Gizarte inkusioa eta errenta bermatua arautzen dituen FLParen aurka egindako osoko zuzenketa ezetsi da
UPNk alegatu du pobreziaren konponbidea ez dela bakarrik prestazioaren zenbatekoak areagotzea, baizik eta lanpostu duinak eskuratu ahal izateko ibilbide pertsonalak eskaintzea
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak ezetsi egin du UPNk egindako osoko zuzenketa, gizarte inklusiorako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen foru legearen proiektuan. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek kontrako botoa eman dute, PPN abstenitu egin da, eta UPNk aldeko botoa eman du.
Lege proiektu honen helburua gizarte eta lan inklusioa sustatzea da, prozesu pertsonalizatu baten bidez, eta errenta bermatuaren eskuraketa arautzea, oinarrizko eta aldiroko prestazio ekonomikoa izanik, beren oinarrizko premiak aserik ez dituzten pertsonentzat.
Prestazio berri honek gaur egungo gizarte inklusioko errenta ordezkatuko du,
eta datozen urteetan 18,8 milioi euroko inbertsio gehigarria eskatuko du. Diru horretatik 5,08 milioi zerga-kenkarietarako dira, eta 13,72 miloi gastu sozial handiago baterako. Hau litzateke banaketa, urtez urte: 60.600 euro 2016an, 11,3 milioi euro 2017an eta 2,3 milioi euro 2018an.
Zenbateko horiekin gaur egun gutxi gorabehera 25.000 pertsonak, hau da, gizarte inklusioko errentaren jasotzaileen % 80ak, jasotzen dituzten estaldura eta zenbatekoak hobetu nahi dira. Ordea, 5.000 inguruk, hau da, % 20ak, beren prestazioa murriztuta izango lukete: hileko 655,20 eurotik 600 eurora.
Gainera, beste 2.800 pertsona gehiago hasi ahalko lirateke errenta bermatua jasotzen, hainbat aldaketa egin baitira: prestazio hau 65 urtetik gorako pertsonei hedatu zaie, laguntza hau jasotzeko legezko egoitza-baimen bat edukitzeko betekizuna kendu da, Nafarroan egoitza urtebetez soilik daukaten eta beren ardurapean adingabeak dituzten familia-unitateek eskuratu ahal dute, eta errenta bermatua 36 hilabetetik gora luzatu ahal da baldin eta premia-egoerak bere horretan irauten badu.
Horren guztiaren helburua da “muturreko pobreziaren aurka borrokatzea, gizarte kohesioa hobetzea eta nafar gizartearen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea; horrez gain, emakumeek jaso ditzaketen prestazioak kontuan izanik, genero-berdintasunerantz aurrera egitea ekarriko du honek”.
Diru-sarrera eta ondare nahikoak ez dauzkaten pertsonek jaso ahalko dute prestazio berri hau. Gainera, pertsona horiek frogatu beharko dute benetako egoitza Nafarroan dutela, gutxienez bi urtez, beren ardurapean adingabekoak dauzkaten familia-unitateak izan ezik: horientzat, betekizuna urtebetekoa izango da.
Ezaugarri berri bat da ez dela beharrezkoa Espainiako legezko egoitza-baimena edukitzea. Gaur egun, gizarte inklusioko errenta jaso ahal izateko, egoera irregularrean dauden pertsonek 16 urtetik beherako seme-alabak eduki behar dituzte edo lanpostua galdu ondoren galdu behar izan dute legezko egoitza-baimena.
Beste betekizun bat adina da: 18 urtetik gora izango da. Hala eta guztiz ere, 18 eta 24 urte arteko pertsona bat buru duen familia-unitateak bere jatorrizko familiatik independentea den bizimodua izan behar du gutxienez bi urte lehenagotik, eta urtebeteko kotizazioa izan behar du Gizarte Segurantzan.
Eskaera egiten duten eta 65 urtetik gora dituzten pertsonek, ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta erretiroagatik kotizazio gabeko pentsioa jasotzen badute, zerga-kenkaria edukiko dute. Horrela, errenta bermatua jasotzen duten gainerako familia-unitateen berdina eskuratuko dute. Hori hileroko ordainketa aurreratuarekin eman ahalko da.
