Publicada el Sunday, 17 de April de 2016

1936ko matxinada militarraren ondoren eraildako herri ordezkarien omenezko ekitaldia

Aznarezek barkamena eskatu du Parlamentuaren izenean, kitatutzat eman duela 80 urte egindako zorra, eta "gauzatu ezean" legeek ez dutela balio ohartarazi du

Nafarroako Parlamentuan 1936ko matxinada militarraren ondoren eraildako herri ordezkariei omenaldia egin zaie gaur. Ekitaldi horren barruan, lekuz aldatu da eraildako funtzionario, langile eta kargudun hautetsien zerrenda dakarren plaka, “Parlamentuaren egoitzako atalondoko leku nabarmen batean” jartzeko, 33/2013 Foru Legeak, errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, agintzen duen bezala.


Ainhoa Aznarezek eman dio hasiera ekitaldiari. “Nafarroako herria ordezkatzen duen Parlamentuko lehendakaria” den aldetik, “egindako kalte guztiagatik barkamena” eskatu du. “Gaur arte Parlamentu hau ez zaie inoiz pertsonalki zuzendu hautetsontzien bidez lortu ez zuten boterea armekin ebatsi zutenek zitalkeriaz eraildako hautetsien ondorengoei. Beraz, duela 80 urte egindako zorra kitatzen dugu, eta jasorik uzten dugu legeek –33/2013 Foru Legeaz ari zen– ez dutela ezertarako balio ez badugu haietan sinesten, ez baditugu gauzatzen”.


Gogoeta beraren haritik, eta “ordaina, askabidea, egiaren eta moraltasunaren giltza” izan behar duen barkamenaren esanahian sakonduz, Aznarezek eskatu du oroimena txerta dadila “Estatu itun batean, zeina, benetan ardura dutenak etika eta egia baldin badira, ezbairik gabeko eginbeharra baita”.


Hala, jakitun “memoriarik gabe ez dagoela justiziarik, ahanzturak higatu, suntsitu edo desegin egiten baitu egia”, Parlamentuko lehendakariak azpimarratu du gertatutakoa “jakitera eta aitortzera” eraman dezakeen oro indartu behar dela, “aringarri gisa, sekula gehiago gerta ez dadin. Adiskidetzeko eta bakeranzko bidea oinez egin behar da, lagun eginez eta kontsolatuz, eta ez lebitatuz, hanka puntetan pasatuz gure historiako pasarte lazgarri horren gainetik”.


“Horrexetan saiatu gara Nafarroako errepresioaren 80. urteurrena dela-eta aste honetarako programatutako jardueren bidez, ibilbide laburra egiten letra larriz idatzitako memoria horretan zehar, kontsolamendu ñimiñoa bada ere, aurrerapenaren eta bakearen bidea urratzen ari zen herrialde bat askatasunez, berdintasunez eta lurrarenganako maitasunez eraikitzen hasi ziren haien aberri senaren balioa nabarmentzen”.


Testuinguru horretan eta Nafarroako Parlamentuak 2003ko martxoaren 10ean onetsitako adierazpenaren ildotik –frankismoaren biktimen eskubideak, geroago 2013ko Foru Legean jasoko zirenak, aitortu eta azpimarratzeko lehen saio instituzionala–, Ainhoa Aznarezek gogora ekarri ditu “galeraren drama, jazarpen basatia, espetxea, erbestea, gabezia, erakunde publiko eta pribatuen laidoak…”.


Amaiera gisa, eta “II. Errepublikaren bost urteko bizia azkendu zuten gerraren eta diktaduraren ondoriozko bidegabekeria” guztiak gogoan, lehendakariak eskertu egin du oroimenaren aldeko elkarteen “ahalegin iraunkorra” eta elkarte horiei deia egin die “erakundeei konpromiso, aurrekontu eta dedikazio handiagoak eskatzeko. Beti erne egon behar da egiaren eta ordainaren bila”.


Ondoren, Unai Hualde Mahaiko lehen lehendakariordeak eta Maiorga Ramirez lehen idazkariak plakan inskribatuta dauden 156 kargudun hautetsien izenak irakurri dituzte: 118 zinegotzi, 36 alkate, diputatu bat eta ministro bat. Jarraian, Ainhoa Aznárez Parlamentuko lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak lore eskaintza egin dute atalondoan jarritako plakaren aurrean.


