Publicada el Wednesday, 22 de July de 2015

Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko Lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia egin da Parlamentuan

Ainhoa Aznárezek guztionak diren gauzak kudeatzeko modu berri bat eskatu du, eta Uxue Barkosek aldarrikatu du aldaketa sakon, iraungarri, zentzuzko eta integratzaile bat, gizartearen aniztasunarekin bat etorriko dena

Uxue Barkos Berruezo andrea Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia egin da gaur Nafarroako Parlamentuan.

Ekitaldirako deia Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eginikoa izan da, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 25. artikuluari jarraituz. Bertaratuen artean Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministro Isabel García Tejerina andrea egon da, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministro Cristóbal Montoro jaunaren ordezkari gisa.

Karguaren jabetza hartzeko ekitaldia 11:30ean hasi da, Tronpeta eta Tinbal Bandak Nafarroako ereserkia jotzearekin. Jarraian, Legebiltzarreko Mahaiko lehen idazkariak, Maiorga Ramírez jaunak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria izendatzeko Errege Dekretua irakurri du.

Gero, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak bere karguaren gaineko hitzematea egin du Parlamentuko Lehendakari Ainhoa Aznárezen aurrean, honako formula hau erabiliz:

 

Hitzematen dut Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, mantendu eta hobetuko dudala, Konstituzioari eta legeei men eginen diedala eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguari dagozkion betebeharrak leialki beteko ditudala”.

 

Prometo respetar, mantener y mejorar el Régimen Foral de Navarra, acatar la Constitución y las Leyes y cumplir fielmente las obligaciones de mi cargo de Presidenta del Gobierno de Navarra”.

Hitzematearen ondoren, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez andrea, eta Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo andrea, mintzatu dira, hurrenkera horretan.

 

Parlamentuko lehendakariak bere hitzaldiari ekin dio lau hamarkadako borroka luze baten historia oroitaraziz, bai eta borroka horren printzipio gidariak ere, Nazio Batuen Erakundeak 1975ean "emakumearen aurrerabideari bereziki eskainitako denbora-epe bat" hastea erabaki zuenetik gizartearen bizitza politikoan eta publikoan emakumeen presentzia gizonen presentziaren parean jartzekoak.

Ainhoa Aznárezek lorpen historikotzat jo du Nafarroako erakunde gailenen gaineko erantzukizuna bi emakumerena izatea, baina ohartarazi ere egin du XXI. mende hau ez dela gehiago sustapen-garai bat, baizik eta genero-berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen garai bat. Lanaren helburuak: emakumeen parte-hartzeari eta aitzindaritza politikoari bultzada ematea; emakumeen aukera ekonomikoak hobetzea; indarkeria matxistari amaiera ematea; bakea ahalbidetzea eta finkatzea. "Eta hori guztia ez dugu emakumeak garelako egiten, baizik eta giza eskubideetan sinesten dugulako".

Testuinguru horretan, eta "funtsezkoa den horri lehentasuna" ematera dei egin ondoren, lehendakariak aldarrikatu du uko egin behar zaiola "herritarrekiko harremanean inguru-minguruetan" aritzeari, hasi omen den garai berri honen egiazko protagonistak diren herritarrak, nafar gizon-emakumeak, saihesteko eufemismo edo ihesaldi politikoei.

Horretarako, "gure jomuga, demokrazia erreal batez harago, demokrazia erradikala izan behar da; non inolako interesek ez duen nagusitasunik hartuko giza eskubideen gainetik"; non ezein funtsezko premia ez den ase gabe geratuko. Hori horrela, Aznárezek konpromisoa hartu du herritar aktibo eta parte-hartzaileen jendarte bati bultzada emateko. "Bere erabakimena" berreskuratu ondoren demokrazia horren jabe sentituko den jendarte bat, zeinarekin, halaber, "gaur errezeloz eta mesfidantzaz begiratzen digutenei ilusioa" sentiaraziko baitzaie.

Halatan, "guztiona den ondare"aren kudeaketa berritzat jotzen duenaren ildoak aipatu ondoren –zeregin horretan Foru Komunitateko agintari berriarengan "konfiantza" duela adierazi du– lehendakariak azaldu du bere asmoa dela "Parlamentua bizitza publikoko agora bat bihurtzea", "jendearen ahotsa entzunarazteko balioko duena, ez gizartearen errealitatetik isolatuta egoteko". "Kalera irten behar gara, herri-ekimenak biziberritu behar ditugu, ekitatearen, kohesioaren eta interes sozialaren alde lan egin".

