Publicada el Viernes, 19 de Octubre de 2012

Parlamentu-taldeen bozeramaileen txanda

Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak egin duen bi ordu eta erdiko agerraldia bukatutakoan, ordu erdiko etenaldia egon da. Ondoren, parlamentu-taldeen bozeramaileen txanda hasi da, ordezkaritza handienetik txikienerako ordenan; UPN salbu, saioa ixtearen arduraduna izan baita. Alderdi bakoitzak 30 minutu izan ditu.
 

Beranduago, arratsaldean, Barcinak bozeramaile guztiei batera erantzungo die, denbora mugarik gabe, eta gero haiek hamar minutu izango dituzte ihardesteko, lehendakariak eztabaida itxi baino lehen, hori ere denbora mugarik gabe.
 

Jarraian ordu beteko epea emango da parlamentu-talde bakoitzak ebazpen proposamenak aurkeztu ahal izan ditzan; talde bakoitzak bost gehienez ere. Proposamen guztiak bihar eztabaidatu eta bozkatuko dira.
 

PSN Barcinaren “porrotaz” mintzatu da

 

Roberto Jimenezek (SN), krisiaren aurrean “Foru Komunitateko gobernuak duen aktibitate eza dela-eta oso kezkatuta” dagoela esan du, eta Jimenezen arabera Yolanda Barcina lehendakaria “kudeatzaile gisa porrot egiten ari da ez baita enpleguari ez ekonomiari irtenbiderik ematen ari”.


Jimenezek Komunitateko egoeraren inguruko eztabaidan Barcinari erantzuteko esan duenez, Nafarroako gobernua “ez da enpleguaren aldeko neurrik hartzen ari, eta are gutxiago defenda ditzakeen emaitza onik edukitzen”. “Barcina anderea, zeuk esango diezu herritarrei egiaz zer egiten ari zaren Nafarroako ekonomia hobetu dadin” gaineratu du.


PSNren buruaren iritziz, gobernua “etengabeko gelditasunean bizi da, batzuetan gobernua existitzen ez deneko sentsazioa dut, geldirik dago, ideiarik gabe, proposamenik gabe”.


Roberto Jimenezek baieztatu duenez “hau kezkatzeko modukoa den gutxiengoan dagoen gobernua da, bere proiektuak Parlamentuan aurrera ateratzeko beharrezko muskulurik ere ez baitu”. “Ba al dakizu zer nolako kaltea egiten dien nafarrei ideiarik eta indarrik ez duen gobernu ezegonkor bat izateak?", esan du.


Bozeramaile sozialistak defendatu duenez “arduratsua da Nafarroaren onerako diren adostasunetara iristeko lan egitea, ez da arduratsua herritarrek behar dutenaren kontrakoak diren politikak adostea UPNren gobernuarekin: langabezia areagotzen dutenak, itxaron zerrendak luzatzen dituztenak, ahulei ahalegin handiagoa eskatzen dizkietenak eta ez egiteko aukera gehien dituztenei”. “Hori arduragabea da”, esan du.
 

Bozeramaile sozialistak, bere agerraldian, parlamentuko talde guztiei “hazkunderako eta enplegua sorrarazteko politikak adosteko” “hitzarmen zabal” bat abiaraztea proposatu die.
Roberto Jimenezek alderdiek haien artean “dituzten ezberdintasunak onartuz”, “batzen gaituena eta, beste edozeren gainetik, herritarren beharrak baloratzea” proposatu du.
 

Esan duenez, hitzarmen horrek balio beharko luke “enpresei finantzazioa jasotzeko aukera izatea erraztuko dien plan bat; gure enpresak dibertsifikatuko zein indarberrituko dituen eta lehiakorragoak egingo dituen plan industrial bat; eragile ekonomiko eta sozialekin batera gazteentzako enplegu plan bat, eta ongizatearen estatuaren iraungarritasuna defendatzeko hitzarmen zabal bat onesteko”.
 

