Publicada el Thursday, 26 de November de 2015

Gobernuak Erriberarentzako diagnostiko eta plan egoki bat egitea defendatu du

Ayerdi lehendakariordeak PPNren interpelazioari erantzun dio eta ohartarazi du bermeen esleipenean mugapenak daudela eta hortaz "autogobernuari muga berri bat" ezarri zaiola

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, Manu Ayerdik, Erriberaren egoerari buruzko “diagnostiko egoki” bat egitea defendatu du, eskualde horretan “garapena sustatzea xede duen legegintzaldi-plan” bat prestatzeko.


Manu Ayerdik PPNren interpelazioari erantzun dio eta esan duenez “Erriberaren egoera urrunetik dator” eta kritikatu du ‘popularrek’ “guk hilabete batean, bitan edo hirutan berehalako eta premiazko neurri zehatzak har ditzagun nahi izatea, orain dagokiguna diagnostiko egoki bat egitea denean”.


Gobernuko lehendakariordeak esan du bere asmoa “eskualdeko ikuspegia duen planifikazio bat egitea” dela, ez soilik Erriberarena, eskualde guztiena baizik. Kontua ez da kontseilari hau egun batean Tuterara edo Altsasura joatea, guztion artean lanerako mekanika bat ezartzea baizik”.


Horrekin batera, adierazi du dagoeneko neurri zehatzak hartzen ari direla, esaterako ETEen inbertsioa eta nekazaritzako sektorea sustatzeko deialdiak. Gainera, ziurtatu du Gobernuak deialdi horretan “kanpoan geratu ziren inbertsio proiektu ugari” sartu dituela.


Era berean, Ayerdik adierazi duenez, Gobernua “Sendavivako kudeatzaileekin eta Trenasaren matrizearekin kontaktuan dago, enpresaren egoera aztertzeko”. Halaber, “zailtasunak dituen Peraltako enpresa traktore baten egoera aztertzen ari da”. Gainera, “Erriberan lehorreko portuaren ekimena sustatzen ari da”.


Desadostasunak Ubideari eta AHTari dagokionez


Javier Garciak (PPN) baieztatu duenez, “Gobernuak Erriberako egoera ekonomikoa leunduko duten neurriak aplikatzeko interesik agertu gabe jarraitzen du”. Eskualde horretan “langabezia-tasa 11 puntu areagotu da krisia hasi zenetik eta orain ehuneko 21ean dago”.


Javier Garciak esan duenez, “egoera horren aurrean, Manu Ayerdi lehendakariordeak adeitasunik gabe iragan asteartean parlamentu saio batera joan eta hainbestetan aipatu den eta Nafarroaren inboluziorako hitzarmena baino ez den hitzarmen programatikoan jasotzen diren neurrien kopia-pega bat ekarri zigun”. Horregatik, “premiazko neurriak” eskatu ditu 2015. urte honetarako eta Nafarroako Ubidearen eta abiadura handiko trenaren gisako azpiegiturak defendatu ditu.


Manu Ayerdik Javier Garciari erantzun dionez, “trena gaur dagoen lekuan egotearen arduraduna ez da aurreko Nafarroako Gobernua ere, Alderdi Popularraren Gobernu zentralarena baizik”.


Nafarroako Ubideari dagokionez, PPNko parlamentariari eskatu dio “PPren botoarekin onetsi ziren Estatuko aurrekontuei so egin eta haren jarduketa aurreikuspenak zeintzuk diren azter dezan”.


Ayerdik zehaztu duenez “horrek ez du kentzen Nafarroako Gobernua kezkatuta egoteko eta Erriberako ur beharrak zeintzuk diren identifikatu eta aukera guztiak aztertu nahi izateko. Gobernuak bere azterlan propioak egin nahi ditu, guztiz arrazoizkoa iruditzen zait”.


Luis Casadok (UPN) esan duenez, Manu Ayerdirekin bat dator “egoera aztertu behar dela, estrategiak diseinatu behar direla eta udalekin hitz egin behar dela dioenean, baina uste dut Gobernuak lan egiteko neurri zehatzak izan beharko lituzkeela, eta ez ditu”. Casadok Nafarroako Ubidea eta abiadura handiko trena ere defendatu ditu.


Virginia Alemanek (Geroa Bai) defendatu du lan egitea “Nafarroaren ikuspegi komun bat ezartzeko, giza garapen iragankorra oinarri hartuta. Nafarroako eskualdeen egoera oso anitza da, datuak kezkatzekoak dira. Lehendakariak eskualde guztiekin harreman egonkorra izateko eredu bat diseinatzeko egin duen lanarekin bat egiten dugu. Arazoaren ikuspegi erreala izan behar dugu politika egokiak aplikatzeko”, esan du.


Arantza Izurdiagak (EH Bildu) aitortu duenez, “Nafarroan desoreka sozioekonomiko nabarmenak daudela errealitate bat da eta eskualdeen arteko oreka xede duten neurriak hartu behar dira. Horretarako diagnostiko bat egitea funtsezkoa da. PPk egiten duen parte-hartze bakoitzean Gobernuaren pasibotasuna salatzen du, ba begira, gu diagnostikoak kezkatzen gaitu. Arazoaren ikuspegi erreala izan behar dugu politika egokiak aplikatzeko”.


Fatima Andreok (Podemos-Ahal Dugu) deitoratu du PPk “Erriberako egoera erabiltzea bere betiko gaiak ateratzeko, besteak beste, zerga erreforma, Nafarroako Ubidea eta abiadura handiko trena”. Bere ustez, “gai honek neurri zehatzekin sakontzea eta betikora ez bueltatzea eskatzen du”. Andreok “balio erantsi handiagoa duen ekoizpen eredu bat” defendatu du, “I+G+Bari eta ingurumenari lotuta”.


Guzman Garmendiak (PSN) baieztatu duenez, “Erribera gaizki dago eta zerbait egin behar dugu” eta esan du bere ustez Gobernua “gauza zehatz asko” egiten ari dela, baina “arazoa gauza horien norabidea da. Gobernu honentzat dena Nafarroarentzako planak dira, Erriberarentzat izan ezik, eta neurri oso zehatzak hartu ditu, adibidez ingelesa ikasteko programa, lan eskaintza publikoa eta zerga erreforma, Erribera zigortuz”.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) ohartarazi duenez, “Nafarroako eta Espainiako UPNren eta PPren Gobernuek erantzukizun handia dute Erriberaren egoerari dagokionez hartu dituzten politikengatik” eta adierazi du Nafarroako Gobernu honek “Erriberarentzako plan estrategiko bat eta plan industrial bat egin behar ditu, funtsezkoa da”.