Familia-unitate bat baino gehiago etxebizitza berean bizi direnean, haietako bakoitzak dagokion errenta bermatua jasoko du, gehienez hiruraino. Orain arte, etxebizitza konpartitzen duten familien kopurua gorabehera, errenta eta erdi bakarrik jasotzen zuten. Salbuespen gisa, gizarte bazterketa larriko egoeran dauden familia-unitateek errenta bermatua eskuratu ahalko dute, nahiz eta exijitzen diren betekizunetakoren bat ez bete.
Lege-proiektuan diru-zenbatekoen eskala berri bat dago, bi kide edo gehiago dituzten familientzat indarrean dagoen gizarte inklusioko errentari dagokionez hobetuko dena. Zenbatekoak 600 eurotik 1.200 eurorainokoak izango dira. Gaur egun 655,20 eurotik 982,90 eurorainokoak dira.
Baremo berri horien bitartez, beren ardurapean adingabekoak dituzten familietan haur-pobreziaren aurkako borrokari lehentasuna eman nahi zaio. Horri dagokionez, esan behar da 2015ean gizarte inklusioko errenta jasotzen zuten onuradunen % 38ak 18 urtetik behera zuela, hau da, 28.839 pertsonatik 10.820 ziren. Adingabeko horietatik, 3.891 ama bakarreko familietan bizi ziren, eta 462 guraso bakarreko familietan.
Aipatutako zenbatekoak automatikoki eguneratuko dira, Nafarroako KPIarekin edo Foru Komunitateko batez besteko soldataren aldakuntzarekin. Bi adierazle horietatik handiena erabiliko da, pertsona ahulenek erosahalmenik gal ez dezaten.
Azkenik, prestazio hau jasotzeko 36 hilabeteko gehieneko muga kenduko da. Horrela, denboraldi hori amaitutakoan premia egoerak bere horretan jarraitzen badu, 12 hilabeteko segidako denbora-tarteetan luzatu ahalko da errenta. Gaur egun, izan ere, familia batek gizarte inklusioko errenta 36 hilabetez jasotzen badu gero urtebete egon behar du kobratu gabe.
Proiektuak, halaber, zenbait neurri ezartzen ditu enplegua eta gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko; neurri horiek legea garatu ahala sakonduko dira.
Esate baterako, errenta bermatuaren kobrantza aldi batez eteteko aukera sartzen da, lana lortuz gero, eta berriro eskuratzeko aukera ematen da lanpostua galtzerakoan, errenta berriz jasotzeko administrazio prozesua berriro hasi beharrik gabe, gaur egun gertatzen denez.
Bi urtez errenta bermatua jaso duen familia-unitate baten kasuan, administrazio publikoek gizarte-enplegu babestu bat edo lanerako edota prestakuntzarako beste aukera bat eskaini behar diote, eta onuradunetako batek onartu egin beharko du.
Gainera, lege berria indarrean sartzen den lehen hiru urteetan zehar enpleguarentzako zenbait estimulu eskaintzen dira, pizgarri ekonomikoen bitartez. Horrela, bada, errenta bermatua jasotzen duen pertsona batek 30 egun baino gutxiago irauten duen lanpostu bat eskuratzen badu, bere diru-sarrerak prestazio horrekin bateratu ahalko ditu, diru-zenbatekoan inolako eraginik jasan gabe.
Horrela, lehenengo urtean, hilabete baino gehiagorako lana aurkitzen duten onuradunen kasuan, ez dira beraien soldataren lehenengo 300 euroak kontuan izango jasotzen duten errenta bermatua birkalkulatzerakoan. Diru-zenbateko horretatik aurrera, diru-zenbateko jakin bat deskontatuko da prestaziotik, eskala baten arabera. Horrela, enpleguagatik eta errenta bermatuarengatik jaso ahal den gehieneko diru-zenbatekoa 970 euro izango da hilean, kide bakarreko familia-unitate baten kasua adibide hartuta.
Legea indarrean sartzen den bigarren urtean, enplegurako estimulu horiek ez dira bakarrik aplikatuko programaren barruan egonda lanagatik jasotzen diren diru-sarreretan, baizik eta errenta bermatua eskuratu aurretik edukitzen direnetan.