Zergei dagokienez, Roberto Jimenezek “zerga gehiago eta hobe biltzeko balioko duen zerga sistema progresiboago baten” alde egiten duela argi utzi du eta horretarako Errentaren gaineko zerga erreformatzea proposatzen duela azaldu du; era horretan, “gehien duenak gehiago ordaintzeko, azkenean erdi mailako klaseak direlako sistema sostengatzen dutenak eta beti ahalegin handiagoak egin behar dituztenak”.
 

Gainera, Ondarearen gaineko zerga erreformatzearen alde egin du. Hori ere helburu berdinarekin, “aberatsenek gehiago ordaintzea”, alegia. “Honek agerian uzten du egiten ari denarentzako beste aukera batzuk badaudela; egiaz gauzak beste modu batean egitea badagoela”, berretsi du.
 

Horrez gain, Jimenezek adierazi duenez “asteak daramatzagu jada, batzuen lelo soberanista eta besteen lelo zentralista gora eta behera” eta iritzi du PPk “edozein argudio” erabiltzen duela “zentralizatzeko grina duela agertzeko, eta utziko bagenio, azkenean autonomiak mapa geografikoetako nomenklatura soil gisa utziko zituen”.
 

Testuinguru horretan, PSNren bozeramaileak Nafarroaren autogobernua “zalantzan jartzea” zein arriskutsua den ohartarazi du eta “horretan UPNren gobernua haren defentsan irmoa izan beharko da, pixka bat lotsatia dirudi-eta”, azpimarratu du. “Kontuz PPren segidismoarekin, guretzat guztiari baietz esatea eta ahalik eta gutxien eragoztea ez da nahikoa”, baieztatu du.

Nabai-k proposamen eta autokritiken falta sumatzen du

Patxi Zabaletak (Nabai) Foru Komunitateko Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak Foru Komunitateko Egoera azaltzeko eman duen hitzaldiari “gutxiegia” eman dio proposamen eta autokritika ezagatik eta bere gain erantzukizunik ez hartzeagatik.

Hori adierazi du Zabaletak Nabai-k Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak Foru Komunitateko Egoerari buruzko eztabaida hasteko egin duen agerraldiari ihardesteko izan duen lehenengo txandan. Zabaletaren hitzetan diskurtsoa “datuz betea” egon da, “batzuk ez oso zehatzak”, eta “bertan ez da hemen gaudenoi ez egunero kalean haien kezka eta ezinegona erakusten digutenei adore ematen digun proposamenik egin”.

"Batere eraikitzailea", laburbildu du etsituta Zabaletak. Bere iritziz errealitatea ezagutzeko “gizartea entzun behar da”, Zabaletaren ustez horrek ez du inongo antzik Barcinak Ganberan esandakoarekin, eta sindikatuek, gurasoek, ikasleek, langabeek zer dioten ikusi.

"Nafarroan udazken honetan oso egoera larria eta kezkagarria bizitzen ari gara eta alor askotan argi gorriak piztu dira”, non “gutxiengoan geratu den gobernu batek ezin dien horietako arazo gehienei erantzun egokirik eman”.

Lehendakariak emandako datu batzuk aztertu ditu eta Foru Komunitateko zorra 2014. urteko amaierarako 3.904 milioi euroraino iristeko zergatia galdetzeko gelditu da. Adierazi duenez kopuru hori ez da “kasualitate baten, zoritxarraren, ondorio”, “nahitaezkoak ez ziren eta ez diren gastu ez beharrezko askoren emaitza” baizik.

"Ezin da egoera nazioarteko testuinguruari egotzi, eta erantzukizunik ez hartu. Eta hori da zure hitzaldiaren hasieran egiten saiatu zarena; hau da, Nafarroako Gobernu honek eta aurrekoek oraingo egoeraren erantzukizunik ez balute bezala hitz egin duzu”, esan du.

