Publicada el Thursday, 21 de April de 2016

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi da

Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua sortuko da, herritarrei Gobernuak daukan informazio publikoa jaso ahal izateko eskubidea bermatuko dien organoa

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren baiezko botoekin eta UPN eta PSNren ezezko botoekin, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa onetsi du. Hala, behar diren aldaketak onetsi dira lege hori Estatuko araudiari egokitzeko, eta gehienez bi urtean egon beharko dira argitaratuta goi kargudunen ondasunak eta kargua utzi ondoko prestazioak.


Legea presako prozeduraz izapidetu da. Orain arte herritarrek administrazio-errekurtsoen bidez egin behar izaten zituzten informazio publikoa jasotzeko eskubidearen inguruko aurkaratzeak, baina, lege berriaren arabera, errekurtso horien ordez erreklamazioa jarriko zaio Gardentasunaren Kontseiluari. Erreklamazio horiek aukerakoak eta auzibidera jo aurrekoak izanen dira.

Horretarako, legeak Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua arautzen du, organo independente bat, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zainduko dituena.

“Berme gehien dituen bidea” delakoan, Nafarroan berariazko organo independente bat eratzea hautatu da, gatazkak ebazteko eskumena jurisdikzio organo zentralei eman ordez, azken aukera hori “gehiegizko zama litzatekeelako eskubideaz baliatu nahi duten herritarrentzat”.

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.

Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak emanen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.

Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatuko du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ahalko ditu.

Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal izanen zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu etenen erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.

Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari eta 11/2012 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruzko memoria aurkeztuko du Nafarroako Parlamentuan.

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Parlamentuak izendatuko du gehiengo osoz, lau urteko epe ez luzagarrirako.

Nafarroako Parlamentuko lau kide ere izanen dira organo horretan, “aniztasun irizpidea aintzat hartuta” izendatutakoak; gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari; Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat; Kontuen Ganberaren ordezkari bat; Arartekoaren ordezkari bat, eta, azkenik, NUPeko ordezkari bat. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak edo organoak gauzatuko du, eta horrek, gainera, ordezko bat izendatu ahal izanen du, “titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako”.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeak ekarritako bigarren aldaketaren arabera, Gobernuko goi kargudun ohien ordainsariak eta ondasunak eta kargu horietan aritutakoek jasotzen dituzten prestazioak Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian argitaratuta egon behar dira haiek kargua uzten dutenetik bi urte iragan arte, gehienez.

Osoko Bilkuran egindako debatean 12 zuzenketa eztabaidatu eta bozkatu dira: PSNren 4 zuzenketa eta UPNren 8 zuzenketa. Guztiak atzera bota dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek ezezko botoa emanda.

PSNk proposatu du, beste aldaketa batzuen artean, goian aipatutako Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua kentzea, ezarri zaion egitekoa “dagoeneko Arartekoak eta Kontuen Ganberak betetzen dutelako”.

Testuari dagokionez, PSNk adierazi du testu berriak baztertu egiten duela baiezko isiltasuna, “zeinean Nafarroa aitzindari baita”, eta ezezko isiltasuna ezartzen duela; berariazko edo ustezko ebazpenen aurka jar daitezkeen administrazio-errekurtsoen publizitatea kentzen duela, eta ez duela esaten nahitaez argitaratu behar direnik ebazpen guztiak, baiestekoak, ezestekoak eta ez onartzekoak barne”.

PSN eta UPN bat etorri dira Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakari izateko behar den babesa indartu dadin eskatzerakoan (gehiengo osoaren ordez 3/5eko gehiengoa eskatu dute). Sozialistek uste dute, gainera, organo horretan alferrik daudela Parlamentuaren lau ordezkariak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkariak eta arloan eskumena duen departamentuaren ordezkaria. Horien ordez, gizarte zibileko lau kide eta erregenerazioaren eta gardentasunaren alde diharduten elkarte edo kolektibo nagusietako beste bi kide izendatzea proposatu dute.

UPNk, bestalde, goi kargudun ohien prestazio ekonomikoak jendaurrean egoteko gehieneko epea bi urtetik hilabetera laburtzea iradoki du.

*PPN foru parlamentarien elkarteak ez du bozketan parte hartu; beren eledun Ana Beltrani hitz egiteko txanda iritsi zaionean EH Bildu taldeko parlamentariak “torturaren aurkako” kartelak atera eta protestan hasi dira eta PPNko bi kideek Osoko Bilkuratik alde egin dute.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proiektua (49. NPAO, 2016-04-8koa)