Ekitaldiaren azkenean, Olimpia Plaza (1931-36 bitartean Castejongo alkate izandako Valentín Plazaren alaba), Mikele Agirre (Lizarrako alkate izandako Fortunato Agirreren alaba) eta Amelia Resano (Lodosako zinegotzi izandako Eloy Resanoren iloba) oholtza gainera igo dira, beren senideen figurak gogoratu dituzte eta "erakundeen barkamen eskearen azpian dagoen ahalegin soziala” eskertu dute.


Olimpia Plaza “oso pozik” agertu da “Nafarroako Parlamentuan aita eta aitona gogoratu ahal izateaz, batzuk dena ezabatzen tematzen diren arren. Oraindik ere badira esaten dutenak ez direla bazterrak nahasi behar, ahaztu egin behar dela, baina gure duintasuna eta gure harrotasuna daude jokoan. Ez dago gure justizia eta askatasun egarria hil dezakeen armarik. Aitonak, etxetik ateratzen ari zirela, berak ez zuela ezer egin oihukatzen zuen. Bai egin zuela, nire aitak bezala, bere bizilagunen bizimodua hobetzen ahalegindu, mundu hobe baten alde jardun. Berek inposatutako araua besterik ulertzen ez dutenek ezin dute horrelakorik eraman. Horregatik hil zituzten”.


Mikele Agirrek “orduko sufrimendua eta 3.400dik gora pertsona hil zituen jazarpen antolatua gogoratzen jarraitzeko” deia egin du. Demokrazia eta askatasuna hil zituzten, eta hori ez da ahazten. Gaur hemen emandako pauso hau, ekitaldi instituzional hau, edukia eguneratuta eta tratamendua berrituta dituen plaka hau jartzea, memoriaren aldeko elkarte guztiei zor diegu, baina, batez ere, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteari, bera izan baita gidaria. Agintari politikoei ere, eskerrik asko bihotzez”.


Amelia Resanok azpimarratu duenez, “aitormen honek garrantzi handia du guztiontzat, bereziki gure senideen gorpuzkinak oraindik berreskuratu ez ditugunontzat. Gure kasuan, nahiko genuke Zuñigan zerbait egitea erail zituzten zazpi lodosarren oroimenez. Monolito bat, harri bat, zer edo zer. Etxean gorrotorik ez izaten irakatsi ziguten, baina baita ez ahazten ere... hura berriro gerta ez dadin. Eskerrik asko, Ainhoa. Hau askoz lehenago egin behar zen, baina inoiz ez da berandu”.
Ekitaldia musikaz lagundu du Enrique Villarreal El Drogas-ek, Llegan los cuervos eta Sotanas kantekin, eta Sarrigurengo gaiteroek ekitaldiaren hasieran eta amaieran Nafarroako ereserkia eta Maitia nun zira jo dituzte.


Ekitaldian izan dira, besteak beste, Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko alkateordea, Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Finantza Politikako kontseilaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko eledun eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Álvaro Baraibar Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaria, Javier Enériz Foru Komunitateko arartekoa, Javier Esparza, Cristina Altuna, Iñaki Iriarte, Carmen Segura (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez, María Solana, Consuelo Satrustegi, Patxi Leuza (Geroa Bai parlamentu-taldea), Miren Aranoa, Dabid Anaut (Bildu parlamentu-taldea), Laura Pérez, Fátima Andreo, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Santos Cerdán, Inma Jurío, Nuria Medina (PSN parlamentu-taldea), José Miguel Nuin, Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea), Eduardos Santos (Podemoseko diputatua), Jesús María Fernández (PSOEko diputatua), Idoia Villanueva (Foru Komunitatearen senataria), Ana Luján (Cambio-Aldaketa taldeko senataria), Tuterako alkate Eneko Larrarte, Erriberriko alkate Andoni Lacarra, eta hainbat herritako udalburuak.


2015eko urtarrilaren 12an plaka jarri zenean, lehen solairura igotzen den eskaileran kokatu zen. Orain lekuz aldatu da, 2013ko azaroaren 14an onetsitako 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, zazpigarren xedapen gehigarrian agintzen duena betetzeko. Honako hau dio:


“Hiru hilabeteko epean, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako herriaren ordezkari gorena denez, bere egoitzako atalondoko leku nabarmen batean plaka bat jarriko du, altxamendu militarraren ondorioz eraildako hautetsi nafar guztien omenez eta haien errekonozimendurako. Testuak Nafarroako bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du, eta eraildako pertsonen izenak eta kargua aipatuko ditu, bai eta herriaren izena, herrietako hautetsiak zirenen kasuan”.


Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoaren kargura ari den NUPeko ikertzaile taldeak hala eskaturik, aurreko plakako datu batzuk zuzendu dira; guztira dozena bat aldaketa egin dira. Hain zuzen, alkateen zerrendari gehitu zaio Constantino Cerdán Sánchez (Azagra), zinegotzi ageri zena. Zinegotzien zerrendari gehitu zaizkio Salvador García Campos (Aberin), Gabino Moreno Barricarte (San Adrián), Lorenzo Zurbano Ramírez (Cárcar) eta Clemente Reta Viguria (Gares).


Bestalde, ministro gisa erantsi da Antonio Azarola Gresillón (Tafalla), 1935eko abenduaren 30etik 1936ko otsailaren 19ra arte Ontzidiaren arduraduna izan zena. Berariazko lekua eman zaio Ricardo Zabala Elorga (Erratzu) Gorteetako diputatuari; lehenago alkate gisa ageri zen. Gainera, plakatik bi izen kendu dira, zinegotzi izan ez zirela egiaztatu ondoren: Pablo Luri Subirán (Azagra) eta Félix Terés Terés (Andosilla). Azkenik, zenbait izen zuzendu dira eta honela geratu dira inskribatuta: Pedro Yabar Lacunza (Arbizu), Benito Burgaleta López (Cadreita), Fernando Jaurrieta Lacalle (Caparroso), Sergio Jiménez Cubero (Cascante) eta Antonio Bermejo García (Fitero).


Omendutako kargudunen zerrenda


Alkateak


Javier Iciz Rivera (Oibar), Eusebio Gainza Iñigo (Allo), Antonino Goicoechea Otegui (Altsasu), Aurelio León Inda (Agoitz), Silverio Astiz Lacunza (Arakil), Francisco Castro Berisa (Azagra), Constantino Cerdán Sánchez (Azagra), Alfonso Marquina Vicente (Buñuel), Benito Burgaleta (Cadreita), Emilio Sánchez Jiménez (Cadreita), Juan Bozal Uriz (Caparroso), Lucio Gutiérrez Hernández (Cárcar), José Eleuterio Romano Ullate (Cascante), Valentín Plaza Martín (Castejón), Victoriano Navascués Chivite (Cintruénigo), Antonio Moreno López Montenegro (Corella), Fortunato Aguirre Luquin (Lizarra), Eduardo Biurrun Napal (Faltzes), Jacinto Yanguas Fernández (Fitero), Francisco Luis Martínez Echavarri (Lodosa), Jesús Pastor Fernández (Mendabia), Dionisio Salcedo Sádaba (Mendabia), Jesús Ederra Aranguren (Murillo el Cuende), Carlos Escudero Cerdán (Erriberri), Juan García Lacalle (Erriberri), Antonio Cabrero Santamaría (Pitillas), Daniel Munilla Cristóbal (San Adrián), Isaac Induráin Oronoz (Zangoza), José María Sanz de Acedo Echávarri (Santakara), Eustaquio Mangado Urbiola (Sartaguda), Domingo Burgaleta Pérez de Laborda (Tutera), Aquiles Cuadra de Miguel (Tutera), Moisés Bobadilla Navaz (Valtierra), Agustín Arana Aranda (Alesbes), Santos Orduña Les (Esa), Epifanio González Villar (Ziordia).


