Eskubide Sozialetako Batzordeak bisita egin du Leitzako Okile okupazio tailerrera
Zentroa 1992an sortu zen, eta desgaitasun psikikoa duten sei helduri ematen die arreta; kontusail izenduna jaso du lehen aldiz 2016ko Aurrekontu Orokorretan
EH Bildu parlamentu-taldeak eskaturik, Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur bisita egin du Leitzako Okile okupazio tailerrera. Udalaren menpeko zentroa da, arropa garbiketan, digitalizazioan eta paperaren fabrikazioan eta manipulazioan espezializatua. Desgaitasuna, batez ere desgaitasun psikikoa, duten pertsonen prestakuntzaren eta enpleguaren arloan dihardu.
Batzordeko kide hauek joan dira zentrora: Maribel García Malo, (UPN PT), Consuelo Satrustegi (Geroa Bai PT), Asun Fernández de Garaialde (Bildu PT), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu PT) eta Nuria Medina (PSN PT).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Pablo Feo eta Virginia Erasok, hurrenez hurren tailerreko eta zentroko arduradunek; Liburutegiko arduradun Jose Luis Huartek, Haur Eskolako zuzendari Aitziber Altunak, Komunikazio arloko zinegotzi Markel Azkargortak, eta Hezkuntza eta Aniztasun arloko zinegotzi Ohiane Calderonek.
Bisitaren helburua, Asun Fernández de Garaialdek azaldu duenez, zentroaren “egoera, eskaria eta bilakaera bertatik bertara ezagutzea” izan da. Zentroa 1992an sortu zen eta gaur egun sei heldu ari dira bertan (09:00etatik 17:00ak arte), monitore batek eta boluntario batek lagunduta.
Harreraren ondoren bilera egin da eta Virginia Erasok gogora ekarri du nola sortu zen zentroa. Senideek osatutako Okile Elkartea da zentroaren oinarria, hura dinamizatzeaz eta zati batean finantzatzeaz arduratzen baita. Zerbitzu publiko horrek aurten lehen aldiz kontusail izenduna du Nafarroako Aurrekontu Orokorretan (24.000 euro). Leitzako Udalak zuzenean hartzen du bere gain prestazioa.
“Elkarte pribatu gisa parte hartu izan dugu Gobernuaren diru-laguntzetarako deialdietan, eta azkenaldian urteko kostuaren %20-30 baino ez genuen lortzen (45.000 euro inguru). Udalera bideratzen genuen, eta Udalak jartzen zuen gainerakoa”.
Erasok zehaztu duenez, egoera nabarmen aldatu da. Kontusail izendun bat izateak esan nahi du “aintzat hartzen gaituztela eta nolabaiteko egonkortasuna ematen digu, gure elkarte txiki hau ezin baita lehiatu produkzio lerroak eta erabiltzaile asko dituzten Anfas, Tasubinsa edo Elkarkide bezalako proiektu handi eta indartsuekin. Orain, zerbitzu publikoa izanda, Gobernuaren eta Leitzako Udalaren arteko hitzarmena egitea litzateke egokiena”.
Behin “ixteko arriskua saihestuta”, nahiz eta arriskuak “hortxe iraun”, Udalak “ez baititu baliabideak soberan”, Okile Elkarteak planteatzen du herriko erdialderago kokatu behar litzatekeela okupazio zentroa, Udalaren edo Gobernuaren egoitzaren batean. “Horrek irisgarritasun arazoak konponduko lituzke eta ageriago egonen ginateke, nahiz eta, egia esan, aski gizarteratuta gauden; eta Haur Eskola handitzeko aukera emanen luke. Pixkanaka landuko ditugun gaiak dira”, aurreratu du Ohiane Calderón Hezkuntza eta Aniztasun arloko zinegotziak.
Bilera amaitu eta okupazio zentroa ikusi ondoren, UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN taldeetako eledunek txalotu egin dute Okilek egiten duen lana: pertsonei gizarteratzen eta bete-betean garatzen laguntzea berdintasun baldintzetan, gizarte inklusibo batek eskatzen duen bezala.
Horren haritik, Asun Fernández de Garaialde, Maribel García Malo, Consuelo Satrustegi, Mikel Buil eta Nuria Medinak azpimarratu dute Okile okupazio zentroarentzat bultzada eta saria izan dela “kontusail bat esleitzea lehen aldiz Foru Komunitatearen 2016rako Aurrekontu Orokorretan. Borondate politiko eta teknikoaren erakusgarri izan da, onespena agertu zaio zentroari”.