Publicada el Viernes, 23 de Diciembre de 2011

Nabai, Bildu, I-E Eta Ppnk Gizarteratze-Errenta Arautzen Duen Foru Lege Proiektuari Aurkeztutako Osoko Zuzenketak Baztertuta

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nabaik (1 itzultzekoa eta bestea ordezko testuduna) Bilduk, PPNk eta I-Ek Gizarteratze-Errenta arautzen duen Foru Lege proiektuari aurkeztutako bost osoko zuzenketak baztertu ditu gaur.

Nabai, Bildu eta I-E taldeen osoko zuzenketak (itzultzekoak) eta Nabairen ordezko testudun osoko zuzenketa indargabetu dira UPN, SN eta PPNk haien kontra emandako botoekin, eta Nabai, Bildu eta I-Ek haien alde emandako botoekin.

PPN taldeak egindako osoko zuzenketa (itzultzekoa) baztertu da UPN, SN, Nabai eta Bilduk haren kontra emandako botoekin, eta I-Ek, proposatu duen taldeak, alde emandako botoekin.

Zioen adierazpenean aipatu moduan, Lege proiektuaren helburua da "gizarteratze-errenta prestazio zuzenagoa izatea, gizartearen behar eta eskari berrietara egokitzea eta segurtasun juridikoa areagotzea hura jaso eta tramitatzean, bai eta zehapen araubidea aplikatzean ere”.

Araua prestazio honen helburu nagusia krisi ekonomikoa eraginez “aldatu” izanean oinarritzen da. Honenbestez, eskatzaileen artean gizartean bazterturik dauden pertsonak topa daitezke, prestazio honen “hasierako hartzaileak”, bai eta lana galdu eta langabeziaren prestazioak eta sorospen guztiak ahitu zaizkien pertsonak ere. Azken horiek “ezin daitezke inolaz ere baztertu sozialtzat hartu”.

Honetarako, “bermatutako” prestazio honen hasierako ikuskera berrezartzeko, Lege proiektuak bi ibilbide ezartzen ditu. Bata, “gizartean bazterturik” dauden familia-unitateentzat, “oinarrizko premiak” asetzeko prestazio ekonomikoa jasoko dutenak, eta bestea, langabezian dauden eta laneko prestazio eta sorospenetarako eskubiderik ez duten pertsonentzat. Azken hauei “berriro ere laneratzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko” tresnak eman nahi zaizkie.

Zuzenketak aurkeztu dituzten lau taldeetatik hiruk, Nabai, Bildu eta I-Ek, proiektua itzultzeko eskatu dute, “bizirauteko oinarrizko eskubidetzat” hartzen den prestatzioa erasotzen duen Lege “murriztailea” dela uste dute-eta.

PPN taldea, zuzenketak aurkeztu dituen laugarren taldea, Oinarrizko Errentaren edukia “eguneratzearen” alde agertu da, eta zentzu honetan Gobernuaren hasierako planteamenduaren alde ere bai. Alabaina, Lege proiektua atzera botatzea eskatu du, “gizarte eskubideen gainbehera esanguratsua ezkutatzen duela” uste baitu.

Behin osoko zuzenketak baztertuta, Foru Lege proiektua Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Batzordera igorriko da, izapidetzen jarrai dadin.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 36 zk., 2011-12-02koa)