Azkenik, hirugarren urtean, enplegurako pizgarriak ebaluatu ondoren, zenbait zerga-onura ezarriko dira diru-sarrera urriak dituzten baina aurreikusitako errenta-muga gainditzeagatik errenta bermatua eskuratu ezin duten pertsonentzat. Neurri honen bitartez bilatzen dena da errenta jasotzen duen eta gainera lan egiten duen pertsona batek ez ditzala eduki diru-sarrera gehiago lan egiten duen baina prestaziorako eskubiderik ez duen pertsona batek baino.
Gizarteratze prozesu baterako eskubidea eskuratzeko baldintza bakarra gizarte bazterketako egoera batean egotea da, edozein gradutan, eta ez dago frogatu beharrik gutxieneko denbora batez Nafarroan bizi denik.
Foru lege proiektuak dakarrenez, araua onartzen denetik sei hilabeteko epean gizarte inklusiorako plan estrategiko berria egingo da, gai honetako politika publikoak sendotzeko moduan.
Planteamendu horren aurrean, eta “gizarte inklusiorako eta gizarte inklusioko errentarako eskubide bikoitza arautzeko aukera” konpartitu arren, UPNk “filosofia eta eredu” arrazoiak aipatu ditu proiektu hau itzultzeko eskatzeko orduan, “norbanakoak komunitatearekin dituen erantzukizun orokorrak urtzen dituena”.
Horregatik, UPNk egin duen osoko zuzenketan, testu alternatiboa daukana, proposatu du gizarteratzeko edo gizarteratzeko eta laneratzeko akordioa berreskuratzea eta berrikustea, tresna horrek “ongi funtziona dezan eta gizarteratzea mesedetu dezan”, uste baitute pobreziaren irtenbidea ez datorrela prestazioaren zenbatekoak handitzetik, baizik eta “enplegu duina eskuratzea erraztetik”.
Hartara, enplegagarritasunaren analisia eta gizarteratze edo gizarteratze eta laneratze ibilbide pertsonalizatua dauzkan diagnostiko bateratua egiten dela bermatzeko, gizarte zerbitzuak sendotzea planteatzen da, baita Nafarroako Enplegu Zerbitzuari lotutako langileekin ere, tokiko erakundeekin eta gizarte ekimeneko erakundeekin modu koordinatuan lan egiten duten erreferentziako lantaldeak sortzeko moduan, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza printzipioa sendotuz horrela.
Ibilbidean eta, bidezkoa bada, gizarteratzeko edo gizarteratzeko eta laneratzeko akordioan, aurkakorik adierazten ez bada gizarte zerbitzu orokorren zorroan bermatzen diren prestazioetako batzuk egon behar dira nahitaez; “era berean, aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, bermatu gabeko prestazioak sar daitezke”.
Beste alde batetik, UPNk uste du eskubidearen subjektua “familia-unitatea izan behar dela” eta “ezin zaiola utzi gizarte inklusioko errentaren zenbatekoen erreferentzia lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera izateari”. Zentzu horretan, defendatu du “ez dela okertu behar kide bakarreko familia-unitatea daukaten pertsonen bizi-egoera, eta gainerakoentzat mantendu behar dela (6 kide edo gehiago direnen kasua izan ezik), “egokiak direlako eta estatuko altuenen artean daudelako”. Halaber, uste du “ez dela handitu behar 1999. urtetik aurreikusten den gehieneko zenbatekoa, hau da, 1,5 errenta etxebizitza berean”.
Azkenik, lege proiektuaren aldaketa batzuekin bat dator UPN: errenta bermatua legezko egoitza-eskubiderik ez duten pertsona guztiei zabaltzea egoera jakin batzuetan (beren ardurapean adingabeak dituzten familiak, ezindutako kideak dituztenak, egoitza-galera); 18 urteko pertsonei errenta mantentzea, zenbait kasutan; estaldura 65 urtetik gorakoei zabaltzea; 5 kidetik gorako familia-unitateei diru gehiago ematea; enplegurako estimuluak ezartzea; eta prestazioaren gehieneko iraupena 36 hilabete izatearen muga kentzea.
Osoko zuzenketa ezetsi ondoren, gizarte inklusiorako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen foru lege proiektuak, 89 zuzenketa partzial jaso dituenak (54 UPNrenak, 17 PSNrenak eta 18 PPNrenak), Batzordearen irizpena jasoko du, osoko bilkuran aurkeztu baino lehen, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua argitaratu da (99. NPAO, 2016-09-06koa)
• Osoko zuzenketa