Publicada el Miércoles, 3 de Octubre de 2007

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin zien arreta-defizita daukaten Erriberako pertsonei eta haien familiei laguntzeko Nafarroako ANDAR elkarteko ordezkariei.

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, irailaren 27an harrera egin zien arreta-defizita (hiperaktibotasun eta inpultsibotasunarekin edo gabe) daukaten Erriberako pertsonei eta haien familiei laguntzeko Nafarroako ANDAR elkarteko ordezkariei.

ANDAReko ordezkariek Nafarroako Parlamentuko lehendakariari azaldu zioten zein diren elkarteak egiten dituen jarduerak eta abian dituen proiektuak, familiaren baitan arazo horrekin bizi diren pertsonei laguntzeko.

Torres andreak elkarteari eta bere jarduerei buruzko dossier bat jaso zuen ANDAReko kideengandik, eta parlamentu-taldeei helarazi die. Bileran proposatu zen, halaber, Parlamentuko Hezkuntza eta Osasun Batzordeetako kideekin lan-bilkura bat egitea.

ANDAR elkarteak Nafarroako Erriberako guraso batzuk hartzen ditu bere baitan, arreta-defizitaren nahastea daukaten pertsonekin bizi direnak. Nahaste horrek oinarri neurologikoa dauka eta eskola-adineko haurren ehuneko 3 eta 6 bitarteko kopuruak pairatzen du. Nahaste horren erakusgarriak dira arreta-prozesuan sorturiko zailtasunak, higidurazko aktibitatearen maila handia eta portaeraren gaineko autokontrolerako zailtasunak. Elkarteko kideen helburua da laguntza bilatzea, era horretan beren seme-alabek beharrezko duten ulermena, laguntza eta prestakuntza jaso dezaten.