Ainhoa Aznarezek Uxue Barkos Gobernuko lehendakari izateko hautagai proposatuko du
Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek GBko hautagaia babesten dutela adierazi diote Gobernuko lehendakariari; hautagaiaren inbestidura hilaren 20ko Parlamentuko Osoko Bilkuran izango da
Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez, Jose Miguel Nuin (I-E), Ana Beltran (PPN), Laura Perez (Podemos-Ahal Dugu), Adolfo Araiz (EH Bildu), Uxue Barkos (Geroa Bai) eta Javier Esparzarekin (UPN) bildu da gaur, eta era horretan parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin Uxue Barcos Nafarroako Gobernuko lehendakaritzarako hautagai gisa proposatze aldera hasi zuen kontsultarako bilkura bukatutzat eman du.
Bilkura amaitutakoan, bezperan PSNko eledun den Maria Chiviterekin bildu zen Ainhoa Aznarezek hilaren 16an Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren saio bat deitu du Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izateko hautagai proposatzeko, “lehendakari inbestituta izan dadin beharrezkoa den babesa duela ziurtatu ondoren”.
Saio horretan berean, Parlamentuko organo errektoreek Parlamentuko Osoko Bilkura deituko dute inbestidurako eztabaida egin dezaten, uztailaren 20an izango dena, baldin eta Mahaiak araubidez ezarritako epeak murriztea onartzen badu, Osoko Bilkura deitzen denetik egiten denera gutxienez hiru eguneko epea ezartzen baita. Ondoren, hilaren 23an (11:00) Gobernuko lehendakari berriak kargua hartuko du.
Parlamentuko lehendakariak kontakturako bilkura “giro onean” egin dela esan du. “Ez da egutegi hau onartzeko erreparorik egon”. Azkenik, Aznarezek senatari autonomikoa irailean izendatuko dela esan du.
Eledunak 20 minutuko tartearekin parlamentuan ordezkari gehien dituztenetatik hasita gutxien dituztenetarako hurrenkeran lehendakariarekin bilduta egon dira eta hari haien iritzia eman ondoren, gainerakoei ere jakinarazi dizkiete. Geroa Bai, Bildu, Podemos-Ahaldugu eta I-Ekoek Uxue Barcos hautagaia babestu dute eta UPNk eta PPNk prestatzen ari den gobernurako programarekin ez daudela ados adierazi dute.
Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) Uxue Barkos (GB) hautagaia Nafarroako Gobernuko lehendakari izateko babestuko dutela jakinarazi dio Nafarroako Parlamentuko lehendakariari.
“Aldaketaren programari dagokionez adostasunera iritsi ondoren, inbestidura honen alde bozkatuko dugula esateko moduan gaude. Guregatik abian jar daitezke deialdia eraginkor egiteko dagozkion mekanismoak”.
Jose Miguel Nuinek adierazi duenez Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen artean adostu duten programa “oinarri nahikoa, sinesgarria eta solidoa da Nafarroan lehentasunak ordenatzeko, gobernu desberdin bati bidea eginez, UPNk egin duen gobernuarekin alderatuta desberdina dena”.
“Zerbait baldin badago, eduki soziala da. Publikoan inbertsioak egitearen alde egiten da, txirotasunaren eta desberdintasunaren aurka borrokatzearen alde. Nazionalistek haien agendak pisatuarazi dutela egiteak ez dator gobernuaren programan idatzita dagoenarekin bat, izatekotan, beldurraren politikari erantzuten dio”, esan du.
Gobernuaren osaerari galdetu diotenean, Nuinek azpimarratu duenez Uxue Barkosek “ez du koaliziozko gobernu klasiko bat nahi, formula bestelakoa izan dadin nahi du, eta horretan ari gara, hemen funtsezkoa osatzen den gobernua erabilgarria eta eraginkorra izan dadin baita”.
Nuinek esan du datozen egunetan adostutako programa Ezker Batuaren eta Batzarreren oinarriei onartzen duten edo ez galdetuko diela adierazi du, I-E koalizioa osatzen duten alderdiei.
