Publicada el Jueves, 19 de Abril de 2012

Nafarroako Gobernuaren ordezkariek Ekonomia eta Finantza Kontseiluaren (ECOFIN) bilkuretan parte hartu ahal dezaten Espainiako Gobernua beharrezkoak diren legezko mekanismoak artikula ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak UPN, SN, Nabai, Bildu eta I-Ek alde emandako botoekin eta PPNk kontra emandakoarekin ebazpena onetsi du gaur, Espainiako Gobernua premiatzen duena “behar diren lege-mekanismoak eta arauak artikula ditzan, Nafarroako Gobernuko ordezkariak Espainiako Gobernuko ordezkariekin batera joan daitezen Ekonomia eta Finantza Kontseiluaren (ECOFINen) bilkuretara, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumena diren arlo fiskalekin lotutako gaiak aztertzen direnean”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat zuen, UPN, SN eta PPNk haren aurka emandako botoekin baztertu dena, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzeko “ekimena har dezan, Eusko Jaurlaritzarekin eta alor fiskalean eskumenak dituzten gainerako hiru lurraldeekin (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) negoziatzeko eta adostasunak lortzeko, eskumen fiskalen alorrean dituzten interes komunak Ecofinen esparruan defendatzeko jarduketa koordinatua hitzartze aldera eta, kasua bada, indar instituzionalak batzeko eta arlo horretan ere Nafarroako Gobernuarekin harremana izateko”. Nabai, Bildu eta I-Ek eskainitako babesa ez da nahikoa izan.

Zioen azalpenean, Nabai-k bultzatutako ebazpenak irizten du Europar Batasunak politika fiskalen gainbegiratzeko eta kontrolatzeko zeregina bere gain hartzeak “eragina duela” Nafarroa eta EAE bezala gai horretan “jatorrizko eskumenak” dituzten entitate politikoetan. Hori dela-eta, komenigarria litzateke “bateratuta eta koordinatuta” aritzea “ekimenak eta esperientziak” “eraginkortasunez” emateko.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 2. zk., 2012-01-03koa)