Publicada el Jueves, 22 de Noviembre de 2012

Osoko Bilkurak Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabekoek zenbait zerga eta tributu neurri aldatzeko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak bazter utzi ditu gaur

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek zenbait zerga eta tributu neurri aldatzeko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak bazter utzi ditu gaur.

Foru Lege proiektua itzuli ez denez, zuzenketa partzialak aurkezteko epea 28ra arte irekita dago. Ekonomia eta Ogasun Batzordean zuzenketok eztabaidatuko dira eta irizpena idatziko da Osoko Bilkurari helarazteko, bertan behin betiko eztabaidatua eta bozkatua izan dadin.

Bildu-k proposatu duen osoko zuzenketa hainbat zerga eta tributu neurri aldatzeko Foru Lege proiektua “zuzendu ezin” deneko uste osoan oinarritzen da; izan ere, Bildu-ren ustez, Nafarroa “bizitzen ari den zorduntze eta kolapso egoerara” eraman duten zerga-politikak ditu oinarri. Gainera, parlamentu-taldeak “beste zerga-politika bat egiteko” momentua dela dio, “elkartasunetik habiatuta, gizarte eskubideak baliatzea eta kalitateko zerbitzu publikoak finantzatzea bermatuko dituena”.

Nabai-ren arabera ordea, Foru Lege proiektuan gehitutako zuzenketa “ilun eta nahasiek” “ez dituzte zerga-sistemaren arazoak zuzenean erasotzen” eta, beraz, “zuzentasun eta birbanatzaile gaitasun terminoetan Nafarroa bizitzen ari den egoera ekonomiko eta sozial larriari ez diote erantzunik ematen”.

Izquierda-Ezkerrak, “asmo handiko” zerga-erreforma “sakona” eskatu du, Nafarroako Gobernuak babestutako “diru-sarreretarako eta defizita kontrolatzeko politikarekin” zerikusirik ez duena. Horregatik, inbertsio publikorako gastuan “murrizketa zorrotzaren” alde egiten duen proiektua arbuiatzen du. Halaber, batez ere “langileek eta kontsumitzaileek” ordaindu behar duten zerga diseinu baten kontra dago; iruzur fiskal “handia” dagoen bitartean, ez baititu ia “enpresa etekinak, kapitalaren errentak eta ondasun handiak” ukitzen.

Atxiki gabeko parlamentariek, Manu Ayerdik eta Patxi Leuzak, “PFEZaren eta ondasunaren alorrean erabateko desadostasuna” dagoela diote eta horretan oinarritzen dute Gobernuaren zerga-proposamenaren aurka egotea, haien ustez “onartezina”.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena ( NPAO, 88. zk., 2012-11-02koa)