Gainera, Barcinak Nafarroak bilakaera hobea izango dueneko egin duen aurreikuspena zalantzan jarri du eta aipatu du ez dela “serioa den ezertan” oinarritzen, ez eta Nafarroako administrazioa argaltzeko duen gogoa ere; izan ere, lan postuak ez badira beharrezkoak, “zergatik zeuden hor?”, galdetu du.

Horrez gain, Nafarroako Kanala eraikitzeko lanak jarraitzeko “moratoria” bat eskatu du eta lehenago nekazariekin eta abeltzainekin hitz egitera premiatu du; hau da, erabiltzaile diren aldetik “inplikatuta dauden pertsonekin”, eta ez “eraikuntza-enpresekin”. Izan ere, obra honek, Gendulaineko edo Salesianoseko etxebizitza proiektuekin batera, “abentura finantziero hondatzaile” batzuetan du jatorria.

Bestalde, Nafarroa “ekonomia berriaren, ingurumenerako nitxo berrien, lanaren banaketaren eta auzolanaren eta borondatezko lanaren ekimenak areagotzearen inguruko proposamenak kontuan hartzen hasi” beharko litzatekeela adierazi du.

Zabaletak denbora asko eskaini dio ETAren amaieraren ondorengo egoera aztertzeari eta, euskaraz, deitoratu du lehendakaria talde horri buruz mintzatu dela, baina “ez bakeaz. Terrorismoari eta haren biktimei buruz hitz egin du, baina ez hemen, Nafarroan, dauden beste hainbat biktima eta kalteturi buruz”.

"Memoria, egiazkoa izan dadin, osoa izan behar da, salbuespenik gabekoa”, azaldu dio lehendakariari. Horrez gain, “biktimei egin dakiekeen mespretxurik handiena norberaren onurarako politikoki erabiltzea” dela ohartarazi dio.

"Berdinez osatutako gizarte batean, garaile eta garaiturik gabeko gizarte batean, armak eta mehatxuak desagertuko dira, baina hori ez da gertatuko Madrileko eta Nafarroako gobernuen ekintzei esker, ez dira ezer egiten ari eta”, azpimarratu du.

"Bakearen ordez, bazterkeriaz hitz egin du”, deitoratu du Barcinaren aurrean, zeinaren hitzetan “bakea egiten ari da. Hori da nafarrei adierazi nahi dieguna”.

Bildu-k hauteskundeak eskatu ditu

Bakartxo Ruizek (Bildu) baieztatu duenez “UPNren politika Nafarroako gizartearentzat kaltegarria da” eta gobernuari “adoretsua izatea eta hauteskundeak deitzea” eskatu dio, “bakarrik” dagoelako eta “gaitasunik ez” duelako.


Bakartxo Ruizek “aldaketa soziala dagoeneko abian” dagoela eta “aldaketa politikoa iristear” dagoela defendatu du. “UPNren zikloa amaitzen ari da. Eta horregatik daude hain urduri. Onartu behingoz zuen porrota, onartu zikloa amaitzen ari dela eta emaiozue hitza gizarteari”, esan du, Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinari Foru Komunitateko Egoerari buruzko Eztabaidan erantzuteko.
 

Ruizek defendatu du “gizartea beste politika mota bat eskatzen” ari dela, “beste politika mota bat egitea posible delako, pertsonak ardatz izango dituen politika bat”. “Gizarteak erabaki dezala ze gehiengo nahi duen eta ze politikak nahi dituen”, adierazi du.
 

Bildu-ren bozeramaileak “Barcinaren politika ekonomikoak alderdi guztietan porrot” egin duela adierazi du, eta “Nafarroan 50.000 langabe egotea onartezina” dela adierazi du.


Gainera, Bakartxo Ruizen arabera, Gobernuko lehendakaria “bere gaitasunik ez duela ezkutatzeko egoera ekonomikoan babesten da, administrazio publikoari eta haren langileei eraso eginez”. “Ez iezaguzu sinestarazi murrizketarik handienak goi-karguei egiten zaizkiela, langileei egin zaizkiela ikusi dugu-eta”, azpimarratu du.
 

