Publicada el Thursday, 10 de March de 2016

Espainiako Gobernua premiatzen da aintzat har ditzan neuroendekapenezko gaixotasunak

Diagnostikoari lotuta %33ko desgaitasuna onar dadin planteatzen da, baliabide eta prestazioen eskuragarritasuna hobetzeko

Nafarroako Parlamentuak gaur egindako osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki baten bitartez Espainiako Gobernua premiatzen da “neuroendekapenezko gaixotasunak dituzten pertsonen elkarteen eskaerak aintzat har ditzan, baremoak berrikusteko eta eguneratzeko prozesuetan gaixotasun horien espezifikotasun guztiak kontuan hartuta, uneoro balorazio-prozesuak ekitatez egin ahal izateko eta endekapen-prozesuaren aurrerapenaren ezaugarriei begiratuta”.

Onetsi den erabakiaren bigarren atalean, bestalde, Gobernu zentrala premiatzen da “desgaitasun-maila ebaluatzeko baremoa alda dezan, neuroendekapenezko gaixotasunak diagnostikatu ondoren %33ko desgaitasuna aitortuta, balorazioa bera zein ere den, halako moldez non gaixotasun horien sorrerak eta bilakaerak agertzen duten askotarikotasunaren ondoriozko espezifikotasuna konpentsatuko baita”.

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek sustatutako erabaki horrek, zioen azalpenean, neuroendekapenezko gaixotasunek ekartzen dituzten “pairamen fisiko eta psikiko itzelak” gogorarazten ditu, bai eta haien “ondorio sozioekonomikoak” ere, eta gaineratzen du balorazio sistema ez dela “egokia, ezta sentikorra ere, desgaitasunaren errealitatea neurtzeko”.

Ildo horretan, eta kontuan izanik aitorpena “beranduegi” gertatu ohi dela, “ordurako pertsonak narriadura fisiko larria daukanean”, hasieratik %33ko desgaitasuna aitortzeko eskatzen da, horrek lagungarria bailitzateke “baliabideak, zerbitzuak eta prestazioak hobeto eskuratzeko, eta eragotziko bailuke balizko babesgabetasun egoerak sortzea, gaur egun gertatzen direnak bezalakoak”. Hala, “gaixotasun horien bilakaera askotarikoa izatearen ondoriozko espezifikotasuna konpentsatuko litzateke”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (26. NPAO, 2016-02-26koa)