Publicada el Thursday, 1 de December de 2016

Sindikatu eta enpresa-erakundeentzako 528.500 euroko kreditu-gehigarria onetsi da

Agente sozial horien ohiko funtzionamendua ahalbidetu nahi da, beren ordezkagarritasunaren arabera dagozkien eginkizunak bete ditzaten

Parlamentuak gaurko osoko bilkuran onetsi duen foru lege baten bidez, sindikatuak eta enpresa-erakundeak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura handituz, 528.000 euroko kreditu-gehigarria ezarri da (352.334 euro sindikatuentzat eta 176.166 euro enpresa-erakundeentzat). Geroa Bai, EH Bildu, PSN, PPN eta I-Ek alde bozkatu dute,  UPN abstenitu egin da eta  Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu du.

Kreditu-gehigarriaren bidez sindikatuen eta enpresa-erakundeen ohiko funtzionamendua ahalbidetu nahi da, beren ordezkagarritasunaren arabera esleituta dituzten eginkizunak bete ditzaten. Honako kontu-sail hauen kargura ordainduko da: Agente sozialentzako eta enpresa-agenteentzako transferentzia, beren erakunde-partaidetzaren arabera (350.000 euro), Enplegu Plana. Prestakuntza-premiak aztertu eta planifikatzeko jardueretan parte hartzeagatiko konpentsazioa (121.000), eta Aplikazio informatikoak (57.500 euro).

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen du foru lege bidez arautuko direla Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Hori horrela, 2016ko Aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez denez, bidezkotzat jo da lege hori onestea, kasu honetan irakurraldi bakarra eginda.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (134. NPAO, 2016-11-14koa)