Halaber, Bildu-ren bozeramaileak ziurtatu du Nafarroako Gobernuak “Nafarroaren eskuduntzak alde batera utzi” dituela “PPren politikei atxikitzeko” eta “autogobernua nafarren onerako erabiltzeko” ez dela gai izan. “Ez da egia bere lehentasuna Nafarroa denik, Nafarroa defendatzen duela dioenean, benetan defendatzen ari dena Espainia da”, adierazi du.


Barcinari bere hitzaldiarekin “autobonbo ekintza bat” egitea egotzi dio eta lehendakariak “hitz jasoak” erabili dituela esan du, baina funtsean ez duela ezer esan. “Lehendakari baino, saltzaile komertzial izan zara, ez dakit Espainia, Nafarroa, Nafarroako Erresuma edo Nafarroako Gobernua marka saldu nahi diguzun”, esan du.
 

Bakartxo Ruizek baieztatu duenez “nafar gehienen bizi kalitatea nabarmen kaltetu da eta horren aurrean Barcinak diosku ez berak ez gobernuak ez dutela inongo erantzukizunik”. “Zuek zarete Nafarroa hondamendira eraman duzuenak. Nork erabaki du Los Arcoseko zirkuitua eraikitzea, Arena pabilioia eraikitzea, AHTaren lanekin jarraitzea, herritarren tresna gisa Nafarroako Kutxa desagerraraztea?, galdetu du.

Bildu-ko parlamentariak ETA talde terroristari buruz ere hitz egin du. Esan duenez, “ez da zilegi Barcinak bake eta normalizazio politikoko egoera bat bilatzen dugunak mespretxatzea”. Gainera, “proiektu totalitarioa ez da Bildu-rena, zuena da, zuek zarete gizarteari galdetu gabe inguru bat inposatzen duzuenak” esan dio lehendakariari.
 

Halaber, kritikatu du gobernuak ez duela “gatazka gainditzeko pausu bakar bat ere eman, eta horrela jarraitzekotan, antza are irmoago, ETAk ekintza armatua bukatutzat ematen zueneko adierazpenaren aurrean guztiz itxita. “Gerrako diskurtsoa erabiltzen dute, penagarria da bake egoera baten aurrean hain deseroso egotea. Urte hauetako diskurtsoari atxikitzen zaizkio, ez dutelako besterik”, baieztatu du. Azkenik, “garaile eta garaituen diskurtsoa bukatu” behar dela esan du.

PPNk konstituzionalisten arteko akordio bat eskatu du

Enrique Martin de Marcosek (PPN) alderdi konstituzionalistak “Foru Komunitateko gizartea, ekonomia eta aurrekontuak leheneratzeko oinarriak ezartzeko beharrezkoak diren akordioak lortzera” premiatu ditu.
Foru Komunitateko Egoerari buruzko Eztabaidan, Martin de Marcosek azpimarratu duenez “Nafarroak ezin du aurrera egiteari utzi politikaren arloan desadostasuna egoteagatik, ez dago beste irtenbiderik, Nafarroa komunitate autonomo gailendua izatearen alde apustua egiten dugunon arteko adostasuna ezinbestekoa da".

 

 

 Bozeramaile ‘popularraren’ hitzetan “Nafarroaren egonkortasuna defendatzea are premiazkoagoa da koalizioaren gobernua hautsi zenetik” eta egoera honetan parlamentu-taldeei “erantzukizuna” eskatu die.
 

Alabaina, “adostasuna” bilatzeko alderdi konstituzionalistei zuzendu zaie zehazki. “Beste aukera gure autogobernuan sinesten ez duten alderdiak gobernuan sartzea da. Egoera hori bereziki PSNk baloratu beharko du”, azpimarratu du Martin de Marcosek.

