Publicada el Thursday, 22 de October de 2015

Nafarroako Gobernuak Foruzaingoak trafikoko eskumenak bere gain har ditzan nahi du

kontseilariak EH Bilduren interpelazioari erantzun dio eta eskumen hori hainbat polizia gorputzen artean banatzeak "nahaspila eta eraginkortasun falta" dakarrela esan du

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak, Maria Jose Beaumontek, Foruzaingoak trafikoko eskumen guztiak bere gain har ditzan defendatu du, beste gorputz polizialen kalterako, eta gainera esan du bere ustez eskumen hori hainbat polizia gorputzen artean banatzeak “nahaspila eta eraginkortasun falta” dakarrela.


Maria Jose Beaumontek EH Bilduk Parlamentuko Osoko Bilkuran trafikoko eskumenei buruz egin zuen interpelazioari erantzun dio eta oroitarazi du Gobernuaren hitzarmen programatikoak “behin eta berriro aipatzen duela” Estatuarekin negoziatuko dela eskualdatu gabeko eskumenak hartzeko.


Zehazki, Foruzaingoaren alorrari dagokionez, Maria Jose Beaumontek baieztatu du hitzarmenaren arabera, trafikoko eskumenak hartzea Estatuarekin negoziatzea “lehentasunekoa” dela.


Bere ustez, “indarrean dagoen polizia gainjarrien eredua” eztabaidan “erortzen da” eta baieztatu duenez, “lan egiteko orduan protokolo ezberdinak dituzten poliziak izateak nahaspila eta eraginkortasun falta dakar”.


Gainera, Beaumontek adierazi duenez, Nafarroan biztanle bakoitzeko dagoen polizia ratioa “ez da proportzionala”, eta “argi eta garbi gainkostuak” ditu. “Polizia unitateen doiketa berri baterantz aurrerapausoak egitea beharrezkoa da.” Kontseilariak zehaztu duenez, Nafarroak mila biztanleko zazpi polizia daude, eurogunean ordea zifra hori 3,6koa da eta Espainian 4,8koa.


Parlamentuan egin den eztabaida honen jatorria Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epaitan dago, trafikoko eskumenak soilik Estatuari esleitzen baitizkio.


Beaumontek oroitarazi duenez, Nafarroako Gobernua “ez dator bat” epai horiekin, eta horregatik helegiteak aurkeztea erabaki du, Nafarroak eskumen horiek Hobekuntzan, Nafarroako poliziei buruzko foru legean eta errepideei buruzko foru legean aitortuta dituela argudiatuta. Bere ustez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiek “ikuspegi zentralista” dute.


“Gobernu honek ez du kontu hau hala nola utziko, epaiei helegitea jarri die eta gure esku dagoen guztia egingo dugu eskumen jakin horiek eskualdatzeko zalantzarik egon ez dadin”, baieztatu du.

EH Bilduk eskumenak soilik Foruzaingoarenak izan daitezen eskatu du

EH Bilduko bozeramaileak, Adolfo Araizek, baieztatu duenez, historian zehar “trafikoko eskumenen kontua ez da baketsua izan” eta adierazi du ez datorrela bat Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiekin, “gai honetan Nafarroaren eskumen mailaren irakurketa oso murriztailea” egiten dute-eta.


Hortaz, Foruzaingoak trafikoko zaintzaren eskumen guztiak bere gain har ditzan defendatu du, “Guardia Zibila ordezkatuz. Gaur hori exijitzeko moduan gaude.

Terrorismoaren aitzakia amaituta eskumen guztiak bere gain har ditzake Nafarroako errepideen kontrola Guardia Zibilarekin banatu behar izan gabe”, esan du.


Sergio Sayasek (UPN) bere taldearen “babes guztia” eman dio Gobernuari trafikoko eskumenak hartzeko, baina eztabaidatu du “kontseilaria Nafarroako polizien ratioarekin kezkatuta egotea. Ni ez nau batere kezkatzen ratioak, gaizkileak kezkatuko ditu. Herritarrei ziurtasuna ematen die”.


Koldo Martinez (Geroa Bai) Nafarroako Gobernuak gai honi dagokionez duen jarrerarekin pozik agertu da eta ziurtatu du bere taldeak “negoziazioa eta hitzarmena” babesten dituztela, “ez inposaketa. Konstituzioak eskualdaketa baimentzen duela uste dugu, eta berretsi egiten dugu. Gure babesa duzue. Bide hau Foruzaingoak inork baino gehiago zainduko duela espero dugu”.


Eduardo Santosek (Podemos-Ahal Dugu) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei helegitea jartzea babestu du eta, aldi berean, Nafarroako Gobernua premiatu du “albait azkarren elkarrizketak abiaraz ditzan eskumenen gai hau ahalik eta modu egokienean amai dadin”.


Inmaculada Juriok (PSN) esan du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiek ez dutela eraginik izango orain arte Foruzaingoa “beste segurtasun indarrekin koordinatuta eta elkarlanean” egiten ari zen lanean. Ildo horretan, esan duenez, “EH Bildu egiten ari dena gai honekin nahi duen xedea lortzeko bide gisa Foruzaingoa erabiltzea da, hau da, Guardia Zibila gure erkidegotik joatea”.


Ana Beltranek (PPN) ere EH Bildu-ren ekimena kritikatu du eta azpimarratu duenez, “askoz garrantzitsuagoa da Nafarroan langabezia ehuneko 9,3 igo dela Espainiako gainerako erkidegoetan jaitsi egin denean; horri buruz egin behar izango zen interpelazioa”. Trafikoaren gaiari dagokionez, Beltranek galdetu du ea “zergatik aldatu nahi dugun ongi funtzionatzen duena”.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) esan du “Nafarroako Gobernuak interpelazio honetan izan duen jarrera ona eta egokia” iruditu zaiola, bai helegitearen ikuspegiari bai eskumenak eskatzeari dagokionez.