Publicada el Thursday, 22 de September de 2016

Mendozak esan du LOMCEren aurka eginen duela, baina "segurtasun juridikoa" bermatuta

UPNren jabeldura bati erantzunez, non alderdi horrek kudeaketarekiko desadostasuna agertu, erantzukizunak onartzeko eskatu, eta legea bete beharko duela gogorarazi baitio

Hezkuntzako kontseilariak, José Luis Mendozak, gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak "irmo" arbuiatzen duela LOMCE legea, baina betiere "segurtasun juridikoa" bermatuta, eta apustu egin du erreforma aurreko ebaluazio diagnostikoei eustearen alde.


Foru Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran UPNk egindako jabeldurari erantzunez, kontseilariak erantsi du bere departamentuak apustu egiten duela "erreforma honen aurreko ebaluazio diagnostikoei eustearen alde".


"Berme juridiko ahalik eta handienarekin egikaritzen ditugu akzio guztiak, gero ezustean zuzenketak egin beharrik ez izateko”. Hala, bada, kontseilariak adierazi du Departamentua uda honetan lanean hasi dela, ikasleei "aldaketa ahalik eta txikiena" jasanaraziko dien eta "segurtasun juridiko ahalik eta handiena" bermatuko duen arau-esparru bat zehazten.


"Hezkuntza Ministerioaren zain gaude, proben edukia, diseinua eta ezaugarriak direla eta", azpimarratu du kontseilariak, eta kexu agertu da: "Ministerioak ezin zezakeen inprobisazio handiagoarekin jokatu".


Kontseilariak esan duenez, Lehen Hezkuntzako hirugarren kurtsoaren amaieran ikastetxeek banakako ebaluazioa eginen diete ikasle guztiei, eta berdin Lehen Hezkuntzako seigarren kurtsoaren amaieran ere. Departamentuak horretarako "behar diren jarraibideak" emanen ditu.


"Argi gelditu da Departamentuak hezkuntzarako funtsezko tresnatzat daukala ebaluazioa", baieztatu du. Horren aurretik esan du berariazko probak garatuko direla British edo PAI modalitatea egiten duten ikasleentzat.


Bigarren Hezkuntzako probei dagokienez, kontseilariak iragarri du ikastetxeek ikasle guztientzako ebaluazioa eginen dutela DBHko bigarren kurtsoan, eta Departamentuak nazioarteko ebaluazioen deialdietan laguntzen segituko duela.


Nabarmendu du, gainera, ikastetxeak barneko ebaluazioa osatuz joan ahalko direla "Departamentuak kurtsoaren edo etaparen ebaluaziorik egiten ez duen kurtsoetan", etapan zehar "ikaskuntzaren koherentzia eta kohesioa" bermatzeko eta "arrisku-egoera duten ikasleak identifikatzeko", horrelakoei "jarraipen sakona" egin behar baitzaie.


Azaldu du, halaber, Lehen Hezkuntzako seigarren kurtsoko kanpo-probei buruzko iazko azaroko errege dekretuari "urte hasieran" jarri zitzaiola errekurtsoa. "Beste kontu bat da noiz erantzunen ote diguten", ohartarazi du.


Alberto Catalanek (UPN parlamentu-taldea) hau erantzun dio kontseilariari: "Zureak bai inprobisazioak, ez ibili beti baloiak kanpora botatzen. Onartu zure erantzukizunak. LOMCE aplikatu beharko duzue. Nire alderdia ez dago batere gustura Departamentua ematen ari den zerbitzuarekin".


Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) arbuiatu egin du "edukiak bakarrik lantzen dituen eredua, gizarteko bizitzarako oinarrizkoak diren beste gaitasun batzuk alboratzen dituena", eta apustu egin du "ikasleari bere garapen pertsonalean lagun egiten dion hezkuntza-ereduaren alde".


Rubén Velascok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) esan du ez dela nahikoa "ikusmolde ekonomizista, enplegagarritasuna beste helbururik ez duena", eta ildo beretik mintzatu da EH Bilduko Esther Korres parlamentaria.


Carlos Gimenok (PSN parlamentu-taldea) bat egin du 310/2016 Errege Dekretua indargabetzeko eskakizunarekin, zeina PSOEko kontseilariek jarriko baitute laster, "PPren gobernuaren burugabekeria eta probokazioa delako". Gobernu hori "gauza batzuetarako behin-behinean dago, baina beste batzuetarako lanean ari da, bai horixe".


Gainera, Hezkuntza Ministerioaren aurrean gobernuak "guztiz otzan eta konformista" jokatu duela baieztatu du.


Javier Garciak (PPNko foru parlamentarien elkartea) nabarmendu du kontseilariak jarraitzen duela "PPren gobernuari egozten bere departamentuaren kudeaketa aldrebesaren erantzukizuna".


Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) ohartarazi du "astakeria hutsa" dela ikasleak proba bakarrean ebaluatzea, "eskola-etapa osoan zehar gertatu dena kontuan hartu gabe". "Hezkuntza-sistema hondatu besterik eginen ez duen bidegabekeria hori eragozteko" eskatu dio kontseilariari.