 

PPNren bozeramaileak bere ustez UPNk gutxiengoan duen gobernuak duen “ahultasuna” azpimarratu du. Martin de Marcosen aburuz gobernuak “ez du beste alderdi batzuekin gehiengoan egoteak emango liokeen babes egonkorrik eta Ganbera honetako oposizio ezkertiar eta abertzalearen esanetara makurtzeko arriskua handia du”. Ondoren, oposizio horrek “politika oportunismorantz” jotzen dutela gaineratu du.

 

  

 Martin de Marcosek esan duenez “kontu publikoen egoerak izugarri” kezkatzen du. “Nafarroaren zorraren datua oso kezkagarria da, 2014rako 3.906 milioi euro, eta Comptosen arabera seihilabeteko honetan jadanik urte osorako aurreikusitako zorra egin da”.

 

Ildo honetan, parlamentari ‘popularrak’ PPk “austeritate neurriak” hartzeari behin eta berriz ekitea defendatu du. “Nafarroako Gobernuak defizit helburua betetzeko hartu duen konpromisoa baloratzen dugu. Nafarroak ezin du zergetatik jasotzen duena baino gehiago gastatzen jarraitu”, adierazi du.

 

Alabaina, azken urteetan “gastu publikoa ez zaintzea eta inbertsio erraldoiak egitea” kritikatu du.


Bestalde, Martin de Marcosek “Nafarroa krisitik ateratzen lagunduko duen egiazko gobernu planik gabe” jarraitzen dugula salatu du eta “urte askotarako” plangintza bat eskatu du, gastu publikoa murrizteko eta ekoizpen jarduera eta lan merkatua sustatzeko neurri egituratzaileak izango dituena.


Horrez gain, PPNren bozeramaileak ohartarazi duenez “gobernuaren ahultasuna kontzertazio sozialera eta enplegu politiketara hedatu da” eta bere hitzetan “orain arte enplegua sortzeari dagokionez eman diren aurrerapausoak urriak dira”. Aldi berean, adierazi du ezin dela “kontzertazio sozialaren aktiboa galdu”.
 

Bestalde, Martin de Marcosek Donapeako proiektuari arreta berezia eskaini dio eta aipatu duenez “proiektu honi esker irakaskuntza publikoa hobetzeaz gain, hiru ikastetxe eraiki eta 400 lanpostu sortuko dira eta jadanik urte bete baino gehiago atzeratu da”.
 

Bozeramaile ‘popularrak’ Nafarroak ez duela Donapea gehiago atzeratu behar esan dio Barcinari eta proiektu honen aurkarien argudioa “Nafarroako Unibertsitateari dioten gorroto ideologikoa” dela kritikatu du. Horregatik, “Nafarroak aurrera egitea bilatzen ez dutenen zentzurik gabeko arrazoien aurrean adoretsua” izan dadin eskatu dio lehendakariari.
 

I-Ek zentsura mozioa eskatu du

 

Jose Miguel Nuin (I-E) gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinaren kontra zentsura mozioa aurkezteko prest agertu da, eta oposizioko gainerako taldeei aukera hori baloratzera dei egin die. “Gure erantzukizuna da”, esan du.


Foru Komunitateak krisi garai honetan aurkezten dituen datuen aurrean, “50.000 langabe baino gehiagorekin”, Nuin UPNk gobernua uztearen alde agertu da. “Guregatik ez dira hemen geratuko, oposizioko gainerako taldeei haiek ere planteatu dezaten dei egiten diegu”, errepikatu du.
 

Nuinek Barcinari “Nafarroako gizarteari etsitzeko eskatu” besterik ez duela egin aurpegiratu dio eta bere hitzetan “ez du inongo proposamenik ez konponbiderik ez langabeziaren kontra borrokatzeko, ez krisiaren kontra borrokatzeko, ez eta ekonomia pizteko ere. Gobernuak ez du konponbiderik eta etsipena eskatzen du”, berretsi du.


