Publicada el Thursday, 23 de October de 2014

Nafarroako Gobernua kirol federazioen eta kluben diru-laguntzei lotutako neurriak har ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuan sortu zen Kirolaren Mahaiak onetsi zituen ondorioei jarraiki, kirol-antolamendua eta haren bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetze aldera

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman duten botoarekin eta UPNk haren aurka eman duenarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen duen “2015erako alda dezan Nafarroako kirol federazioei diru-laguntzak emateko kontuan hartu beharreko oinarri arautzaileak onesten dituen foru agindua, bertan zalutasun-irizpideak jasotzeko eta burokrazia sinplifikatzeko”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du, non, halaber Nafarroako Gobernua premiatzen den “Kirolaren Mahaiaren agindua betez batzorde misto bat sor dezan, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren eta kirol klub eta federazioen artekoa, haiei eragiten dieten diru-laguntzak arautzen dituzten irizpideak adosteko”. Idatz-zati honek eta hurrengoa aho batez onetsi dira.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “konponbide bat aurki dezan 2013ko eta 2014ko diru-laguntzetarako, federazioei beren bideragarritasuna eta biziraupena ahalbidetuko dizkiena, kontuan hartuta delegazio bidez betetzen dituztela berez Nafarroako Gobernuari dagozkion zenbait eginkizun”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen ebazpenak 2013ko urriaren 28an Parlamentuan osatu zen Kirolaren Mahaiak aho batez onetsi zuen foru lege hori aipatzen du eta, horren karietara, Gizarte Politiken departamentua premiatzen du haren programa bete dezan, “kirol-antolamendua eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duten diru-laguntzak deitzeari” dagokionez.

Proposatu duen taldearen ustez, arazoa deialdiaren atal bakoitzerako aurrekontuaren % 100 egin izanaren justifikazioa egin behar izatean datza. Izan ere, “justifikatutako aurrekontua baino gutxiago baldin bada, proportzioan egokituko da zenbatekoa azken likidazioa onesten duen ebazpenean”.

Federazioen ustez, irizpide horrek “larriki zigortzen ditu beren lana zentzuz eta efizientziaz egiten duten federazioak, daukaten dirua baino gehiago gastatzen ez dutenak; izan ere, beren ahalmenetik goiti gastatzera behartzen ditu, baldin eta emandako diru-laguntzaren % 100 jaso nahi badute, nahiz eta diru-laguntzak aurrekontu osoa ez estali”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 105. zk., 2014-10-03koa)