Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko hitzarmen baten bidez sorturiko parlamentu-zuzenbideari buruzko ikasketetako V. sariketako sariak banatu dira
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, eta Nafarroako Unibertsitateko errektoreak, Parlamentu Zuzenbideari buruzko ikasketetako V. sariketari dagozkion sariak banatu dituzte gaur. Ikasketa horiek Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko hitzarmen baten bidez sortu ziren.
Ekitaldia Nafarroako Parlamentuko erakunde-aretoan egin da, 13.00etatik aurrera.
2007ko saioko sari gorena, 800 eurokoa, Concepción Granado Fernández de la Pradilla andrearentzat eta Ignacio Granado Fernández de la Pradilla jaunarentzat izan da, "Derecho Parlamentario y función consultiva: la incidencia de los Consejos consultivos en los Parlamentos Autonómicos" izenburuko beren lanarengatik. Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren eskuetatik jaso dute saria.
Akzesita, 300 eurokoa, Jessica Naranjo Rodríguez andreak eta Diego López Sisniega jaunak aurkeztutako lanarentzat izan da, "La moción de censura como mecanismo de control y responsabilidad política" izenburukoa. Saria Nafarroako Unibertsitateko Errektoreak eman die.
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak zoriondu egin ditu sarituak, eta goraipatu egin du unibertsitateko ikasleek Parlamentuaren funtzionamendua eta jarduera sakonki ezagutzeko aukera izateak daukan balioa. Bestalde, Nafarroako Unibertsitateko errektoreak azpimarratu du bi erakundeen arteko lankidetzak daukan garrantzia eta parlamentu-zuzenbideko ikasketek sortu zirenez geroztiko bost urteetan emandako fruituak.
Parlamentu-zuzenbideko ikasketak sortu ziren Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen artean izenpeturiko hitzarmen baten bitartez. Unibertsitate horretako Konstituzio Zuzenbideko Departamentuak kudeatuak dira, eta helburu gisa daukate unibertsitate-erkidegoaren zerbitzuan dagoen tresna bat izatea, sistema politikoari eta parlamentu-sistemari buruzko azterketan eta jakintzan sakontze aldera.
Sari horiez gain, parlamentu-zuzenbideari buruzko ikasketek urtero jardunaldi tekniko-juridikoak eta zientifikoak antolatzen dituzte, bertako nahiz atzerriko hizlari garrantzitsuen parte-hartzea izaten dutenak. Jardunaldi horiek helburu gisa dute zuzenbideko ikasleengan Parlamentuarekiko eta sistema politiko-konstituzionalarekiko interesa piztea.