Publicada el Thursday, 11 de February de 2016

Minutu bateko isilunea ETAk erbestera bultzatutakoen eta ETAren biktima guztien oroimenez

UPNko parlamentari Luis Zarraluquik eskatu du, eta parlamentari guztiak batu zaizkio EH Bildukoak izan ezik, horiek eserita gelditu baitira

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuraren hasieran minutu bateko isilunea egin da ETAk erbestera bultzatutakoak eta ETAk gizateriaren aurka egindako krimen guztien biktimak oroitzeko eguna dela eta.


Luis Zarraluquik (UPN parlamentu-taldea) eskatu du isilunea egiteko, bilkurako lehen puntua defendatzeko hitza hartu duenean, eta parlamentari guztiak batu zaizkio, Uxue Barkos Gobernuko lehendakaria barne, salbu eta EH Bilduko parlamentariak, horiek beren lekuetan eserita jarraitu baitute.


Osoko Bilkura hasi aurretik UPNk eskatu du minutu bateko isilunea egin dadila ETAk erbestera bultzatutakoak eta ETAk gizateriaren aurka egindako krimenen biktima guztiak oroitzeko eguna dela eta, baina Parlamentuko Mahaiak ez dio onartu eskaera.


Gogoratuko denez, Eledunen Batzarrak iragan astelehenean baztertu egin zuen UPN, PSN eta PPNk proposatutako erakunde-adierazpen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak ohartarazi behar baitzuen otsailaren 11 dela ETAk erbestera bultzatutakoak eta ETAk gizateriaren aurka egindako krimenen biktima guztiak oroitzeko eguna. Proposatzaileen babesa ez zen nahikoa izan, kontrako botoak eman zituztelako Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak.


Baztertutako proposamenaren testuak honako hau zioen:


“Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du otsailaren 11 dela ETAk erbestera bultzatutakoak eta ETAk gizateriaren aurka egindako krimenen biktima guztiak oroitzeko eguna. Krimen horiek ahaztea eragotzi behar da, inoiz gehiago ez dadin horrelakorik gertatu”.