Ana Beltranek (PPN) adierazi du bere taldeak Uxue Barkos Geroa Baiko Nafarroako lehendakaritzarako hautagaiaren inbestidura baztertuko duela, adostu duen programa “oro har, gure ustez nafar gehienek nahi dutenaren guztiz aurkakoa baita”.
“Nafarrek Espainiako gainerako lekuetan baino zerga gehiago ordaintzea guztiz baztertzen dugu, Espainian PPk zergak murriztu ditu eta. Nafarrek desabantaila argia izango dute, garapen ekonomikoa galduko dugu eta horrekin batera enpresa berriak ezartzea eta lanpostuak sortzea”.
Neurri sozialei dagokienean, Ana Beltranek adierazi duenez, “gizarte politikarik onena lanpostuak sortzea xede duena da, gehien kaltetutako kolektiboetan, 45 urtetik gorako langabetuetan, ezgaitasunak dituzten pertsonetan edo generoko indarkeriaren biktimetan”.
Beltranek esan duenez, “oinarrizko errenta ez da betiko diru-laguntza bat izan behar, eta hori da” gobernu berria babestuko duten “lau taldeek nahi dutena”.
Esparru politikoan, eledun popularrak baieztatu duenez, programaren hitzarmenean “indar abertzale euskaldunen eragin argia” ikusten da, “nafarren gehiengoak nahi ez dutena inposatzea xede dutenak, gehienek Nafarroak forala izaten eta Espainia barruan egoten jarrai dezan nahi dute eta”.
Testuinguru horretan, Beltranek Euskal Autonomia Erkidegoarekin kolaboratzeari eta indarrean dagoen Sinboloei buruzko foru legea indargabetzeari buruz programak jasotzen dituen hainbat alderdi aipatu ditu, eta baieztatu du ezen ez duela “inongo zalantzarik” neurri horien “xedea Euskadira batzeko bidea leuntzea dela”.
Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu) baieztatu duenez, bere taldeak Uxue Barkosen inbestidura babestuko du, baina esan duenez alderdiaren biltzarrari “hitzarmen programatikoa berrestu eta etorkizuneko gobernuan sartu nahi duten edo ez galdetuko zaio, hortaz ezin dugu esan gobernuan sartuko garen edo ez”.
UPNk alderdi horiei programan agenda abertzalea nagusitzen dela-eta egin dituen kritikei buruz galdetu diotenean, Laura Perezek esan du “interpretazio okerra” dela eta esan duenez, “gizartearen ongizaterako eta herritarren erreskaterako gastua hirukoizten da, eta gainera gizarte politikei lehendakaritzaorde kategoria esleitzen zaie, gobernuaren lehentasunetako bat izango baitira”.
Laura Perezek baieztatu duenez, gizarte neurrietako gastuaren areagotzea finantzatu ahal izateko lau alderdien artean zergen erreforma egitea adostu da eta adierazi du, gainera, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko legea “indarren artean adostu beharko” dela. “Hor ezarri beharko da lehentasunen hurrenkera. Aurrekontuak luzatuta izanda ere gauza asko aldatu ahal izango lirateke, hori bai, beste lehentasun hurrenkera bat ezarrita”.
Adolfo Araizek (EH Bildu) Uxue Barkosek Nafarroa gidatzeko babesa eman duela berretsi du, nahiz eta Geroa Baiko hautagaiak proposatu duen gobernu eredua “presidenzialistegia” dela esan duen.
Araizen ustez indar politikoa duten pertsonen parte-hartzea “ezin da ahultasunaren sintoma gisa hartu, sendotasunarena baizik, indar politiko guztien parte-hartzea Nafarroako Gobernuari gertatzen ahal zaion onena delako. Ez dugu ezer zalantzan jartzen, baina ez dugu ezer ere ukatzen. Gobernurako eredu berriari azkarrago ekin behar zaio”.
Eledun abertzaleak baieztatu duenez, “EH Bilduk gobernu horren erantzukizuneko esparruetan lagundu dezake, horretarako prestatuta dauden pertsonak baititu, gobernuaren barruan taifen gobernu bat sortu gabe. Hori da gure funtsezko ezberdintasuna eta aldatzea posible dela uste dugu”.