Amaitzeko, Ainhoa Aznárez Uxue Barkosi zuzendu zaio, elkar harturik lan egiteko gonbita egiteko, asmo handiko aldaketa horiek iraunkorrak izatea lortze aldera. "Gobernuak eta Parlamentuak elkar harturik lan egin behar dugu, metodoetan, egituretan eta lan egiteko moduetan bat eginik erkidego honetako gizon-emakumeen eskaerei erantzuteko. Badakit langiletasuna, gaitasuna eta ekinaren ekinez aritzeko gertutasuna ez zaizkizula falta izango".

 

Uxue Barkosek, bere hitzaldiaren hasieran, berariaz adierazi die errekonozimendua "bere uste oso eta lanarekin aldaketa baketsu eta demokratiko hau ahalbidetu dutenei, beren ideiak inposatzeko indarkeria mota orori uko eginez eta indarkeria horiek salatuz".


Gobernuko lehendakariaren arabera, aldaketa baketsu honek normaltasunera ekarri gaitu, "historian zehar askotan lapurtu diguten" normaltasunera, eta Nafarroari "elkarrekin bakean bizitzeko aukera historikoa ematen dio". Barkosek esan duenez, "nahitaezko helburu izanen du bizikidetza"; "beste inoiz ez Nafarroa frontetan apurtua"; "normaltasun barneratzailea bilatzen dugu, ideiengatik edo hizkuntza adierazpenagatik eman den bazterkeriarekin bukatuko duena".


Garai berriaren sendotasuna eta aldaketaren balioaren neurria, Uxue Barkosen esanetan, politika duintzeko duten gaitasunaren araberakoa izanen da. Politika, betiere, zerbitzu publiko gisa ulertua, adi besteen behar eta nahiei. Eta lehendakari berriak esan duenez, politikak behar duen konpromiso etikoarekin batera, gure gizartearen balio indibidualak berreskuratu beharra dago. Aldaketa sakon, iraungarri, zentzuzko eta integratzaile baterako deia egin du, eta, horretarako, gure gizarteko eragile guztien laguntza beharrezkoa dela esan du.


Nafarroako aniztasuna azpimarratuta, eta onartuta bera abertzalea bada ere Nafarroaren gehiengoa ez dela abertzalea, lehendakariak eskubide historikoak hartu ditu hizpide: "negoziatzaile nekaezinak" izanen omen dira. Halaber, Nafarroa subjektu politikoa dela defendatu du, eta, beraz, Nafarroako gizon eta emakumeak izanen direla, kanpoko inolako presio eta mendekotasunik gabe, beren etorkizuna erabakiko dutenak".


Amaitzeko, Uxue Barkosek ohartarazi du "ez duela onartuko aldaketaren energiak alderdi-interesen eztabaida faltsuetan gal daitezen". Lehentasunak, orain, sozialak eta ekonomikoak omen dira. Asko izan dira lehendakari berriak adierazi dituen desioak; honakoak, besteak beste: pobrezia eta bazterkeria oro desagerrarazi nahi omen luke, baita langabezia ere, baina kalitatezko enpleguarekin; halaber, nafarrek euskara berea dutela sentitzea nahi omen luke, eta Nafarroa erreferente izatea gizarte berritzaile gisa. Aldaketa iritsi da, gelditzeko iritsi ere, Uxue Barkosek esan duenez, eta parte hartzeko gonbidapena luzatu du.

Musikaz Iruñeko Orfeoia arduratu da, zeinak bi obra kantatuz parte hartu baitu legegintzaldi-hasiera honetan: Jaurrietako Axuri Beltza herrikoia, Lorenzo Ondarrak eginiko moldaketaren araberakoa, eta Raimundo Lanas-en Navarra mía . Ekitaldia, Duguna-k dantzatutako agurra batekin amaitu da

Ekitaldira gonbidatuta egon dira Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako (Euskadi, Aragoi, Errioxa) eta haien Parlamentuetako lehendakariak, merindade buru eta 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietako alkateak eta lehendakari hautetsiaren familiartekoak nahiz lagunak.

Halaber bertaratu dira Foru Komunitateko agintari nagusiak eta nafar gizarteko talde zibiko, sozial, ekonomiko, hezkuntza-arloko eta kultural guztien ordezkariak.

Zehazki, ekitaldira ofizialki gonbidatutakoen artean egon dira, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko lehendakari ohiak, jarduneko exekutiboa, Gobernuaren ordezkaria, Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, Legebiltzarreko parlamentariak, Nafarroaren diputatu eta senatariak, Europako diputatua, Nafarroako Kontseiluko eta Kontuen Ganberako lehendakariak eta Arartekoa, bai eta erakunde zibikoak eta enpresa-, sindikatu-, unibertsitate- eta lankidetza-arlokoak ere.