Publicada el Thursday, 2 de June de 2016

Parlamentuak konpromisoa hartu du ETAren biktimen omenezko plaka bat jartzeko

Gobernua premiatzen du hilketak egin ziren tokietan plakak jar ditzan, udalekin eta biktimen senideekin batera

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onetsi duen erabaki batean, Legebiltzarrak konpromisoa hartzen du “bere egoitzako atalondoko toki nabarmen batean plaka bat jartzeko ETA banda terroristak Nafarroan eraildako biktimen omenez eta beste leku batzuetan eraildako nafarren omenez; plaka horretan biktimen izenak eta atentatuen egunak jarriko dira”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan Nafarroako Gobernua premiatzen da “ETA banda terroristak hilketak egin zituen tokietan plakak jartzeko, Foru Komunitateko udalekin eta biktimen familiekin elkarlanean; plaka horietan biktimen izenak eta atentatuen egunak jarriko dira”.

PPNk, ekimenaren titularrak, UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Erekin adostu duen ordezte-zuzenketa baten emaitza da onetsitako erabakia.

PPN foru parlamentarien elkarteak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean argudiatzen denez, Nafarroako Parlamentua, “demokraziaren ikurra dena, agertoki egokia da oroitzapenezko plaka baten bidez gogoratzeko ETAk Foru Komunitatean eraildako guztiak, nafar gizartearen izenean jaso ditzaten behar bezalako omenaldia eta betiereko oroitzapena”.

Proposamenaren egileak ohartarazten du indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri ondoren ETAk ez duela iragarri “bere desegite baldintzagabea, ez armak ematea, ez eta eragindako kaltearen aitorpena ere”. Gero, ETAren “historia beldurgarria” gogoan, erakundeei konpromisoa hartzeko eskatzen die “gertatutakoaren bertsio zintzo, zuzen eta egiazko bat helarazteko etorkizuneko belaunaldiei”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (68. NPAO, 2016-05-13koa)