Zinegotziak


Antonio Alzueta Erdozain (Oibar), Martín Azparren Gil (Oibar), Salvador García Campos (Aberin), Martín Somocurcio Albistur (Altsasu), Isidro Zornoza de Jorge (Altsasu), Julio Marín Álvaro (Andosilla), Leocadio Díaz (Agoitz) Pedro Yabar Lacunza (Arbizu), Salustiano Luri Aldea (Azagra), Faustino Chocarro Lucea (Berbintzana), Miguel Elizalde Lacabe (Berbintzana), Jesús José Iracheta Suescun (Berbintzana), Avelino Arriazu Bonilla (Buñuel), Fausto Lasheras Remón (Buñuel), Alejandro Pascual Salvatierra (Buñuel), Julián Tristán Litago (Buñuel), Ciriaco Pejenaute León (Cadreita), José Garcés Luqui (Caparroso), Fernando Jaurrieta Lacalle (Caparroso), José Rodríguez García (Caparroso), Ezequiel Insausti Mateo (Cárcar), Lorenzo Moreno González (Cárcar), Cecilio Pérez López (Cárcar), Julián Ruiz Abadía (Cárcar), Felipe Ruiz Osés (Cárcar), Ambrosio Sesma González (Cárcar), Lorenzo Zurbano Ramírez (Cárcar), José Jiménez Arnedo (Cascante), Sergio Jiménez Cubero (Cascante), Lino García Erro (Kaseda), Ambrosio Fernández Preciado (Castejón), Ricardo Campos Ardanaz (Corella), Ángel Mateo Peralta (Corella), Bernardino Sanz Izal (Corella), Valentín Navarro Huerta (Cortes), Rogelio Sánchez Aráiz (Cortes), Esteban Sánchez Bonel (Cortes), Miguel Sanz Prat (Cortes), Pedro Segura Vicente (Cortes), Félix López Sánchez (Etxarri-Aranatz), Gregorio García Larrambebere (Eulate), Jesús Mendaza Torres (Faltzes), Demetrio Andrés Fernández (Fitero), Miguel Barea Muro (Fitero), Antonio Bermejo García (Fitero), Juan Cruz Fernández Ayala (Fitero), Ventura Muñoz Escuchuri (Funes), Vicente Eusebio Los Arcos Sánchez (Larraga), Rufino Macaya Andía (Larraga), Pedro Zufía Zufía (Larraga), Veremundo Gorricho Lucea (Lerin), Benito Baigorri Falces (Lodosa), Francisco Esparza Muro (Lodosa), Gregorio Fernández Pascual (Lodosa), José María Martínez Garraza (Lodosa), Tiburcio Pastor Fernández (Lodosa), Eduardo Prados Martínez (Lodosa), Eloy Resano Caparroso (Lodosa), Isidoro Rodríguez Balboa (Lodosa), José Fabo Briones (Martzilla), Máximo Goñi Boneta (Martzilla), Rufo Macua García (Martzilla), Agustín Urdiciain Sesma (Mélida), Gregorio Valls Resa (Mélida), Bonifacio Angulo Romero (Mendabia), Guillermo Canillas Romero (Mendabia), Pedro Sádaba Elvira (Mendabia), Salvador Sancho Sainz (Mendabia), Víctor Suberviola Miranda (Mendabia), José María Lebrero Lebrero (Milagro), Ceferino Preciado Sanz (Milagro), Arcadio Ibáñez Sesma (Miranda Arga), Justo Sesma Zaratiegui (Miranda Arga), Manuel Tápiz Amézqueta (Miranda Arga), Tomás Clavijo Ullate (Monteagudo), Francisco Muñoz Torrellas (Monteagudo), Bienvenido Sagardoy Nicolay (Murillo el Cuende), Wenceslao Zubieta Aguerreche (Murillo el Cuende), Jerónimo Lecumberri Esparza (Murillo el Fruto), Domingo Bados García (Olazti) Antonio Azcárate Izurriaga (Erriberri), Lucio Bacaicoa Sola (Erriberri), Salvador Eraso Azcárate (Erriberri), Constantino Eraso Martínez (Erriberri), Julio Pérez García (Erriberri), Florencio Alfaro Zabalegui (Iruña), Gregorio Angulo Martinena (Iruña), Corpus Dorronsoro Arteta (Iruña), Victorino García Enciso (Iruña), José Roa García (Iruña), Mariano Sáez Morilla (Iruña), Amadeo Urla Aramburu (Iruña), Victoriano Irisarri Amatriain (Azkoien), Clemente Reta Viguria (Gares), Vidal Gurpegui Esparza (San Adrián), Gabino Moreno Barricarte (San Adrián), José Muro Sola (San Adrián), Ruperto Marco Alfaro (Santakara), Antonio Martínez Sádaba (Sartaguda), Eusebio Moreno Mena (Sartaguda), Ricardo Moreno Sola (Sartaguda), Valentín Narcué Moreno (Sartaguda), Benigno Oteiza Viguera (Sartaguda), Saturio García Zaratiegui (Tafalla), Pedro Martinena Inchauspe (Tafalla), Cipriano Sola Ozcáriz (Tafalla), Francisco Jaraba Grima (Tutera), Joaquín Meler Mur (Tutera), Juan Navarro Anguiano (Tutera), Aquilino Ochoa Pascual (Tutera), Valentín Pérez Martínez (Tutera), Francisco Sarasa Morán (Tutera), Eugenio Tutor Lozano (Tutera), Francisco Úcar Liñán (Tutera), Venancio Oteiza Castillejo (Valtierra), Mariano García Ilazorza (Esa), Miguel Iriarte Gallués (Esa), Vicente Zozaya Belio (Esa), Ramón Goicoechea Echeverria (Ziordia), Victorino Ripa Díaz (Zuñiga). Gorteetako diputatuak: Ricardo Zabalza Elorga (Erratzu).


Ministroak


Antonio Azarola Gresillón (Tafalla).