Publicada el Thursday, 21 de April de 2016

Parlamentuak apustu egiten du osasun-sistema publikoaren kalitatearen eta orokortasunaren alde

EH Bilduk uste du gutxi aurreratu dela baliabide materialetan eta langile horniduran landa eremuetan ekitatea eta tratamendu berezia bermatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean Legebiltzarrak “apustu egiten du Nafarroako herritar guztiek osasun-sistema publikoa ekitatearekin erabili ahal izatearen alde. Hori dela eta uste du landa eremuek aintzatespen eta tratamendu berezia behar dutela, beren ezaugarri geografiko eta orografiko, soziologiko eta populazio-mailakoak direla-eta, bai eta osasunaren arloko profesionalak kontratatzeko eta fidelizatzeko zailtasunarengatik ere”.

UPNek onetsitako erabakiaren bigarren puntuaren kontrako botoa eman du. Puntu horretan Foru Gobernuari eskatzen zaio “2/2013 Foru Legea betetzeko; Lege horrek Nafarroako Gobernua behartzen zuen landa eremuetako beharrizanen egiazko analisi bat eta osasun-laguntza jarraituko eta larrialdi-laguntzako zentroen funtzionamenduari eta antolamenduari buruzko plan bat egin zezan, eremu horietako profesionalen, toki entitateen gainerako kolektiboen egiazko parte-hartzea bermatuz, ahalik eta adostasunik handiena lortze aldera”. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa berretsi dute.

Hori dela eta, “ezarrita dagoen mikroguardia-sistemak ez dituela landa eremuetako arazoak konpontzen” adierazi ondoren, Gobernua premiatzen da “sistema berehala berraztertu dezan, neurri egokiak har daitezen landa eremuan osasun-arreta ona eta lan baldintza duinak bermatzeko”.

Beste alde batetik, hirugarren atalean Nafarroako Parlamentuak “aintzatetsi egiten du landa eremuak udalen legegintza ekimenaren bidez 2013an eta 2014an egindako lana, modu parte-hartzailean eta adostasun handiz egina, Nafarroa osoko 170 udalen babesarekin Parlamentuan aurkeztera heldu zena”. Ildo horretan aurrera eginda, Nafarroako Gobernua premiatzen du "eskualde bakoitzeko eragileekin lan egin dezan eta egiteke daukan planean ekimen horren edukiak jaso ditzan”. Epigrafe honetan PSN abstenitu egin da eta UPNek kontrako botoa eman du. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa berretsi dute.

Azkenik, eta aho batez berriro, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du "Lizarrako eta Tuterako eskualdeetako ospitaleen biziberritze eta antolatze efizienteko plan bat taxutu dezan, giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, hurbiltasuneko eta kalitatezko ospitale-laguntza bermatzeko”. Hori dela eta, eskatzen dira "egiturazko neurriak profesionalak fidelizatzeko eta itxarote-zerrendak murrizteko, autoituntzera edo peonadetara jo behar izanik gabe, plantillen sendotze urgentearen aldeko hautua eginez eta lan-eskaintza publikorako deialdia eginez, ahalik eta handiena eta azkarren”.

Martxoaren 17ko Osoko Bilkuran eskualdeetako eta landa eremuetako osasun laguntzaren inguruan eztabaidatutako jabelduraren ildotik EH Bildu parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean aurreko legealdiko gertaera batzuk aipatzen dira, hala nola, osasun-laguntza jarraitu eta larrialdikoaren erreformak kale egin zuela eta udalen legegintza-ekimena bertan behera geratu zela, eta adierazpen honekin amaitzen da: “gutxi aurreratu da landa eremuetan ekitatea eta tratamendu berezia bermatzeko”.

Ondoren proposatzaileak aipatzen du “inboluzio-arriskua ikusita” 2/2013 Foru Legea onetsi zela presaz; haren aginduz beharrizanak aztertu ziren eta egiaztatu zen “ageri-agerikoa zela UPNen Gobernuak ez zuela Legea bete, Parlamentuaren eta Arartekoaren txosten juridikoek berresten zuten bezala”. Horri guztiari hauxe gehitu dio gero: “ez dira konpondu arazoak eta gabeziak landa eremuko zentroetan (lehen mailako arreta, arreta jarraitua eta larrialdietako arreta), ez eta eskualdeetako ospitale-arretan ere”.

Landa eremuko zentroak direla eta, “indarrean dago 2014ko martxoaren 13ko akordioa, zeinak ez baitu konpondu landa eremuko zentroen antolamenduaren arloko arazoa. Ordezkapen prekarioak eta enplegu-aniztasuna daude, eta bitartean produktibitatea kobratzen duten eta atsedena errespetatzen ez zaien langile finkoak daude. Halaber, absentzien estaldura duinik gabe jarraitzen dugu, eta ez da hobekuntzarik ibilgailuen, ekipamenduen, prestakuntzaren ez lan-baldintzen arloetan”.

Eskualdeetako ospitale-arretari dagokionez, “Lizarrako eta Tuterako ospitaleetan betiko gaitza da deskapitalizazioa, bai giza baliabideen, bai baliabide materialen arloan, eta arazoa konpondu gabe dago gaur egun. Egoera horrek eragiten ditu itxarote-zerrenda luzeak eta zentro pribatuetarako deribazio-kopurua eskandalagarria izatea, edo peonada izenekoak egin behar izatea espezialitate eta zerbitzu zehatz batzuetan”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (47. NPAO, 2016-04-05ekoa)