Publicada el Thursday, 10 de December de 2015

Nafarroako Gobernua 'Tasa arrosa' deiturikoak daukan eraginari buruzko txosten bat egitera premiatu dute

Zenbait produktu eta zerbitzu, maiz oinarrizkoak edo premia bizikoak, garestitzen dituen ezkutuko zerga mota bat da, soilik emakumeentzat bideratuta egoteagatik aplikatzen dena

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur non Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialarekin batera txoten bat presta dezan, jakite aldera ea ‘Tasa arrosa’ –produktu beraren edo ezaugarri bertsuko produktu baten balioaren gehikuntza ulergaitza, produktu hori emakumeei zuzendua denean- existitzen den, zenbatekoa den eta kontsumitzaileen eskubideei dagokienez zer eragin duen”.

Mozioak beste bi idatz-zati zituen, biak ala biak UPNk eta PPNk haien aurka eman dituzten botoekin, Geroa Bai-ren, EH Bildu-ren, PSNren eta I-Eren abstentzioekin eta Podemos-Ahal Duguk haien alde eman duen botoarekin bazter geratu direnak.

Bazter geratu den lehenengo idatz-zatiak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen, Nafarroako Komunitatearen eskumenak baliatua, “arautu dezan saritzea, ‘Tasa arrosa’ aplikatzen ez duten produktu edo zerbitzuak saltzen edo banatzen dituzten establezimenduak, handizkariak edo/eta banatzaileak”.

Era berean eta ‘Tasa arrosa’ dela-eta egiten den txosten hori ikusita, Nafarroako Gobernua premiatzen da “kanpaina bat susta dezan tasa hori aplikatzen ez duten establezimenduak ikusarazte aldera; adibidez, eranskailuak jarrita establezimendu horien atean, zeinen bidez ohartaraziko baita establezimendu horretan ez dela ‘Tasa arrosa’ aplikatzen”.

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Duguk bultzatu duen ebazpenak 1995ean Kalifornian egin zen azterlan bat aipatzen du. “Azterlan horrek ezarri zuen emakumeek 1.300 dolar gehiago ordaintzen zituztela urtean, gizonezkoek ere erosten zituzten produktu eta zerbitzu berengatik. Alderik handiena ematen zen higieneko eta gorputza zaintzeko produktuetan eta estetikako produktuetan”.

Denboran gertuago eta Georgette Sand talde feministak egin zuen azterlan zabal baten bidez 2014an salatu zuen ezkutuko zerga mota hori egon badagoela. Hortaz, Frantziako Ekonomia Ministerioak horri buruzko azterlan ofizial bat egiteko agindua eman zuen, baina oraindik ere ez dakigu zeintzuk diren emaitzak eta ondorioak.

Gauzak horrela, eta “berdintasunaren eta duintasunaren gisako oinarrizko eskubideei eragiten” dielako, salatzen da zenbait produktuk eta zerbitzuk, maiz oinarrizkoak edo premia bizikoak, gehikuntza ulertezina jasaten dutela, soilik emakumeentzat bideratuta egoteagatik. Hori bereziki larria da generoen arteko soldata-arrailari erreparatzen badiogu, zeina ia % 30ekoa baitzen 2014an Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera, Estatu osoko handienetariko bat, Aragoik bakarrik gainditzen duena; izan ere, gizonezkoek 27.632,80 euroko irabaziak izan zituzten batez beste urte horretan, eta emakumezkoek, berriz, 19.462,13 eurokoak”.

Egoera horri aurre egiteko, proposatu duen taldeak Nafarroan merkataritza arautzen duen 17/2001 eta Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko 17/2015 foru legeak aipatzen zituen. Izan ere, proposatu duen taldearen ustez bi lege horiek bide bat irekitzen dute Gobernuak eta Nafarroako Merkataritza Ganberak berak “auzi hau ikertu eta arautu ahal izan dezaten kontsumitzaile guztiei zor zaien berdintasunarekiko errespetuaren alde”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 36. zk., 2015-11-27koa)