke herritarrek gero sorpresak har ez ditzaten”.


Alderdi nazionalisten parte-hartzeak eta autogobernuaren karietara esandakoak entzun ondoren, galdetu die “ea Euskal Herriaren independentziaren ideiarekin jarraitzen duten edo alde batera utzi duten”.

Jarraian, “gobernuarekin bukatu nahi duenak ezin du autogobernuan sinetsi” gaineratu du.


UPN “euskaldunen kontrakoak” ez dela esan ondoren, Adanerok inork ez duela ulertuko “nola jarraitzen duzuen ETAren iraganeko urteetako ekintzekin harro” esan dio Bildu-ri.