Publicada el Thursday, 26 de March de 2015

Enplegu publikoko deialdietan desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostu gehiago erreserbatzen dituen legea onetsi dute

Ehuneko bostetik zazpira areagotzen da eta betetzen ez diren guztiak hurrengo lan eskaintzarako erreserbatuko direla xedatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa eskuratzeari dagokionez Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen foru legea aho batez onetsi du gaur.


Gobernuak eman duen legeak lan publikoen eskaintzetan gordetzen diren lanpostuen kopurua ehuneko 5etik 7ra areagotzen du eta, halaber, xedatzen du hautapen prozesuak egin ondotik, desgaitasuna dutenek bete gabe gelditzen diren lanpostu erreserbatuak hurrengo lan eskaintzako kupoari gehituko zaizkiola. Era horretan, erreserben ehunekoa egiaz bete dadin ziurtatu nahi da eta, horrela, lanpostu guzti horiek desgaitasuna duten pertsonek bete ditzaten, egun ez baita hori gertatzen.
Halaber, desgaitasuna duten pertsonak jaso duten lanpostura egokitzeko enplegu lagunduaren arloko neurriak ezarriko dira, beharrezkoa baldin bada.


Era berean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik hala eskatuta, lanpostuen benetako zereginak zehaztuko dira eta lanpostu horien eskatzaileen desgaitasunaren bakarkako balorazioa eginen da, halako moduz non desgaitasuna duen pertsona bakoitzak jakinen duen zer lanpostu eskura ditzakeen.


Gainera, desgaitasunak ez badio kasuko pertsonari eragozten eskuratu duen lanpostuaren zeregin berekiak betetzea, “beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriko dira lanpostura iristea eta/edo bere lana egitea eragozten dioten oztopokoak kentzeko”. Hori ahalbidetzen duen in voce zuzenketa Socialistas de Navarra eta I-Eren babesarekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman zituzten botoekin gehitu zen irizpenean.


Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendei dagokienez, desgaitasuna dituzten pertsonek egun duten lehentasuna aldatzen da, eta eskaintzen diren hiru lanpostutik lehenengoan ezarrita geratzen da. Aldaketa horrekin desgaitasunak dituzten pertsonak eskaintzen diren lanpostuetara egokitzeko dituzten aukerak hobetu nahi dira, aldi berean gainerako zerrendetatik sartzen diren langilegaiak kontratatzeko aukerak mantenduta.


Legeak xedapen gehigarri bat du, zeinaren arabera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aparteko orduak sorrarazten ahalko dituzte, baldin eta 2015ean egiten diren hauteskundeak antolatzen eta garatzen parte hartzen badute, “Nafarroako Gobernuak hartutako erabaki bidez ezartzen diren modu eta baldintzetan”. Ohar hori hauteskunde prozesuak aurreikusten diren urteetan Aurrekontu Orokorren Legean gehitu ohi da, baina kasu honetan, Kontu Orokorrik ez dagoenez gero, arau hau erabili da aipatutako aurreikuspena gehitzeko.

 

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 17. zk., 2015-02-06koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 36. zk., 2015-03-10ekoa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 43. zk., 2015-03-23koa)