Nuinen arabera, UPNren gobernuak “ez du politikarik, ez du proposamenik, ez du indarrik gizartea, demokrazia, defendatzeko. Nafarroan; hilero txirotasuna, desberdintasuna, handiagoa da” eta, bitartean, lehendakariak “EBZk, NDFk, etab.-ek inposatzen dituzten murrizketa sozialei, eskubideen murrizketei, men egiten die eta gauzatzen ditu”.
 

Bestalde, Nuinek kritikatu du Nafarroako gobernuan pentsamendu ekonomiko neoliberalaren defendatzaile gorenak ere badaudela, dugun krisiaren sortzaileak direla, eta hortik datorrela politika horiek, murrizketa horiek, aplikatzeko duten gogo bizia.


"Orain 2013rako aurrekontuetan murrizketa gehiago egonen direla esaten dute”, kritikatu du Nuinek. Gainera, Barcinari honakoa eskatu dio: “ez zaitez harrotu autogobernuari buruz hitz egiten langabe zifra hauekin, txirotasunarekin eta desberdintasunarekin lotutako gai hauekin”.
 

Nuinentzat, gobernu hau “ez da gidari izateko gai, ez du indarrik, gobernu ahula da, gutxiengoan dagoena, Nafarroako Jauregiari itsasoan galdu denak ohol bati eusten dion moduan atxikitzen zaiona. Barcinak ez ditu hauteskundeak deitzen galduko lituzkeelako”.
 

Nuinen arabera, gobernuko buruak “ gaur UPNko lehendakariaren janzkia jarri du, eta ez Nafarroako Gobernuarena”. Bukatzeko, gizartearen mobilizatzeak duen garrantzia azpimarratu du.


ETAri dagokionez, Nuinek “biktima guztiak aitortu behar” direla esan du eta “salbuespen politikak baztertzearen” alde egin du; “presoen sakabanaketa, esaterako”. Bere ustez, Barcinak “gaur ez du egoerak eskatzen duen moduan jardun. Guk indarkeria prezio politikorik gabe amaitzearen alde egiten dugu, baina garai berrian kokatuz”.

Nuinek orain, “ETAren indarkeriaren garaia atzean geratu denean, nafarzaletasunaren eta abertzaletasunaren arteko liskarrak hor jarraitzea” deitoratu du. “Askotariko Nafarroa” baten alde egin du. Esan duenez, “alde bati ezin zaio bestea inposatu. Nafarroa denena da. Horregatik, ez Nafarroan, ez estatuko beste edozein lekutan ere, ez dugu frentismo nazionalik behar, ez eta krisi ekonomikoari erantzuteko ere. I-E ez da frentismo nazionaleko estrategia batekin ere nahastuko”.

Azkenik, I-Eren bozeramaileak baieztatu duenez, bere alderdia “estatuko nazioek erabakitzeko eskubidearen” aldekoa da, baina “gezurra da independentziak krisiarekin bukatuko duenik; politika neoliberalak mantentzen badira, krisia berriz emango delako” ohartarazi du.

Upn, “Nafarroaren etorkizun onaz” konbentzituta

 

Carlos Garcia Adanerok (UPN) alderdi erregionalistak gobernuko lehendakariari “babesa” ematen diola erakutsi du, “Nafarroako alderdirik handienaren babesa, Nafarroan erabakiak hartzen dituenarena eta Foru Komunitatearen aurrerapausoen erantzulea denaren, harrotasun osoz esaten dugu. Beste batzuengatik balitz, jarduketa guztien kontra agertu direnengatik, iraganean ainguratuta jarraituko genuke”, gaineratu du.

Garcia Adanero “Nafarroak Espainia barruan gailendutako erkidego gisa duen etorkizun onaz” “konbentzituta” agertu da eta “herritarrek Nafarroa beste erkidegoetatik gailendutako erkidego gisa defendatzen duten alderdiak babesten jarraituko” dutela adierazi du.