Araizek azpimarratu duenez, “EH Bilduk erantzukizunak bere egiteko lan taldea dauka eta ez dugu zertan lotsatu eta ez dugu gobernu horretan sartzeko moduan gaudela ezkutatuko”.
Edonola ere, gobernuaren negoziazioa bukatuko den modutik haratago, Adolfo Araizek baieztatu duenez, “Barkosen inbestidurarako botoa eta programa babestea guztiz bermatuta daude, ez dago inongo desadostasunik”.
Amaitzeko, Araizek nabarmendu du balitekeela Izquierda-Ezkerrak uztailaren 16 edo 17ra arte ez erabakitzea gobernuan egongo den edo ez, eta horrek “prozesua zailtzen d. hiru egunetan ariketa zaila egin beharko litzateke”, esan du, Uxue Barkosen inbestidura uztailaren 20an izango litzatekeela aipatuta.
Uxue Barkosek (Geroa Bai) esan duenez ez du “kuoten banaketan” oinarritutako gobernurik nahi. “Horrek alferrikako tentsioak bakarrik ekarriko lituzke. Kabineteak ez du pisu alderdikaririk izan behar. Nire eredua ez da presidenzialista, baina gobernuak jerarkia bat du eta zuzendaritza lehendakaritzari dagokio”.
Barkosek bi lehendakaritza estrategiko sartzeko “bokazioa” dagoela oroitarazi du, bata ekonomikoa eta bestea gizarte politikena, eta esan du EH Bilduren kritikak “alderdiaren jarrera defendatzeari lotuta daude. Benetako beharrei erantzungo dien ekipoa osatu behar da. Horrek ez du esan nahi ezin denik profil politikorik egon, bestela, ni ez nintzateke hemen egongo”, esan du.
Javier Esparzak (UPN) baieztatu du ezen Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak hitzartu duten programak “ardatz abertzalea” duela eta etorkizuneko gobernuak “ezegonkortasuna sortuko” duela iragarri du, hortaz alderdi erregionalistak Uxue Barkos Nafarroako lehendakari izateko inbestiduraren aurka bozkatuko du.
Javier Esparzak adierazi duenez ezen gobernu berria “ez da ona izango Nafarroarentzat. Ikurrinak ez du jaten ematen, hori da errealitatea. Lurralde hau moteltzen lagunduko duen eta etsituki egin den hitzarmena da”.
UPNko parlamentariak ohartarazi duenez, nafarrek “gainerako espainolek baino zerga gehiago ordainduko dituzte” eta esan duenez hitzarmen hori “ez litzateke Euskal Autonomia Erkidegoan sekula sinatuko, ekonomiarentzat eta enpleguarentzat txarra delako. Alabaina, hemen bai sinatzen da Nafarroak lehiakortasuna gal dezan eraginez”.
Halaber, Esparzak kritikatu du “ikastolen ekarpena aitortzen” dela, “baina sare kontzertatuaren gainerakoaz ez da ezer esaten eta desagertzera eramaten da” eta gaineratu duenez, “euskara Nafarroako administrazio osoan sartuz joan nahi da, aldi berean ingelesa argi eta garbi geldiarazita, eta hori da etorkizuna eta garapena”.
Gainera, hitzartutako programak sinboloen legea aldatzea aurreikusten duela ohartarazi du eta amaitzeko baieztatu duenez lau alderdien arteko hitzarmenak “ez du lurralde honen errealitate instituzionala errespetatzen”.
Maria Chivitek (PSN), bestalde, bezperan esan zuen bere taldeak inbestidurako Osoko Bilkuran gauza bat edo beste bozkatuko duela “gobernuaren programaren edukiaren, gobernuaren osaeraren eta hautagaiaren diskurtsoaren arabera”. Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Erekin hitzartutako programaren arabera, lehendakaritza Uxue Barkosi (Geroa Bai) esleitu dio.
"Ez dugu jarrerarik ukatu, hiru gai horien araberakoa izango da, baina PSNrentzat garrantzitsua da gobernu honetan nor egongo den”, esan zuen EH Bildu egoteari erreferentzia eginez.