Publicada el Wednesday, 5 de November de 2014

Gurutze Gorriaren Gerraren biktimei buruzko erakusketari hasiera emateko ekitaldia

Erakusketa honekin Gurutze Gorriak Nazioarteko Batzordearen 150. urteurrena ospatzen du; jendeari irekita egongo da Parlamentuko egoitzaren sarreran 13ra arte

Parlamentuko lehendakariak, Alberto Catalánek, gerraren biktimei buruzko argazki erakusketa bati hasiera eman dio gaur arratsaldean. Jean Mohr suitzarraren lan honen bidez Gurutze Gorriak bere Nazioarteko Batzordearen ekintza humanitarioaren 150. urteurrena ospatzen du.


Ekitaldia Parlamentuko egoitzaren sarreran izan da eta bertan Koldo Amezketa, Mahaiko idazkaria, Thomas Kolly, Suitzak Espainian duen enbaxadorea, Carla Mardini, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkaria, Manuela Cabero, Gurutze Gorriaren Espainiako lehendakariordea, Joaquín Mencos, Nafarroako Gurutze Gorriaren lehendakaria, Iñigo Alli, Gizarte Politiketako aholkularia, Enrique Maya, Iruñeako alkatea, Eloísa Ramírez, NUPeko errektoreordea, Román Felones, NUPeko Gizarte Kontseiluko lehendakaria, Jaime Brunet fundazioaren Patronatuko kideak eta hainbat taldetako parlamentariak egon dira.


Alberto Catalánek erakusketari hasiera emateko ekitaldian esan duenez, xedea “gurutze Gorriak burutu duen ekintza humanitario lan luze eta nekaezina” hedatzea erraztea, “Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa hedatzen laguntzea eta mundu hobe, justu eta solidarioago bat eraikitzen laguntzen duten boluntario eta laguntzaile guztiei eskerrak ematea” da.


Lehendakaria erakusketa Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen 150. urteurrenaren baitan antolatu delako poztu egin da eta, are gehiago, nazioarteko mugimendu horrek duen aitorpen sortarengatik, besteak beste Nafarroako Urrezko Domina, eta bihar NUPek giza eskubideak sustatzeagatik NUPek emango dion Jaime Brunet Nazioarteko Sariarengatik. “Zorionak. Egin ohi dudan moduan, bihar han izango naiz”.


Horren harira, Catalánek 1864an Ginebrako Lehen Hitzarmena sinatzera joan zen “odol nafarra” aipatu du, Nicasio Landak eta Joaquín Agullók hezurmamitu zutena. “Haiek, Espainiako Gurutze Gorriaren aitzindariak, izan ziren halaber urte bereko uztailaren 5ean Iruñean sortu zen lehenengo biltzar lokalaren sortzaileak”.


Amaitzeko, lehendakariak “gerraren izugarrikeriari aurpegia jartzearen eta giza ekintza askoren zentzugabekeria besterik gabe ez onartzearen” alde egin du eta “Nafarroako Parlamentuak zuzenbide humanitarioarekin duen konpromisoa berretsi” du.


Thomas Kolly-k, Suitzak Espainian duen enbaxadoreak, “zirrara sortzen” duen argazki sorta horrek lekukotasun gisa duen balioa nabarmendu du. “Errespetutik abiatuta hartutako irudiak dira. Erakusketa ez da gozatzeko, etorkizunera begira guztiok egin dezakegunaren gainean kontzientzia hartzeko baizik. Tamalez, Gurutze Gorriaren lanak jarrai dezan beharrezkoa da, konfliktoak areagotu dira eta”.


Carla Mardini-k, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkariak, erakunde horren lehendakariaren ordez hitz egin du, “hemen lantzen diren egoera guztien lekukoa” baita. “Erakusketaren ezaugarri bereziena da ez dituela biktima tristeak agertzen, boteretsuak baizik, aurrera egiteko gaitasuna dutenak. Mohr-en gisako kazetari independenteak behar ditugu munduak egoera horien aurrean lanean dihardugula jakin dezan”.


Manuela Cabero-k, Gurutze Gorriaren Espainiako lehendakariordeak, oroitarazi du Nazioarteko Batzordea “Ginebrako Hitzarmenen eta konflikto egoeran dauden lekuetan pertsonen eskubideen bermatzailea” dela. “Jaime Brunet saria pertsonak, dauden lekuan daudela, haien duintasuna babestearen alde egin duen lanaren aitorpena da. Gerrako mediku naizen aldetik, erakusketa honek agertzen duen guztia oso hurbiletik ikusi dut. Argazki bikainak dira. Atsekabetuta badaude ere, irribarre egiteko eta aurrera ateratzeko gai diren biktimak ikusiko dituzue”.


Gerraren biktimekin’ izeneko erakusketak zuri-beltzeko argazki aukeraketa bat biltzen du, lau sailetan banatuta dagoena: Erbesterako erretratuak, Behin-behineko paisaiak, Haurren diaspora eta Bizitzak aurrera darrai. Erakusketak konfliktoen biktimen, errefuxiatuen eta gerrak kaltetu dituen komunitateen arazoa lantzen du, bai eta oraindik mehatxatuta dauden horiena ere. Mohr bere irudien kalitatearengatik eta lanen sentiberatasunarengatik nazioartean ezaguna da. Erakusketa jendeari irekita egongo da Parlamentuko egoitzaren sarreran azaroaren 13 arte, astelehenetik ostiralera eta 10etatik 20etara.