Publicada el Thursday, 11 de February de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da klima-aldaketari aurre egiteko plan estrategikoa egin dezan

Planak bere garapenerako aurreikuspena jaso behar luke, bai etaenergia garbiak ekoizteko eta efizientzia energetikoa sustatzeko plan sektorialetako neurrien aurrerapena ere

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin, non Nafarroako Gobernua premiatzen baita “agerraldi boluntario baterako eskaria eginez parlamentu honetan aurkez ditzan sinatutako akordioan jasotako konpromiso zehaztuak”.


Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, berriz, foru gobernua premiatzen da “klima aldaketaren aurkako plan estrategiko bat egin eta Parlamentu honetan 2017aren erdialdea baino lehen aurkez dezan, eta plan horrek Nafarroako gizartearen parte-hartze zabala izatea”.


Hirugarren atalean honako hau eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari: “Plan estrategiko horrek bere garapenerako aurreikuspen bat jaso dezan, bai eta honako arlo hauei buruzko plan sektorialetako neurrien aurrerapen bat ere: energia garbien ekoizpena eta efizientzia energetikoaren sustapena; trafikoa eta garraioa; baliabide naturalen babesa eta hondakinen gutxitzea; energia-ereduaren aldaketan oinarritutako ekonomiaren sustapena eta teknologia; bai eta ekimen honetan funtsezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak ere, eta horiek guztiak Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen esparruan”.


Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio, azkenik, plan horrek adierazle batzuk proposa ditzala, “Nafarroako Gobernuak emisioen gutxitzea dela-eta sinatuta dauzkan helburuen jarraipena ahalbidetuko dutenak”.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioa aldatzeko zuzenketa aurkeztu dute –UPNk, ekimenaren titularrak, ez du onartu–, gaiaren arabera eskumena duen kontseilariak “urte amaiera baino lehen Parlamentuan aurkez dezan Departamentuaren jarduketa-planean klima aldaketari aurre egiteko aurreikusitako plan estrategikoa. Plan horrek urtero eguneratu beharreko adierazle batzuk jasoko ditu, Nafarroako Gobernuak emisioak murrizte aldera bere gain hartutako helburuen jarraipena egin ahal izateko”.


UPNk bultzatutako ebazpenak zioen azalpenean ohartarazten duenez, “klima-aldaketa errealitate bat da, jada inork zalantzan jartzen ez duena; gutxienez ere erkidego zientifikoan, eta segur aski, nolabait ere informatuta dagoen eta gaia gutxieneko objektibotasun batez aztertzen duen edozeinen kasuan. Badakigu, halaber, nolako papera jokatzen duten gai honetan negutegi-efektuko gas deitutakoek, zeinak erregai fosilen erreketak sortzen baititu. Halaber, nahikoa eta sobra ezagutzen ditugu nolako arriskuak dakartzan eta jada antzeman ahal ditugun eraginak.


Proposamen-egileak gogora dakar Nafarroako Gobernuak berriki konpromiso bat sinatu duela “beste 100 erregiorekin batera, negutegi-efektuko gasen emisioak 2050. urterako % 80 gutxitzeko, klima-aldaketari buruzko Parisko goi-bilera dela-eta”.


Gobernu erregional horiek konpromisoa hartzen dute “nazioarteko lankidetzarako eredu zabalagoa sustatzeko; eredu hori gauzatuko da bere eskumeneko esparruetan, honako gai hauetan zentratuta: efizientzia energetikoa; trafikoa eta garraioa; baliabide naturalen babesa eta hondakinen gutxitzea; zientzia eta teknologia; komunikazioa eta parte-hartze publikoa; eta klima-kutsatzaile efimeroak”.


Ekimenaren titularraren iritziz, “energia-agertoki berri bateranzko eraldaketa horrek eskatzen du neurri zehatzak hartzen joatea epe luzeko ikuspegi estrategiko batekin. Halaber, uste dugu prozesu hori gizarteko sektore guztiek ahal den informazio gehiena edukiz eta haiek parte hartuz egin behar dela, eta are etorkizun klimatiko baterako prestatu beharra daukagula, zeinetan, helburu onenak erdietsiz mende amaierarako igoera 2º C “soilik” izanik ere, posible baitira balizko lehorte-egoera iraunkorrak, itsasoaren maila igotzea, eta egoera horietatik guztietatik heldutako eragin aurreikusgarriak, hala nola elikagai-eskasia, biztanle-migrazio masiboak eta abar”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (44. NPAO, 2015-12-18koa)