Publicada el Friday, 18 de March de 2016

Parlamentuak erabaki du EBko bandera kentzea bere toki ofizialetatik

Harik eta Europar Batasunak espresuki baztertu arte Turkiaren proposamena, Greziako kostaldeetara legez kanpo iristen diren atzerritar guztiak Turkiara eramatekoa

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek proposaturik, Parlamentuko Mahaiak erabaki du Europar Batasuneko bandera ez dela Nafarroako Parlamentuaren toki ofizialetan egonen “harik eta Batasunak espresuki uko egin arte Turkiako Estatuak egindako proposamenari”. Ainhoa Aznárez lehendakariak, Unai Hualde lehen lehendakariordeak eta Maiorga Ramírez lehen idazkariak aldeko botoa eman dute, eta Alberto Catalán bigarren lehendakariordeak eta Óscar Arizcuren bigarren idazkariak, kontrakoa.


Martxoaren 7an ezagutu den akordio horren arabera, Europar Batasuneko hogeita zortzi herrialdeek Turkiara atzera bidaliko dituzte Greziako kostaldeetara legez kanpo iristen diren atzerritar guztiak, errefuxiatuen arretarako 6.000 milioi euro emanen dizkiote Turkiari, eta turkiarrei ez diete bisarik eskatuko Europar Batasuneko lurraldean bidaiatzeko.


Europako Kontseiluak noiz berretsiko zain dagoen akordio horretan jasorik dago, antza denez, errefuxiatuek asilo eskaera aurkezteko eskubidea izanen dutela Europara iristean zapaltzen duten lehen herrialdean (Grezia, funtsean), eta asiloa ukatzen bazaie errekurtsoa jarri ahal izanen dutela. Horrela ez litzateke urratuko Genevako Konbentzioa, zeinak kanporatze kolektiboak debekatzen baititu.


Turkiarekiko akordioaren gakoa da errefuxiatuak ez direla Greziako uharteetatik irtetera iritsi behar, prozesu osoa bertan bideratu dadin. Izapideak egiteko, Greziako epaileei kanporatzeak dekretatzeko ahalmena eman behar litzaieke.