Publicada el Jueves, 9 de Febrero de 2012

Europar Batasunari Finantza-transakzioen gaineko Tasa bat abian jar dezan eskatzen dion ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko bilkurak gaur onetsi du, UPN, SN, Nabai, Bildu eta I-E Parlamentu-taldeen aldeko bozekin, eta PPN Parlamentu-taldearen abstentzioarekin, Ganberak “finantza-sektorea dela egungo krisi ekonomikoaren arduradun nagusia eta, hortaz, krisiaren ondorioen aurrean nolabaiteko erantzunen bat eman behar duela” adierazten duen ebazpena.

Onetsitako ebazpenean badago bigarren puntu bat eta, horretan, gainera, Parlamentuak “babesa ematen dio finantza-transakzioen gaineko tasa bat, akzio, bono, dibisa eta finantza-deribatuen trukeei aplikatua, sortu et a ordainarazteari. Bildutako dirua erabiliko da txirotasunari aurre egiteko, klima aldaketari aurre egiteko, zerbitzu publikoak eta enplegua babesteko eta munduko finantza-sistemaren egonkortasuna sustatzeko”.

Era berean, hirugarren atal batean, Parlamentuak Europar Batasunari eta hura osatzen duten Estatuetako gobernuei eskatzen die “Finantza-transakzioen gaineko tasa hori ezar dezaten Europan, NBEren babespean ondoren munduan ezartzeko lehen pauso gisa”.

Zioen azalpenean, SN Parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak argudiatzen du ekonomia ez-produktiboa “krisialdiaren oinarri-oinarrizko arduraduna izan dela” eta “behar bezala erregulatu eta zergapetuta egotetik urrun” dagoela. Hain da hori horrela, atzeraldiaren ostean ere, ekonomia finantzario horrek, “funtsean espekulatiboa denak, hazten jarraitzen duela”.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 20. zk., 2011-10-21ekoa)