Publicada el Thursday, 14 de April de 2016

Gobernuak lehendik ere txarra den egoera leuntzeko egin duen ahalegina azpimarratu du Hezkuntzako kontseilariak

I-Eri erantzunez, zeinean Gobernua premiatzen baita "ez dezan itun gehiago sinatu eta buelta eman diezaion hezkuntza publikoak bere azpiegituretan jasaten duen narriadurari"

José Luis Mendoza Hezkuntzako kontseilariak, Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran, bere departamentuak "jarauntsitako egoera" leuntzeko egiten ari den "ahalegin ekonomikoa" azpimarratu du, eta ohartarazi du legegintzaldi bat baino gehiago beharko direla "kalitatezko irakaskuntza publikoak bete beharreko gutxienekoetara iristeko".


Mendozak iragarri du datorren astelehenean ministroarekin bilduko dela irakasleen ordezte tasa eta beste gai batzuk jorratzeko. "Mirariak egiten" saiatzen ari direla adierazi du, "hasierako aurreikuspenetatik harago ere joan nahian, ikastetxeetako obrak lehenesteari dagokionez".


Horrela erantzun dio kontseilariak I-Eko Marisa de Simón parlamentariaren jabeldurari. Hezkuntza Departamentuak Nafarroako irakaskuntza publikoaren eskaintza finantzatzeko eta antolatzeko darabilen politika orokorrari buruzko jabeldura izan da.


De Simonek esan du irakaskuntza publikoak jasan dituen "narriaduraren eta erasoen" jakitun direla, eta egoera horri "buelta eman" behar zaiola. Hala, hezkuntza eskaintza hobetzeko premia dagoela azpimarratu ondoren, gaineratu du Departamentuak hezkuntza azpiegitura berrien gaineko azterlan zehatza aurkeztu behar duela.


Bestalde, De Simonek itunen politikaren berri eskatu du; hain zuzen ere kontseilariari galdetu dio ea itun gehiago ez sinatzeko konpromisoa hartuko duen.


Mendoza kontseilariak esan du eskolatzeari buruzko araudia aldatzeko asmotan direla, eta berriro gogorarazi du aurreko gobernuen agintaldietan hezkuntza publikorako aurrekontuak "urrituz" joan direla.


Murrizketak egiteaz gainera azpiegiturak "mantentzeari utzi" zaiola salatu du, eta ondorioz orain ekipamendu berriak eraiki behar direla, behinola behar ziren konponketak egin ez zirelako.


Mendozak adierazi du larrialdien zerrenda batekin lanean ari direla, krisiaren aurretik izandako ekipamendu maila berreskuratzeko, langileen egoera hobetzeko eta ikastetxe guztiek ekipamendu egoki, moderno eta funtzionalak edukitzeko.


Esan du, beste gauza batzuen artean, aurreko Gobernuaren "opariei" aurre egin behar izan dietela, esaterako, oporraldietan langileei ordaindu ez izanari. Era berean adierazi du lehentasuna emanen diotela ingurune hurbilenean eskolatzeari. "Ez da inongo ikastetxe publikotan lerro bakar bat ere itxi", erantsi du.


Bestalde, Mendozak gogora ekarri du "gizartean nahiz politikagintzan entzuten den aldarri ozena: LOMCEk ez duela balio eta penagarria dela". Argitu egin du Nafarroan Lehen Hezkuntzako seigarren mailan eginen den proba ez dela LOMCEkoa, hizkuntza gaitasuna ebaluatzeko proba baizik.


"Zeure burua indarrik gabe ikusten baduzu, joan zaitez", esan dio Carlos García Adanerok (UPN), eta baieztatu du Gobernua dela irakaskuntza publikoa "hondatzen" ari dena, eragiten duen "segurtasun gabeziagatik".


María Solana (Geroa Bai parlamentu-taldea) arazo horiek jorratzeko hezkuntzako lantalde bat sortzearen alde agertu da, eta Nafarroako hezkuntza sistema bereki batean sakontzeko eskatu du.


Miren Aranoak (EH Bildu) azpimarratu du "irakaskuntza sistema publikoak hezkuntza sistemaren ardatza" izan behar duela, eta pozik agertu da D ereduaren hedapenagatik.


Tere Saezek (Podemos) adierazi du azken urteotako kudeaketaren "porrota" ikusten ari garela gaur, profesionalen "kalitatearekin" batera. Lortutakoari "gutxi" irizten diotela erantsi du. José Iribas Hezkuntzako kontseilari izandakoari egindako aipamenagatik kargu hartu dio UPN taldeak.


Carlos Gimenok (PSN) "zer den aurrerakoia eta zer ez" hausnartzeko eskatu du, eremu ez euskalduneko ikastetxe pribatuen finantzaketaz edota IIP programaren etenaz ari zela, eta azken programa hori "bidezko aurrerapen soziala" iruditzen zaiola esan du.


Javier Garciak (PPN foru parlamentarien elkartea) adierazi du eledun batzuek ez dutela "bere gain hartu gobernukideak izatea", eta onartezina dela "gurasoei ikastetxe edo programa jakin bat nahitaez ezartzen saiatzea". LOMCE geldiarazteak berekin dakarrena, horixe dela "murrizketa" gehitu du.