Publicada el Thursday, 5 de May de 2016

Nafarroako Parlamentuak tortura arbuiatzen du

Espainiako Gobernua premiatzen du atxiloketa inkomunikatua eta babesgabetasun-egoerak ahalbidetzen dituen salbuespenezko legedia indargabetu dezan

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin onetsi duen erabaki batean, “erabat baztertzen ditu tortura-jardunak, eta Espainiako Gobernua premiatzen du atxiloketa inkomunikatua eta babesgabetasun-egoerak ahalbidetzen dituen salbuespenezko legedia indargabetu dezan eta, betiere, atxilotuen eskubide eta berme guztiak errespetatzen direla ziurta dezan”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, berriz, Legebiltzarrak “aintzat hartzen ditu zenbait erakundek –adibidez, Amnesty International-ek edo Tortura Saihesteko Europako Batzordeak– argitaratu dituzten txosten ugariak, baita Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatuaren aurka jaulkitako zigor-epaiak ere”. Ildo horretan, Espainiako Gobernua premiatzen du “Torturaren aurkako Itunean ezarritako printzipioak aintzat har ditzan eta Strasbourgeko Auzitegiaren doktrina errepikatua, tortura-salaketa guztiak zorrotz ikertzea gomendatzen duena, bete dezan”. Puntu hau onetsita izan da, psnk emandako aldeko botoak ere jaso ditu, UPNk eta PPNk ordea kontrako botoak mantendu dituzte.


Jada hirugarren atalean, Foru Legebiltzarrak “bere elkartasuna adierazten die torturak eta tratu txarrak jasan dituzten pertsona guztiei, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du zenbait nafar herritarrek egindako tortura-salaketak iker ditzan eta torturen eta tratu txarren biktima izan direnen aintzatespena eta ordaina bultza ditzan, adiskidetzea zein egoera horiek ez errepikatzearen konpromisoa ahalbidetzeko asmoz”.


Nafarroako Parlamentuak adierazten du, azkenik, nahi duela “berme prozesal guztiak errespetatzea inkomunikazioak eta tratu txarrek akusazioak baldintzatu ahal izan dituzten prozesu judizialetan eta, bereziki, laster eginen diren epaiketei dagokienez”.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Parlamentuak behar diren konpromisoak hartzea torturak aitortzeko eta horrelakorik berriro ez gertatzea bermatzeko, “erakunde askok, hala Amnesty International-ek nola Tortura Saihesteko Europako Batzordeak (CEPT) berak, hainbatetan utzi baitute agerian Espainiako Estatuak ez daukala inolako asmorik jardun hori behin betiko desagerrarazteko, inpunitate eta inkomunikazio guneei eusten diela eta errealitate horren inguruko edozein salaketa oztopatzen duela”.


Zehazki, proposatzaileek azaltzen dute Strasbourgeko Giza Eskubideen Auzitegiak bi zigor-epai eman dituela “tortura-salaketak ez ikertzeagatik”, eta salaketa horiek bi nafarrek egin zituztela, Jon Patxi Arratibelek eta Oihan Ataunek. Bidezkotzat jotzen da nafar horiek babestea Auzitegi Nazionalak ere aitortu duen errealitate baten biktimak diren aldetik. Hain zuzen, auzitegi horretako “epaileek eurek ere baliogabetzat jo dituzte polizia-bulegoetan besteei zein norberari errua egozteko egin diren aitorpenak”.

 

UPN parlamentu-taldeak ordezteko zuzenketa aurkeztu du eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek, ekimenaren titularrek, ez dute onartu. Zuzenketa horretan Espainiako Gobernua premiatzen zen “behar diren hobekuntzak egin ditzan arauetan eta jardunbidean, Tortura Saihesteko Europako Batzordearen txostenetan jasotako gomendioei jarraituz, Europako eta Espainiako legeek atxilotuen eskubideak zaintzeari buruz ezarritakoa zorrotz beteko dela bermatzeko”.


Halaber, “Strasbourgeko Auzitegiaren epaien argitan”, Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion behar diren neurriak hartzeko, “tratu txar eta torturen salaketa guztiak bizkor eta zorrotz iker daitezen”.


Gobernu zentrala premiatzen zen, gainera, sei hilabete iragan baino lehen “Giza Eskubideen II. Plan Nazionala egin dezan, non jasoko baitira Gobernuak berak Tortura Saihesteko Europako Batzordearen txostenari erantzunez iragarritako neurriak (polizia-egoitzan komunikazio erregimenean egiten den atxiloaldiaren ikus-entzunezko grabazioa, osasun zerbitzu publikoko medikuek azterketa egitea, eta abar)”.

 

www.parlamentodenavarra.es
Mozioa (56. NPAO, 2016-04-22koa)