Publicada el Thursday, 29 de September de 2016

Parlamentuak babestu egiten ditu Bardeako poligono militarra desegiteko ekimenak

Bere erabakian aipatzen du dozenaka istripu larri gertatu direla, bat baino gehiago herriguneetan, ez zaiela zuzeneko kontsultarik egin inguruko herriei eta Bardea parke naturala dela

Parlamentuak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin gaurko Osoko Bilkuran onetsi duen erabakian, “babestu egiten ditu Bardeako tiro-poligono militarra desegitearen aldeko ekimen eta mobilizazio guztiak”.

Onetsi den erabakiaren bigarren puntuan, berriz, Parlamentuak Estatuko Gobernua premiatzen du “bertan behera utz ditzan Espainiako armadak eta NATOko zenbait armadak Bardean egiten dituzten maniobra militarrak eta bonbardaketak, 'Ekaitz' izeneko operazioak barne direla; berehala desegin dezan Bardeako tiro-poligonoa; erabaki dezan Espainiako Estatua NATOtik ateratzea eta atzerritar base militarrak erretiratzea; eta eztabaida politikoa eta soziala abiaraz dezan, ea bidezkoa eta beharrezkoa ote den egitura militar bati eta bere aurrekontuari eustea”.

Bestalde, hirugarren atalean Nafarroako Parlamentuak “gaitzetsi egiten ditu Bardeako tiro-poligonoan 2016ko irailaren 27an eta 28an benetako suarekin egin diren maniobra militarrak, eta Estatuko Gobernua premiatzen du ez dezan berriro erabili Nafarroako lurraldea benetako suarekin gerra-esperimentuak egiteko”.

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatu eta EH Bilduk zuzendutako erabakiaren zioen azalpenean argudiatzen denez, “gastu militarren aurrean gastu sozialak” lehenesteko premiak eragindako aldarri “sozial eta ekonomikoa” ez ezik, Bardeako poligonoa eraisteko eskakizunaren oinarri dira baita ere bakearen defentsa, herritarren segurtasuna ziurtatzeko premia, eta bai parke naturala bai munduko biosfera-erreserba den naturagune bat zaindu beharra.

Proposatzaileak gogorarazten duenez, “dozenaka istripu larri gertatu dira, eta bat baino gehiago izan dira herriguneetan”, eta “ez zaie zuzeneko kontsultarik egin inguruko herriei”. Tiro Poligonoaren aurkako Batzarraren lana goraipatzen du, “NATOk Europan duen tiro- eta bonbardaketa-poligonorik handienaren aurkako herri borrokaren erreferentea” baita, eta azpimarratu egiten du ez dela ezaguna “zer armarekin esperimentatzen den, ezta zer arrisku izan ditzaketen ere”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (63. NPAO, 2016-05-06koa)