Publicada el Monday, 7 de March de 2016

Alarguneko Pentsioen Berdintasunaren aldeko Plataformaren omenezko ekitaldi instituzionala

Aznarezek emakumeen irmotasuna goraipatu du, eta azpimarratu du ez dela "denboraren iragan soila, gizartearen bultzada baino, aurrerapenen azpian dagoena"

Alarguntasuneko sorospenetarako laguntza bereziei buruzko 11/2003 Foru Legearen hamahirugarren urteurrena dela eta, Nafarroako Parlamentuak pentsioak duintzea lortu zuten pertsonen omenezko ekitaldi instituzionala egin du, “emakumeen eskubideak duintzearen aldeko borrokan egin zuten ekarpena” nabarmendu nahian, Ainhoa Aznarezek azpimarratu duenez.


Erakunde-aretoan egin da ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Maiorga Ramírez Mahaiaren idazkari nagusia, talde guztietako hainbat parlamentari, Javier Enériz Arartekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NBI) zuzendari Mertxe Leranoz eta Berdintasunaren aldeko Plataformako kideak.


Ainhoa Aznárez Parlamentuko lehendakariak eman dio hasiera ekitaldiari. Lehendabizi txalotu egin du “urteetako borroka eta ahaleginaren” buruan pentsiorako eskubidea aitortzea lortu zuen kolektiboak “esparru pribatuko lan bizitza luzearen ondoren bikotekidea hildakoan babes gabezia gorrian gelditzen ziren milaka eta milaka emakumeen alde” egindako lana.


Hala, “zuen borroka historia feministaren parte” dela sinetsita, lehendakariak Clara Campoamorren figura gogoratu du, emakumeen sufragio-eskubidearen alde egin zuen lana azpimarratu du —1931n onartu zen eta lehen aldiz 1933ko hauteskundeetan erabili zen—, eta ohartarazi du oraindik badirela “emakumeei oinarrizko eskubide politiko hori ukatzen dieten herrialdeak”.


Horren harira, eta berriz ere “gordintasun handiagoarekin edo txikiagoarekin emakume guztiok bizi behar dugun” errealitatera itzulita, Ainhoa Aznarezek Pentsioen aldeko Plataformaren irmotasuna aipatu du. “Ez da denboraren iragan soila, gizartearen bultzada baino, lortutako aurrerapenen azpian dagoena”.


Aurrerabidean “atzera pausoak” ere tartekatu direla esan du. Izan ere, “emakumeen egoera ezin da gizonen egoerarekin parekatu munduko herrialde batean ere, eta esparru guztietan gertatzen da hori, bai lanbide arloan, bai gizartean, politikagintzan, ekonomian nahiz kulturan. Bakar batean ere ez dago berdintasunik”.


Azkenik, Ainhoa Aznarezek atzera begiratu du, orain 105 urte lehen aldiz Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zela gogoratzeko. Ospakizun hark, Clara Zetkinen proposamenez, emakumeen eskubideak duintzeko borroka bideratu zuen. “Horixe da plataformaren omenaldi honen zentzua. Gaurko eskubideak zuen borrokaren eta zuen aldarrikapenen emaitza baino ez dira”.


Jarraian Uxue Barkos Gobernuko lehendakariaren txanda izan da. Goraipatu egin du “Alarguntasun Pentsioen Berdintasunaren aldeko Plataforma osatzen duten emakumeen borroka irmoa”, haien lanari esker lortu baitzen “pentsioak duintzea, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea eta egoera izugarri zaila bizi zuten Nafarroako alargunekiko zorra kitatzea”.


Eskabideak eskubide bilakatzeko garaian ekintza kolektiboak duen indarra aipatu du Gobernuko lehendakariak. “Ezer irakatsi baziguten, batasuna indarra dela eta hitzak eta parte-hartzeak emakumeei indarra eta botere pertsonala eta soziala ematen laguntzen dutela izan zen”.


Azkenik, Barkosek gogora ekarri du, NBEk aldarrikatu duen bezala, “giza eskubideek pertsona bakoitzaren duintasuna eta askatasuna” azpimarratzen dituztela, “baina haiek gauzatzea neurri handian elkartasunaren eta ekintza kolektiboaren mende” dagoela. Ekintza kolektibo horretan, “nola ez, Gobernu honen ekintza ere sartzen da”.


Berdintasunaren aldeko Plataformaren izenean, Montse Olleta, María Luisa García eta Magdalena Cirizak eskertu egin dute Parlamentuak egindako “bihotzeko omenaldia”, Tere Saezek “emakumeen bazterkeriarekin” zerikusia duen orori buruz agertutako “sentikortasuna” aitortu dute, eta eskatu dute “berdintasunaren aldeko borrokan jarraitzeko, lortu ahal den eta lortu behar den zerbait delako”.


Montse Olletak aitormen berezia eskatu du María Luisa Garciarentzat, “lorpen honen benetako egilea baita. Bere ahaleginarekin eta enpatiarekin besteak engaiatzen jakin zuen, hilabete amaierara nekez iristen zirenen oinaze emozionala eta ekonomikoa leuntzen lagunduko zuen eskubide baten lorpena beti buruan. Gainerakoan, mila esker gure borroka agerian jarri zuten guztiei”.


Hitzaldiak bukatuta, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezek eta Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek lore sorta bana eta Nafarroako Gorteen antzinako hautetsontzien erreplika bana eman dizkiete Josefina Ojedari eta Andrea Alonsori, zeinek hurrenez hurren Fidela Garciaren eta Mary Gomezen izenean jaso baitituzte.


Txistularien Elkarteak musikaz girotu du ekitaldia. Guernica izeneko pieza jo du.


Hona hemen omendutako emakumeen zerrenda: M. Luisa García, Mery Gómez, Magdalena Ciriza, Fidela García, Merche Bermúdez, Félix Sotera, Montse Olleta, Paqui Robledo, Mélida Reveiro, Montse Fernández, Nieves Echeverría, Merche Oyeregui, M. Carmen Gómez, Engracia Muriano, Maika Percaz, María Escalona.