Publicada el Thursday, 12 de November de 2015

Barkosek oposizioaren kritiken aurrean Gobernuaren balantze baikorra egin du

PPNren erkidegoa "hautsi eta arruinatzea" leporatzen dion interpelazioari erantzun dio eta hauteskundeen interesak alde batera utzi eta interes orokorrei erantzutera premiatu du

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Uxue Barkosek, Nafarroako Gobernuaren buruzagi izan den lehenengo egun hauen balantze “ona” egin du, oposiziotik “apokalipsirik gordinena marrazten” duen jendea egon arren.


Barkosek Parlamentuko Osoko Bilkuran PPNk Gobernuan egon den lehenengo ehun egunei buruz egindako interpelazio bati erantzun dio eta, besteak beste, gizarte politiketan, osasunean, hezkuntzan eta enpresa txiki eta ertainentzako finantzaketaren sarbidean hartu diren neurriak defendatu ditu.


PPNko eledunak, Ana Beltranek, “Nafarroa hautsi eta arruinatzea” egotzi ondoren, Barkosek baieztatu du “apokalipsirik gordinenaren marrazkia egin dezakezu, baina parlamentuan zarata egiteko beharrak sortutako marrazkia izaten jarraituko du. Nafarroaren interes orokorra xede izango duen oposizioa egitera, eta datuekin egin dezazun, gonbidatzen zaitut, ez hauteskundeetako kanpaina prestatzen duzun bitartean zuen egoitzan egindako marrazki apokaliptikoekin” esan dio Barkosek Beltrani.


Gobernuaren ehun egunen edukiari dagokionez, Gobernuko buruak baieztatu du “Nafarroako gizarte zaurgarrienari so egiten badiogu, balantzea baikorra” dela eta esan du “hiru hilabete baino pixka bat gehiagoan 30 milioi aktibatu dira larrialdietako laguntzetan”.


Era berean, adierazi du Gobernuak 38 milioi euro eman dituela enpresa txiki eta ertainen artean inbertsioa sustatzeko; osasuneko itxaron-zerrenden “arazo larriari aurre egiteko” estrategia abiarazi duela; eta hezkuntzan lan eskaintza publikoa aurkeztu duela, 400 plaza baino gehiagorekin, “aldi baterako lanaren arazo larria gainditzeko”.


Alabaina, aitortu du “finantza-egoera ez da baikorra”, eta aurreko legegintzaldian onetsi zen zerga erreformari egotzi dio egoera hori, “2016an Nafarroako diru kutxan 100 milioi euro baino gehiagoko murrizketa” ekarriko du. “Erreforma honek ekarri behar zuen kontsumoaren areagotze itzel hori ezerezean geratu da”, ohartarazi dio PPNri, eta oroitarazi dio ‘popularrek’ erreforma hori babestu zutela.


Horren aurrean, Uxue Barkosek Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen zerga erreforma defendatu du eta adierazi duenez, “klase ertainak zigortzen dituela guztiz faltsua da”. Gobernuko lehendakariaren esanetan, 60.000 euro baino gehiagoko errentei “eskatzen zaie ahalegina”. Gainera, Mariano Rajoyk agintaldiaren hasieran “diru gehiago bildu behar zelako zergak igo zituela” ziurtatu zuela oroitarazi dio PPri.


Lehenengo ehun egunen ondoren, Uxue Barkosek esan du Gobernuak “aurreko legegintzaldian pairatu dugun gobernu itzalia nolabait gainditu duela”.


PPNk gutxiengotik gobernatzea salatu du


PPNko eledunak, Ana Beltranek, baieztatu duenez Barkos “nafarren heren baten lehendakaria izan da soilik, langabezia areagotzeko eta inoiz ez bezalako haustura sozial batentzat. Gobernua Bildu-ren zamarekin presionatuta egon da eta Nafarroaren interes orokorraren gainetik haien gogoa betetzeko interesa agertu duzu soilik. Zure eraginkortasun falta maximoa izan da”, esan du.


Ana Beltranek Gobernuari Nafarroa “arruinatzea” leporatu dio “enplegua, garapena eta ongizatea dakarten oro geldiarazteagatik, besteak beste, erkidegoan aurreikusi ziren azpiegitura handiak, Nafarroako Ubidearen edo abiadura handiko trenaren moduan”. Halaber, ingelera ikasteko programa “geldiaraztea” eta zerga erreforma gaitzetsi ditu, “nafarrak zergaz itoko ditu. Ehun egun hauetan izan dituzun lorpen bakarrak gure erkidea haustea eta arruinatzea izan dira. Alferrikako ehun galdu izan dira”, errepikatu du.


Juan Luis Sanchezek (UPN) baieztatu du BAIren datuen arabera, urteko hirugarren hiruhilabetekoan langabezia 3.600 pertsonan areagotu dela, zifra hori ez zen “krisialdiaren urterik okerrenetan ere eman. Ez dut uste zifra horiekin aldaketa goraipatzea egokia denik, herritarrek hautemango duten lehengoa izango da, zerga erreformaren ondorioz, urtarriletik aurrera soldata orrian diru gutxiago izango dutela”.


Koldo Martinezek (Geroa Bai) azpimarratu duenez, “PPren Espainiako Gobernua, lau urteren buruan, lau milioi langabetuen eta % 27ko pobreen eta gizarte bazterkeriaren gobernua da. PPk gobernuan ehun egun daramatzanari zerbait eskatzen dio? Ispilu aurrean jarri, zuen aurpegiari begiratu eta ikusi Espainia nolako hondamendira eraman duzuen”.


Adolfo Araizek (EH Bildu) ohartarazi duenez, “aldaketaranzko aurrerapausoak ematen ari garenean, politikoki ongi kudeatzen jakin behar dugu, bestela akatsak gogor ordainduko ditugu. Baina argi izan behar dugu, aurrerapausoak eman behar badira, eman behar direla, ezin dugu beldurrez egon erregimenak aldaketa horren aurka sua botatzen duen aldiro. Ausartak izan behar dugu” baieztatu du.


Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu) Ana Beltran zoriondu du “behingoz Gobernuaren ehun egunak bete direlako eta badakit aspaldi zaudela une hau iritsi nahian aldaketaren irudia zalantzan jartzen jarraitzeko eta helmugarik gabeko eztabaidak hasteko. Bitartean, beste batzuk pertsonen benetako arazoak nola konpondu pentsatzen ari gara”.


Maria Chivitek (PSN) ziurtatu duenez, “aldaketa bat egon da, UPN joan da eta lau alderdien gobernua etorri da, baina ez da denentzat gobernatzen ari. Lehentasunen aldaketa bat egon da, bai, baina ez dute jendearen benetako lehentasunekin zerikusirik” esan du. Ondoren, besteak beste, hezkuntzako lan eskaintza publikoarekin kritiko agertu da.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) adierazi du interpelazio honek PPNren “antsietatea” agerian uzten duela eta balantzea egiteko “egun gehiago” behar direla. Hala ere, Gobernuaren lehenengo hilabete hauetan “erabaki garrantzitsuak hartu dira, haietako asko positiboak, zerga erreforma adibidez, eta beste batzuen guztiz kontra gaude” hezkuntzako lan eskaintza publikoa esaterako.