Bozeramaile erregionalistak adierazi du egoera honetan, Nafarroak “EBarekin, defizitaren helburuarekin konpromisoak bete behar dituela” eta hori “diru-sarrera gutxiago jasotzeari lotuta. Momentu zaila da eta gobernuaren helburu nagusia enplegua sortzea izan behar da”, azaldu du.

"Gaur neurriak proposatu dira”, esan du, eta besteak beste, honakoak aipatu ditu: zerga-sistema aldatzea, ekintzailetza plana, hamahiru teknologia zentroak berrantolatzea lehiakorragoak izan daitezen, Nafarroa Ecofin-en egotea, etab.

"Ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko neurriak hartu behar dira, eta gaur neurriak eskaini dira”, errepikatu du. Jarraian, “alde edo kontra egon daiteke. Ekonomia dinamizatzeko balio dezaketen gauzak esan dira, adostasunera iritsi nahi izanez gero, noski” gaineratu du.

Gainera, Garcia Adanerok esan duenez “gaur autonomia erkidego guztiak gastuak murrizten ari dira. Espainian ez dago gastuak murrizten ari ez den administraziorik, edozein koloretakoa izanda ere”.

Oposizioaren kritikei dagokienean, gobernuari zementuan zentratzea leporatzen dionak, UPNren bozeramaileak galdetu du ea “autobien, ospitaleen, ikastetxeen …, kontra” dauden, “hori baita zementua”. “Egiten ari zenaren gehienak” taldeen “oniritzia” zuela adierazi du. “Nafarroak duen zorra, duena da, eta batzuei kasu egin izan bagenie, askoz handiagoa izango zatekeen”, iritzi du.

Garcia Adanerok alderdiei “berriz ere, proiektua bete duguneko leloarekin” egotea leporatu die. Bitxia. Izan ere, EA, Batzarre, EAJ, Euskal Herritarrok, Herri Batasuna, Aralar, Bildu, NaBai… ikusi ditugu; eta Bildu, NaBai eta beste batzuk nola desagertzen diren ikusiko dugu. Beraz, gu urduri, batere ez”.

Horri dagokionez eta I-Eri erantzunez, baieztatu du Nafarroan “edo UPNk gobernatzen du edo abertzaleek gobernatu beharko dute, eta hala da. Ezkerrak (PSN eta I-E) hemen 12 dituzte eta 26 lortzeko laguntza gehiago behar dute. Beraz, edo abertzaleen botoa jasotzen dute edo ez da batura ateratzen. Parlamentuko aritmetika den bezalakoa da”, berretsi du.

Gainera, iritzi du hauteskundeen ondoren emaitza “antzekoa” litzatekeela. “Edo UPN edo abertzaleekin egindako gobernua”, baieztatu du. Jarraian, NaBai-ren eta Bildu-ren abertzaleei honakoa adierazi die: “Zuen argazkia gaur duzuena baino okerragoa izango da. Ez dut uste hauteskunde-prozesura joatea gehiegi komeni zaizuenik”.


ETA talde terroristari dagokionean, Carlos Garcia Adanerok “atzo ETAk Iruñeko langile bat hil zuela 25 urte egin” zituela oroitarazi du eta gaineratu du “ETA ahaztea gustatuko litzaiguke, baina oraindik ere terroristei omenaldiak egiten direla da arazoa”.
 

UPNri “totalitario” ez deitzeko eskatu dio Bildu-ri; “alderdi demokratiko bat gara; totalitarioa Iruñean gehiengoa zuen alderdiaren bozeramaileari burua lehertu ziona da”, argudiatu du.
 

Azkenik, bozeramaile erregionalistak UPNk terrorismoaren biktimei babesa ematen diela agertu du. UPNk “ulertzen” dituela eta haren “elkartasuna” dutela esan du, bai eta “demokraziak biktimekin betiko zorra” duela ere.