Publicada el Jueves, 24 de Enero de 2013

Eremu mistoa haien osoko bilkurek gehiengo osoz eskatzen duten herrietara hedatzeko Euskarari buruzko Legearen 5b artikulua aldatzen duen lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 5 B artikulua aldatzen duen legea aintzat hartzea bazter utzi du gaur.


Nabai-k bultzatutako lege proposamenaren xedea eremu mistoa haien osoko bilkurek gehiengo osoz eskatzen duten herrietara “automatikoki” hedatzea zen.
 

Besteak beste, Beriain (12-11-06, gehiengo osoz), Artzibar (12-12-15, aho batez), Mañeru (12-12-26, aho batez) eta Zirauki (12-12-20, aho batez) udalerriak daude horien artean, haien osoko bilkurek Nafarroako Gobernuari udalerria eremu mistoan sartzea eskatu baitute.
 

Euskarari buruzko Legean orain dela 27 urte indarrean dagoenetik egindako aldaketa bakarra 2010eko otsailaren 18koa da, hain zuzen, Parlamentuko Osoko Bilkurak eremu mistoa Aranguren, Belaskoain, Galar eta Noain- Elortzibar udalerrietara hedatzea ahalbidetzea onetsi zuenekoa, betiere korporazio horietako bakoitzaren “osoko bilkurek aldez aurretik eta gehiengo osoz” horrela adosten bazuten.
Aldaketa horren ondorioz Aranguren, Belaskoain eta Galar eremu mistoan sartu ziren.
 

Honakoa dio Nabai-k proposatu duen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 5. artikuluko b) letra aldatzen duen foru lege proposamenaren artikulu bakarrak:
 

“Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua: Abartzuza, Agoitz, Antsoain, Aranguren, Artzibar, Atarrabia, Atetz, Barañain, Belaskoain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Bidankoze, Bidaurreta, Burgi, Burlata, Deierri, Eguesibar, Erronkari, Espartza, Zaraitzu, Etxarri, Etxauri, Ezkabarte, Ezkaroze, Galar, Garde, Gares, Gesalatz, Goñerri, Gorza, Iruña, Itza, Itzaltzu, Izaba, Jaitz, Jaurrieta, Lezaun, Lizarra, Lizoain-Arriasgoiti, Mañeru, Odieta, Olaibar, Ollaran, Oltza Zendea, Orkoien, Orontze, Orotz-Betelu, Otsagabia, Sartze, Txulapain, Uharte, Urzainki, Uztarroze, Zabaltza, Ziritza, Zirauki eta Zizur Nagusia.

Eremu misto hori automatikoki hedatu ahalko da beste herri batzuetara, baldin eta herri horietako Osoko Bilkurak gehiengo osoz hartzen badu erabakia. Erabakiak eragingarritasun osoa izan dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da”.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 101. zk., 2012-11-26koa)