Publicada el Viernes, 15 de Junio de 2012

Espainiako Gobernua pertsona atzerritarren internamendurako zentroak itxi ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SN, Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandako botoekin, Espainiako Gobernua “pertsona atzerritarren internamendurako zentroak itxi ditzan eta atzerritarren Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzko eta Atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa alda dezan” premiatzen duen ebazpena onetsi du. Halaber, premiatzen du susta dezan halako migrazio politika bat non “gizarteratzean egiazki oinarrituta egonen den, eta ez populazio migratzailearen erabilpenean, pertsona guztien oinarrizko eskubideak ziurtatuko dituena, beren jatorria gorabehera”.

Onetsitako ebazpenak beste hiru puntu ditu, UPNk eta SNk izenpetutako eta proposatu duten taldeek onetsitako gehitze zuzenketa baten ondorioz batuak, Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek alegia. Guztien babesa izan du, PPNrena izan ezik.

Aipatu eranskinean, Espainiako Gobernua “giza eskubideak errespetatzen direla eta Pertsona Atzerritarren Internamendurako Zentroetan dauden pertsonak egoki tratatzen direla berma dezan” premiatzen da.

Halaber, Gobernu zentrala “egungo Atzerritarren internamendurako zentroek bizigarritasun baldintza ezin hobeak izan ditzaten, bertan itxitako pertsonek egonaldi duina izatea ahalbidetuko dutenak, berma dezan” premiatzen da.

Azkenik, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “ahalik eta epe laburrenean internamenduaren funtzionamenduari eta baldintzei buruzko Araudi bat egin dezan, zeinetan gai honetan lan egiten duten erakundeen parte-hartzea egiazkoa izan dadin eta ez soilik formala (Bizikidetasun eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordearen altzoan, Adierazpen Instituzional batean, dagoeneko igaro den martxoaren 1ean Parlamentuan onetsitako testua)”.

Zioen azalpenean, Nabai, Bildu eta I-E parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenaren arabera pertsona atzerritarren atxiloketa administratiboak “oinarrizko eskubideak urratzea” dakar berekin, “arazo psikologikoak sortzea eta okerragotzea” eragiten du, bai eta “espetxe-eredua hedatzea” ere; “askotan” “kontrol judizial eraginkorrari” ihes egiten diona. Ondorioz, “segurtasun juridiko eza larria” eta “defentsa-gabezia handia” eragiten zaie itxitako pertsona migratzaileei, izaera askotako “nazioarteko erakundeek zein gobernuz kanpoko erakundeek” haien txostenetan adierazten dutenez.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 32. zk., 2012-03-30ekoa)