Parlamentuak ez du onartu Nafarroako Gobernuari ondarearen gaineko zerga kentzeko eskatzen zion mozioa
Azken erreforma fiskala lehiakortasunerako oztopo dela eta beste autonomia erkidego batzuen aldean desabantaila nabarmena eragiten duela alegatzen zen
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Nafarroako Gobernuari honako hau eskatzen zion mozioa: “Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legetik ondarearen gaineko zerga kendu dezan, enpresa edo lanbide jarduera bati atxikitako ondasunen eta eskubideen tributu arloko tratamenduari dagokionez”.
PPNko foru parlamentarien elkarteak bultzatutako mozioaren zioen azalpenean argudiatzen zenez, “ondarearen gaineko zerga mantentzen duten Europako herrialdeetan eta Espainian, oro har, zergak ez ditu kargatzen enpresa jarduerarako erabiltzen diren ondasunak, baina Nafarroako egoera aldatu egin da 2015eko abenduko azken erreforma fiskala onetsi zenetik”.
Proposatzailearen esanetan, Nafarroa da enpresa edo lanbide jarduera bati atxikitako ondasunak eta eskubideak eta enpresa jarduerak egiten dituzten entitateetako partaidetzen jabetza zergapetzen dituen erkidego bakarra, eta hori “oztopo bat da Nafarroako enpresen lehiakortasunerako, eta desabantaila bat, enpresak erakartzeko edota atxikitzeko baldintza fiskal mesedegarriagoak dituzten beste erkidego batzuen aldean”.
Ildo beretik, honako hau eransten zen: “Nafarroa da enpresa berrien ezarpen handiagoa izan ez duten Espainiako erkidego gutxietako bat, lurralde mugakideetan ezarpena nabarmen handitu den bitartean”.
www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (94. NPAO, 2016-07-01ekoa)