Publicada el Thursday, 29 de September de 2016

Bihar eta aurreneko aldiz, Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuan egingo du Osoko bilkura

Aurretik, 10:00etan, Parlamentuko Mahaiak harrera ofiziala egingo die euskaltzainei

Bere historian lehenengo aldiz, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan egingo du hileko Osoko bilkura Euskaltzaindiak. Bihar izango da bilera, Parlamentuko 2. Komisio Gelan. Aurretik (10:00etan), harrera ofiziala egingo dio Akademiari Parlamentuko mahaiak. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak Ramos Uranga (Bilbo, 1939-1995) pintorearen beira batean oinarritutako eskultura bat oparituko dio Parlamentuari; pieza honetan Akademiaren egoitza nagusiko beirate bateko xehetasuna ageri da. Bere aldetik, Parlamentuak Nafarroako korteetako kutxa edo kaxaren metalezko kopia bat erregalatuko dio Euskaltzaindiari.


Aspaldikoa da Akademiak Nafarroako Parlamentuarekin duen hartu-emana, azken urteotan areagotu egin dena. Horren adibide garbia da iazko urtarrilean sinatutako lankidetza-hitzarmena (besteak beste, parlamentu-lexikoaren bateratze-lana egiteko baliagarria izan dena). Hartu-eman sendo eta iraunkor horretan, beste pauso garrantzitsu bat litzateke biharko bilkura. “Keinu honekin Nafarroako Parlamentuarekin lehendik ere ditugun loturak berretsi nahi ditugu, eta, bide batez, euskararen lurralde guztiak zaintzen ditugula adierazi", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Apirilean, Iruñeko udalak hartu zuen hileroko Osoko bilkura, baina orain arte ez zen horrelakorik gertatu Nafarroako Parlamentuan.

Besteak beste, Osoko bilkuran ondoko gaiak aztertuko dira: Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Europako Goi Erdi Aroko pertsona-izenak (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); 178. arauan -Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak- ohar bat erantsi (Exonomastika batzordearen proposamena); Erdal hitzak eta izen berezien baliokide diren adierazpenak deklinatzeko jarraibideak araugaia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Erdi Aroko pertsona-izen ez-kristauak; musulmanak, juduak eta turko-mongolak (aurkeztu); Oinarrizko kimika hiztegia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki).