Publicada el Thursday, 12 de November de 2015

Gobernuak finantza-erakunde publiko bat berreskuratzeko aukerak aztertuko ditu

Ayerdi lehendakariordeak EH Bildu-ren interpelazioari erantzun dio eta bermeen esleipenak mugatu direla eta "autogobernuari muga berri bat" ezarri zaiola ohartarazi du

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, Manu Ayerdik, Estatuak erkidego autonomoek eman ditzaketen bermeen esleipena “mugatzeko” onetsi duen ebazpena “autogobernuarentzako muga berri bat” dela esan du, eta horregatik txosten juridiko bat eskatuko du.


Manu Ayerdik EH Bildu-k Nafarroako Parlamentuan egindako interpelazio bati erantzun dio eta baieztatu du ebazpena Ogasuneko eta Administrazio Publikoko Ministerioak onetsi zuela irailean eta “orain arte ez zeuden bi muga” ezartzen dituela.


Zehazki, hemendik aurrera, “erkidego batek eman ditzakeen bermeen muga BPGd-aren % 1,5ean ezartzen du eta ezin dugu 25 milioi baino gehiagoko edo BPGd-aren % 1,5era bermerik eman estatuaren baimenik gabe. Horrek izugarri kezkatzen gaitu eta juridikoki aztertuko dugu. Birzentralizazioaren eta autogobernua mugatzearen adibide berri bat da”, baieztatu du.


Hala ere, Many Ayerdik azaldu du Gobernuak “apustu handia” egin duela 2016an elkarren bermerako sozietateekin kolaborazioa indartzeko, era horretan finantzaziorako sarbidea errazteko.


Banku Publikoari buruzko txostena


Gainera, Manu Ayerdik baieztatu du Gobernuak 2016an txosten bat prestatuko duela finantza jarduerak egin litzakeen entitate publikoren bat sortzeko aukera legalak, xedeak, betebeharrak eta baldintzak aztertuko dituena, Gobernuaren hitzarmen programatikoan berariaz jasotzen den moduan.


Ayerdik esan du txosten hori egiten den bitartean Nafarroako Gobernuak 2016an “Nafarroan oraindik jorratu gabe dagoen bide bat aztertu nahi duela, Gobernuaren eta elkarren bermerako sozietateekin kolaboratzea hain zuzen. Oraindik jorratu gabe dago eta oso garapen potentzial handia du”, esan du. Jarrian, zehaztu du dagoeneko Sonagar, Elkargi eta Oinarri sozietateekin harremanetan jarri dela.


Adierazi duenez, azken urteotan Sonagar “bere kabuz joan da eta ez da sintoniarik ez kolaboraziorik egon”, Nafarroako Gobernua haren kide nagusia den arren (minoritarioa bada ere). Elkargi eta Oinarriri dagokienean, aurreko Nafarroako Gobernuaren ustez entitate “euskaldunak” izateagatik orain arte kolaboraziorik egon ez izana deitoratu du.


Testuinguru horretan, Manu Ayerdik azpimarratu du bere nahia finantzaketaren sarbiderako neurrientzat “hiru entitateekin dauden kolaborazio hitzarmenak ahalik eta gehien aprobetxatzea” dela.


Entitate publiko bat abian jartzeko neurriei dagokienez eta 2016rako txosten bat prestatzeko esparruan, Manu Ayerdik azaldu du Gobernua Finantzen Institutu Katalanarekin eta Finantzen Institutu Euskaldunarekin harremanetan jarri dela nola funtzionatzen duten ikusteko.


Lehendakariordeak azaldu duenez, horrekin batera “zein aurrekontu esleipen egiteari buruzko eztabaida hasten da, aurrekontu egonkortasunerako xedeetan duen eraginari buruzkoa, edo beste erakunde batzuetatik funtsak eskuratzeko gaitasunari buruzkoa, Inbertsioen Europako Bankua kasu”.


Horrez gain, Ayerdik azpimarratu du Gobernuak Sodenaren 100 milioiko linea bat “heredatu” duela interes-tasa finkora Inbertsioen Europako Bankuan, eta horrek eragin negatiboa izan duela interesak erori zirelako. “Linea merkatutik kanpo geratu da guztiz, Sodena 35 milioi kolokatzeko gai besterik ez da izan. Kaltea gutxitzeko lan egiten ari gara eta dirua kolokatzeko moduak bilatzen ari gara. Heredatu dugun egoera ahalik eta hoberen kudeatzen ari gara”, azpimarratu du.


EH Bildu-k ausardia eskatu du


Maiorga Ramirezek (EH Bildu) Nafarroako Gobernuari “1921ean finantza erakunde propio bat, Nafarroako Kutxa, sortzeko bideari ekin zionean izan zuen ausardi berdinarekin jardutea” eskatu dio.


Ramirezek oroitarazi du CAN jaio zenean haren xedea “uzten zaizkion ekonomikoak produktibo bihurtzea” zela, “batez ere klase txironak, bai eta jarduera enpresarial eta instituzionalak ere. “Osagai funtsezkoa da, desegin dena berreraikitzea erronka bat da”.


Carlos Garcia Adanerok (UPN) Gobernuak elkarren bermerako sozietateekin kolaboratzeko aukera aztertzea “interesgarria” dela esan du eta Finantzen Institutu Euskaldunak “ongi” funtzionatzen duela baieztatu du. Alabaina, komentatu du Nafarroako Gobernuak ere Euskal Autonomia Erkidegoko “zergak kopia zitzakeela” zerga erreforma hori aurkeztu ordez.


Jokin Castiellak (Geroa Bai) esan duenez, “konfiantza osoa du Gobernu honek” Nafarroak behar dituen “ereduak aztertuko dituela eta finantzaketarako tresnak sortzeko neurriak bilatuko dituela”.


Fatima Andreok (Podemos-Ahal Dugu) azpimarratu du bere taldeak “eskuratu daitezkeen baldintzetan finantzaketarako sarbidea erraztuko duten banku erakunde publikoak sustatzearen” alde egiten duela.


Ainhoa Unzuk (PSN) azpimarratu du bere taldearen asmoa ez dela Nafarroan finantza erakunde berri bat sortzea, “finantzaketa eskuratzea erraztuko duten tresnak ematea” baizik.


Javier Garciak (PPN) baieztatu duenez, EH Bildu-k ez banku publiko bat sortzea proposatzeko du “sinesgarritasunik”, izan ere “beti besoak gurutzatuta geratu da talde terrorista batek bankariak eta enpresariak estortsionatzen zituen aldiro”.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) ziurtatu duenez, “finantza sistema funtsezkoa da ekonomiaren funtzionamenduan” eta hain zuzen “kontrol publikoa” defendatu du “lau edo bost pertsona ez daitezen espekulatzen aritu”.