Publicada el Thursday, 5 de May de 2016

Parlamentuak Gobernua premiatzen du O-NOZen itxarote-zerrendak murrizteko egiturazko neurriak har ditzan

Kontsulta eta kirurgia zerbitzuetan peonada deritzenen ordez goizeko eta arratsaldeko txanda arruntak ezartzeko eskatzen dio, eta kontratazio baldintza duinak bermatzeko

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren baiezko botoekin eta UPN eta PPNren ezezko botoekin Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “lehentasunezko apustua egin dezan baliabide berekien optimizatzean oinarritutako egiturazko neurrien alde; bai azpiegiturei eta ekipamenduei, bai giza baliabideei dagokienez”.


Onetsitako erabakiak badu bigarren puntu bat non Foru Gobernua premiatzen baita “Itxaronaldien Bermeei buruzko Foru Legea alda dezan, halako moduan non itxaronaldiak prozesuei eta patologiei egokituko baitzaizkie, beste leheneste-sistema bat ezarriz; eta lehen kontsultez eta kirurgia-operazioez gain aurrerantzeko kontsultako edo azterketa medikoak sartuko baitira”. Atal horretan, hurrengo bietan bezala, UPN eta PPN abstenitu egin dira. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek puntu horri ere aldeko botoa eman diote.


Bestalde, erabakiaren hirugarren atalean Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatu egiten duela “peonada deritzenen bidez profesionalen lanaldia ohiko lanalditik kanpo luzatzea, salbu eta egoera oso zehatz eta salbuespenezkoetan, beste modu batera konpondu ezin direnak”.


Ildo horretan, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio neurri egokiak har ditzala halakoen ezarpena ekiditeko. “Horrek esan nahi du langileen kudeaketari buruzko neurriak hartu behar direla Funtzio Publikoarekin batera, sindikatuekin aldez aurretik hitz egin eta adostuta”.


Hori guztia, erabakian zehazten denez, “ohiko lanaldian goizeko eta arratsaldeko txandak ezartzeko, kontsulta eta kirurgia zerbitzuetan; kontratazio-baldintza duinak bermatzeko, profesionalak kontratatu eta fidelizatzea ahalbidetuko dutenak, bereziki eskualde-ospitaleetan; eta zerbitzuak zentro ezberdinen artean berrantolatu ahal izateko, zenbait espezialitate eta zerbitzutako beharrizanei erantzute aldera”. UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute, eta gainerakoek berriro ere aldeko botoa.


Halaber, aurreko puntuaren haritik, Foru Gobernua premiatzen da “xeheki azter ditzan Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organigrama eta plantilla, epe motzeko, ertaineko eta luzeko gabeziak detektatzeko, estamentuz estamentu eta zerbitzuz zerbitzu, langile arloko beharrizan guztiak zehaztuz eta beharrizan horiei erantzuteko beharrezkoak diren lan-eskaintza publikoak planifikatuz”.


Bestalde, Nafarroako Gobernuari adierazten zaio komeni dela zentro pribatuetarako desbideratzeak mugatzea “haiek behar-beharrezkoak diren kasu eta egoeretara, zerbitzua baliabide berekien bidez ematea ezinezkoa denekoetara, baliabide publikoak optimizatzeko bide guztiak agortu ostean”.


Azkenik, oraingoan aho batez, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko kideei hilero helaraz diezaien itxarote-zerrenden jarraipen-txosten xehakatu bat, espezialitatez espezialitate eta muntako datuak jasotzen dituena, bai eta jada ezarrita dauden eta ezarriz doazen neurrien inpaktuaren analisia ere”.


EH Bildu parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean, Osasuneko kontseilariak itxarote-zerrendak kudeatzeko eta murrizteko egin zituen diagnostikoa eta estrategia gogorarazten dira, eta horren ildotik ohartarazten da garrantzitsua dela zenbait formula saihestea, aurreko gobernuek bultzatu dituzten peonadak, besteak beste, negatiboak, alferrikakoak eta garestiak gertatu direlako.


Ildo beretik nabarmentzen da itxarote-zerrenden arazoa ez dela berria, aspaldikoa baino, eta argi dagoela, oro har, “faktore erabakigarria ez dela hainbeste izan baliabide falta, ezpada baliabide horien kudeaketa, antolamendu eta optimizazio desegokia”.


Horregatik, jardueraren areagotzea, osasunaren sustapena edo itxarote-zerrenden leheneste egokia baino harago, bestelako kontuetan azpimarra jartzeko eskatzen da, besteak beste “oinarrizko osasun laguntzak izan behar duen ebatz-ahalmenean, azken horren eta osasun laguntza espezializatuaren arteko koordinazioan, gaixo kroniko eta multipatologikoen estrategiaren garapen egokian edo aurrez aurre egindakoak ez diren interkontsulten sustapenean”.


Bestalde, Gobernuak itxarote-zerrenden jarraipen “estuagoa” egiteko agertu duen asmoari proposatzaileak “positiboa” deritzo, eta eskatzen du Parlamentura ere eraman dadila informazioa, legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek egoera “aztertu eta haren jarraipen egokia” egin ahal izan dezaten.

www.parlamentodenavarra.es
Mozioa (45. NPAO, 2016-04-01ekoa)